Naturaltasuna, aldarrikapen subertsibo

Sexu askapena dugu ahotan, hirurogeigarren hamarkadan hippiek aldarrikatu zuten bera. Transfeminismoak egindako ekarpenen bat edo besterekin, baina funtsean, duela sei hamarkadatik aldarrikapen berarekin gabiltza alor honetan: -gurean,- katolizismoak inposatutako kate zurrunak apurtzea, gure gorputza gurea dela aldarrikatu eta gure sexu praktikak guk nahi ditugun moduan eta nahi dugun horiekin bizitzeko. Heteropatriarkatuaren kateak apurtzen gabiltzala esaten dugu orain: bikote heterosexual monogamo hegemoniko zapaltzaileen praktika onartu eta aspergarriak iraultzen. Ez da, inondik inora, borroka berria, baina harritzen gaitu zenbat bide dagoen oraindik egiteke.

Pertsonala politikoa da, errepikatzen dugu etengabe,eta gure esku-hartze eremu gertukoenetik, geure gorputz eta erraietatik, politika egiten dugula konturatu eta modu kontzientean erabiltzen ikasi dugu. Errealitatea da, bestalde, esfera publikoan sexu praktika horiek duten presentzia eskasa dela erabat. Jendarte progreenetan ere, esan nahi baita, heteroarauaren bukaeraren, feminismoaren, sexu askapenaren apologia egiten duten jendarteetan, kontzeptualki, onartua dago, noski, norbere aukerako sexu praktika nolanahikoak burutzea. Alegia, lagunartean, badakigula eta ondo hartzen dugula azken parranda gauean furgoneta batean ezezagun batekin txortan bukatu zuenaren pasartea, ondo iruditzen zaigula bikote finko bat izanagatik ere beste batzuekin larrua jotzea, miresten dugula, berarekin oheratzeko hiru pertsona batera konbentzitu zituenaren istorioa, ez dugula “adarrak”, “traizio”, “nire”, “gezur” terminoetan ulertzen geure burua.

Diskurtsiboki, ordea, ez dirudigu hain progreak. Funtsean, gure sexu praktika konkretuak eta euren kontakizuna, elkarbanatzea, esfera pribatura, intimora mugatzen ditugu. Baita lehen aipatutako lagunarte ustez iraultzailean ere. Asko jota, badakigu burutu ditugun sexu praktika horiek norekin, noiz eta non diren. Nola, sekula ere ez. Eta zer esan masturbazioaz ari garenean.

Guk ez dakigu gure lagunek, lankideek, gure pisukideek… (herri mugimenduetan dabiltzanak, militantzian, feminismoan…) nola egiten duten txortan. Ez dakigu nola masturbatzen diren; zer ohitura dituzten, zerk berotzen dituen asko, nola gustatzen zaien. Saiatzen gara imaginatzen bikote hori edo esku bakarlari hori, baina hori besterik ez da: imaginazioa. Eta gure sexu esperientziez hitz egitean eurekin, nahiz eta espazio seguru diren eta hegemoniatik kanpo geratzen den praktika oro ondo irudituko zaien, naturaltasunez deskribapen minimo bat egiten dugun bakoitzean, aldarrikapen subertsibo bihurtzen da. Barre egiten dute, plazera ematen digun hori lotsarik gabe informatzea -baino aspirazio handiagorik gabe- eta pozik kontatzen dugula ikustean. Une horretan ere politika egiten ari garela ulertzen dute, baina aldebakarrekoa da: ez dute eurek ezer ere konpartituko.

Eta ahotan sexu askapena dugun egunotan, komenigarria litzateke gogoratzea, LGTBIen aitortza instituzionalaz haratago, sexu askapena lortu ahalko dugula ez bakarrik kontzeptualki praktika ez hegemonikoak toleratzea lortzen dugunean, baizik eta, diskurtsiboki bada ere, sexu praktika guztiak normalizatu eta esfera pribatutik ateratzea lortzen dugunean: “porrupatatak bazkaldu ditut gaur, baina aukeran, nahiago dut kuskusa” esaten dugun moduan, “gaur bi minututan korritu naiz nire bikoteak hiru hatz aluan sartu eta klitoria igurzten zidan aldi berean titiburuetan hainka egiten zidala, baina aukeran nahiago izaten dut nire gainean etzaten denean eta, izterrak korapilatuta, klitoriek elkar igurtzen dutenean, bere bular handiak estu nire kontra eta eskuineko eskua bere aluak estu harrapatu eta blaitzen didanean” esaten dugunean.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *