Neuk ere ordaindu dut emakume batek plazera eman diezadan
Ana Iruretagoyena 2015-11-10

Gela txikitxo bat, epel, eta ni sartzerako, guztia prest: argi leuna, musika lasaia eta izara garbiak ohean. Olioa. “Erantzi arropak eta utz itzazu nahi duzun tokian. Etzan zaitez ahozgora eta erlaxatu”. Jantzi estuetan sartutako emakume ederra bera, bularrak paparretik gertuago zilborretik baino. Hogeita gutxi, adats iluna mototsean, etengabeko irribarre liluragarria eta eguzkiak belzutako azala urrian ere.

“Gozatu”. Eta hasi zen kontaktua, nire azalean gora eta behera, esku horien botere erabatekoa nire gain, sentsazioen biziagotzea, gainerako zentzumenak alboratu eta ukimenaren monopolioan, larruaren hipersentsibilitate azaleratua. Periferian aurrena, inoiz ezer sentitu dezaketenik gogoratzen dugun baina ergonomikoki urrutiegi geratzen diren oinetan arin, sotil, zirrarak gorputz osoa zeharkatzeko denbora juxtua eman eta atzera ere presio handiagoz eragiteko. Beso eta eskuetan ere bai, erabileraren erabileraz, plazer propiorako ez beste gauza guztietarako baliatzeaz ia urratuta dauden eskuetan, artikulazioetan malgutasunez, ahurra sekula sentitutako arintasun eta sentsibilitatez, beti indarpean izaten diren nerbioek harriduraz erantzun arte.

“Jar zaitez ahozpez orain”. Eta aldatu zituen adarrak enborrarengatik, eta kitzikatze bihurria indarrez egindako presioarengatik. Zonaldeka aritu zen, bizkar osoa gorrituta utzi arte. Ipurmasailak ere eragin zizkidan, eta izterren barnealdeko gune bero, leun eta biguina ere bai, erabat labainkor eta olioztatuta utzi zizkidan arte.

Plazerezko burbuila batean, airean, flotatzen, ni. Sentikortasunak erabat xurgatuta, extasi zorian, aspaldian nire gorputzari hain harrera onik egin gabe, areagotu egin baitzen nire larruak sentitzen zuen ukimen txiki bakoitzaren ondorioa.

Neu ere erori nintzen, inertzia hutsez, hainbestetan hain erdeinagarri iruditu zaidan pentsamenduan: neska gizarajoak egun osoan zehar hartu eta jasan beharko dituen hainbeste gorputz desatsegin/desitxuratu/deserakargarri-ren ondoan, gogoz hartuko ninduen ni; ni eta nire gorputz gazte, proportzionatu, harmoniatsu, tenkatu, depilatu, leun, atsegina. Horrek zilegiztatzen du nire erosketa funtsean, bere lana atsegingarri bihurtu dudala une batez.

Berrogeita bost minutu. Amaitu da. “Lasai, har ezazu behar duzun denbora atzera ere janzteko”. Hogeita hamar euro. Gehi bost, propina –merezi du eta-.

Etxera bueltan, aldarte paregabea eta lasaitasun fisikoa ez ezik, hausnarketarako bazka ere bai: sexu harremanen desgenitalizazioa goiz eta gau defendatzen dugunontzat, harreman horiek falozentriko izateari uztea ez ezik, gorputz osoaren plazer hartu-emana aldarrikatzen dugunontzat, ez al da masaje sesio ordaindua tradizionalki prostituzio bezala ulertzen duguna? Koherente al da prostituzio deitzea soilik genitalei eragiten dieten praktika ordainduei, funtsezko helburua plazeraren salerosketa bada?

Ez da hau, noski, masaje/prostituzio terminoak mugatzeko saiakera bat, ezpada biak ala biak alderatu eta estigmak alde batera uzteko aitortza publikoa: neuk ere ordaindu dut emakume batek plazera eman diezadan. Eta zuk?

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *