Paranoika zioen ene barne ahots patriarkalak
Ana Iruretagoyena 2016-04-07

2016ko apirilak 3, igandea, goizeko 8:00ak, egun argiz Donostiako Bulebarrean. Ohiko isiltasun lasaia apurtuz, urrutitik bikote heterosexual gazte bat zirudiena garraxi betean zen. Barruko ahots batek alertak piztu zizkidan, esna harrapa nazala patriarkatuak, badakigunez. Eta ondotik zetorkidan beste ahots bat nire artean, patriarkatu horrek hainbestetan errepikatu didan ahohandia eta gehiegizkoa naizela azaltzen, eta lasai egoteko, ez nadila gerturatu ere egin neska hori ondo ote dagoen konprobatzera, nor naiz-eta ni, besteen bizitza pertsonaletan sartzeko, publikoki eszenifikatzen den une horretan ere.

Bulebarra zeharkatu eta bikotearengana hurbiltzen nindoan heinean, argiago ikusi nuen euren artekoa harremanaren inguruko eztabaida zela: “Dime que no me quieres! Dime que no me quieres!”, ozen eta oldarkor mutilak; bolumena jaitsita hitz egiten zuen neskak. Lau metrora nituela, erabat erne eta beldur ni -paranoika, zioen ene barne ahots patriarkalak-, heldu zuen mutikoak neska (1,95m vs. 1,60m) eta erori ziren biak batera lurrera. Neska aldentzen saiatu zen, lurrean arrastaka, atzetik zuen gizontxoa –nire barne demokratak oraindik errugabetasun presuntzioa onartzen ziolarik, biak baitzeuden zoruan botata, biak alkoholak markatuta- eta une batzuetan bazirudien ihes egiten saiatzen zela, beste batzuetan, elkarrizketarako prest zegoela. Ibilera mantsotu nuen orduan, oraindik esku hartzeko zilegitasunik ez bainion aitortu neure buruari, baina are gutxiago fidagarritasunik erasotzaile ia seguru hari.

Noticias de Gipuzkoa edo Diario Vasco erostera goizean goiz irtendako hiruzpalau jubilatu gizon eta runner pare bat sumatu nituen orduan, espektakuluaren jarraipena egiten. Eta baita mutil gazte pare bat ere, etxera erretiratzeko ordua zela ohartuta, baina egoera ikusita, adi eta zain, baretuko ote zen. Hartu zuen orduan fuerte helduta munstroak neska besoetan, airean, eta askatzen saiatzen bazen ere, ez zion utziko berehalakoan joaten. Metalezko pertsiana jaitsita zuen eskaparate baten aurka, zapla, jaurti zuen neska-laguna. Zalantza oro lurrundu zitzaidan eta joan ginen korrika batean une hori itxaroten egon ziren bi gazteak eta hirurok, piztia eutsi, aldendu eta neska artatzera.

Bi mutilen artean heldu zuten erasotzailea, amorruz eta indarrez betea zegoena, bere panpinaren gain kontrol osoa ez zuela ikusita, “que es mi novia, eh!”, eta saiatu nintzen ni neska lasaitzen, antsietateak itotzeko zorian zegoela, egoerari aurre egin ezinik, mutil-lagunarekin eztabaida hutsa baino, indarkeria jasan zuela konturatuta. 112. Galderak eta paperak.

Lanerako bidean harrapatu ninduen erasoak, eta ahal bezain azkar bueltatu nintzen nire ibilbidera. Erredakziora iritsi eta milaka belarritara heltzen diren bi mikrofonotan albisteak kontatzera. Albisteak. Kazetari batek bere begiekin ikusitako eraso matxista ez baita albiste, emakumeak salaketa jarri eta zifra ofizialen barruan sartzen ez bada; aipamen bat egin daiteke orduan, saturatuko genituzke irrati publikoen uhinak bestela.

Zur eta lur eman nuen goiza, berretsi baitzitzaidan gainera indarkeria matxistaren eraso fisikoak ez direla etxeko sukaldearen pribatutasunera mugatzen, ezta hiriko kalebazter estu eta ilunetara, edo gaueko ordu txikitako taberna zuloetara ere; jipoiak egun argitan ematen direla, Donostiako Bulebarrean, igande epel bateko goizeko zortzietan. Duela astebete.

11 erasori 12 erantzun emango dizkiogula oihukatzeko, amorrua gorpuzteko, gure gorputzak gure eta soilik gure eremu direla aldarrikatzeko, Gasteizen izango gara feministok prest, indarkeria matxistaren aurka indarrez erantzuteko, elkartasunean ahalduntzeko, etxeko sukaldean, taberna zuloan, kale ilunean eta Bulebarrean aske izan nahi dugula garrasi egiteko. Erasorik ez erantzunik gabe!

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *