Gazteleraz ikasi nuen feminismoaz. Feminista gazteleraz egin nintzen, alegia. Ikasi nituen kontzeptu eta hitzak, adierazpideak, leloak, borrokak… urtetan sentitutakoa adierazteko gai zirenak bat-batean, oihukatzen nituenak behingoz ozen, baina gaztelaniaz.

Hau bera agian, espainiar estatuan barrena saretutako aliantzekin lanean aritzeagatik gertatu zitzaidala esan nezake. Jarduten nuen borroka esparruak uneoro bere burua asmatzen ziardutenak zirelako, hala nola, Queer Teoriak harrapatuta, lesbianismo erradikalak maiteminduta, Transfeminismo deitu genion hura asmatzen; eta besteak beste, irakurtzen nuena erdaraz bakarrik topatzen nuelako (gaur egun noski, izugarri aberastu dena euskaraz).

Komunikatuak gaztelaniaz idatzi nituen, kaleak espainolez pintatu, iritziak ere hala garatu, diskurtsoa eratu, propioa eta kolektiboa, Euskal Herrian izanda ere, gaztelaniaz. Eta ondoren komeriak, itzulpenekin, terminologia erdarakeriez josiekin, esan nahi nuen hura euskaraz adieraztearekin.

Baina ezin inola uka, hau guztia, kasualitate eta testuinguru hutsetatik urrun dagoen gauza eta afera zaharra dela; euskararena hain zuzen. Eta hara non, hizkuntza gutxituen kontu horrek genero zapalkuntzekin harreman zuzena zuela ere ohartu nintzen.

Beraz erabaki bat hartu behar izan nuen (eta genuen batzuok), ez hain zuzen euskaraz aritzeko erabakia, edo lehentasuna ematekoarena soilik, baizik eta euskaraz pentsatzekoa, sortzekoa eta egitekoa.

Ondoren etorri ziren iritzi artikuluak, eta hor ere, nire borroka-kide askok ulertuko ez nindutela jakin eta onartu arren, euskaraz soilik idazteko hautua hartu nuen. Sarri esaten didate Estatuan barrena ditudan kideek, zein Euskal Herrian bizi diren erdaldunek, “pena” ematen dietela ni ez ulertzea, somatzen dutela esaten ditudala esan beharrekoak, baina ulertu tamalez, ez.

Nik ordea, uko egin diot itzultzeari, berriz gazteleraz aritzeari, pentsatzeari, sortzeari, diskurtsoan aritzeari.

Eta gezurra esango nuke, hau erabaki politiko soil bat dela banio, izan ere, euskaraz feminismoaz aritzea erabaki nuenetik, euskal feminismo bat sortzeaz gain, bestela adierazi ezingo nituzkenak esatea lortu dudalako. ‘Heteroarau’ gaztelaniaz nola esaten den bitan pentsatu behar dudalako orain, ‘zapalkuntza’ hitz propioa dela uste dudalako, ‘bollera’ euskaraz nola adierazi egunero pentsatzen dihardudalako (bai, oraindik arantza hori).

Horregatik nator hain pozik Klitto!-n aritzera. Feminismoaz eta feminismotik euskaraz aritzea diskurtso propioak sortzeko ezinbestekoa dela uste dudalako. Orain hamar urte genuen euskarazko feminismoaren desertuarekin alderatuta, beste oasi bat dugulako. Erreferentziak sortzen ditugulako, eztabaida propioak jorratzen ditugulako, itzulpenik ez duten hitz-jokoak, hitz berriak, erronkak, irakurketa desberdinak egiten ditugulako.

Eta batzuek ez dute inoiz nire jarduna ulertuko, egia da, baina beste batzuek izango dute nondik propioki pentsatzen hasteko/jarraitzeko aukera. Eta horrek, askatasunera kondenatutako gure borroka feminista hau ez du indartu eta edertu besterik egingo.

Beraz, ongi etorriak hau bezalako proiektuak, eta ongi etorriak bidelagun berriak, euskaratik eta euskaraz, feminismotik eta feminismoaz aritzeko parada izango dugunak. Ongi etorria, ulertzen nauzuenei idazten jarraitzeko aukera.

Kattalin Miner
Kattalin Miner

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *