Haurrak sardea eskuan hartu eta susmo txarrenarekin begiratu dio mahaian jarritako platerari. Gurasoek “jan ezazu, ez dauka tipularik” enegarrenez errepikatu diote. Baina haurrak badaki baduela, eta segituan ikusi du lehenengo zatia, bere mizkinkeriari esker trebatu duen teknika baliatuz. Plateraren ertza aukeratu du tipula zatitxoa uzteko, baina iluntzera arte egon liteke mahaian, zati guztiak izkinan biltzekotan. Tomate potoa hartu, eta bere burua engainatzen saiatu da, otordua behingoz amaitu eta parkera jaisteko.

Bai, fobia nion tipulari. Ez dakit haren ehundurari, usainari ala zaporeari ote zen, baina zenbait ordu emana naiz plater ertzak dekoratuz. Ez-ikusiarena egiten ikasi nuen arte. Nik barazkien bidetik egindakoa, beste hamaika aitzakiaren sokak irakasten digu eta, urteen poderioz, ez-ikusiarena egitea bizirauteko tresna baino ez da bilakatzen; zilborrera begiratzea lehena da nazioarteko kirolen zerrendan.

Zergatik, baina? Ikusi nahi ez izatea delako itsutasunaren gorena, gorrotoak, beldurrak edo erosotasunak eraginda. Eta, tamalez, eguneroko albiste jarioak asko du gorrototik edo beldurretik, asko du erosotasunetik. Zein da, bestela, irratiko inkesta anonimoetan horrelakoak erantzutearen arrazoia?: “Emakumearen egunaren kontuarekin pasatzen ari dira azkenaldian”; “Matxismoa txarra baldin bada, zergatik da feminismoa ona?”; “Ez zait batere ondo iruditzen Lilatoian gizonezkoek parte hartu ezin izatea”.

Martxoaren 8aren harira kazetari batek telefonoz jasotako erantzunak dira guztiak. Gosariak ez zuen tipularik egun hartan, baina, nago kafearen usaina tipularenera hurbildu zitzaidala. Kazetariak, une batez, herritarra xaxatu zuen: “Ez al duzu uste, adibidez, kirol munduan, emakumeak maila bat beherago jartzen dituela gizarteak?”. Entzuleok zain, bertsolariak gaia zein bidetatik hartuko duen itxaroten dugun jakin-min berberaz: “Bai, arrazoi duzu, gizonezkoen kirola askoz ere ikusgarriagoa da”.

Alarmista deituko dit askok, baina, adierazpen askatasunaren eta inpunitatearen muga lausoegia zait askotan. Munduak bira berdin-berdin egiten baitu, Novak Djokovic tenislariarenak entzunda; biraka jarraitzen du, Irungo alkateak eraso sexistak ozen salatzen dituen bitartean –sanmartzialetan alarde parekidea aldarrikatzeko ganorarik oraindik bildu ez duen arren–; eta, askori mundua geratzeko moduko albistetzarra iruditu zaien arren, biraka-biraka jarraitzen du Lurrak, Luzaideko bolanten inguruko galdeketaren aurrean. Aspaldi esan zuen nire rock banda kuttunak, irudimen tona baten beharra daukagula, edozeri iraultza deitzen jarraitzekotan.

Tona bakarra baino gehiago beharko dut, aurrerantzean, txoko honetan nire kezkak islatzeko, eta ingurukoen buruhausteak nire egiteko. Saiatuko gara, ordea, tipulekin txikitan egin ez bezala, fobia txiki horiei guztiei aurre egin, eta beharrezkoa den guztietan ‘k(l)itto’ esaten.

Itzea Urkizu
Itzea Urkizu

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *