Heldu da garaia. Ez dago atzera egiterik. Urte osoan zehar izan dituzun beldurrak agerian geratuko zaizkizu txaketa kentzerakoan eta besoetako estriak begi bistan daudenean ez dago zer eginik. Ez. Oraingo honetan ez daukazu trikimailurik. Hanketako laranja azala ez da desagertuko nahi beste otoitz eginez gero. Alferrik da Anbotoko Mari inbokatzea ere. Sabelak hor jarraituko duela badakizu, zilborretik zuri so eginez, ea aurten zer nolako tratua emango diozun asmatu asmoz. Eta, orain, zer? Uda da. Ezin duzu daukazun gorputza izkutatzen jarraitu. Ez zaude zure buruarekin eroso. Badakizu ez duzula tratu hori zugandik merezi. Bero zara, eta ez dituzu datozkizun hiru hilabete hauek izerditan blai pasako, heteropatriarkatu kapitalista maiteak diskretu eta ikustezin nahi zaituelako. Zergatik eta hezurren gainean haragi “gehiegi” izateagatik. Inola ere ez! Gainera, zer demontre da “gehiegi”? Amamaren herrira zoazenean badakizu emakumeek zenbat eta lodiago, are eta ederrago ikusten zaituztela. Andra horiek edozein egoera belar eskukada batekin konpontzeko gai diren horietakoak badira, zergatik ez dira zuzen egongo bueltatzen dizuten isladarekin? Lodion eta sorginen kontuek oso antzekoak dirudite. Egun batetik bestera, ongi ikusita zegoena arriskutsu bihurtu zen. Gaur arte.

Baina, non geunden? Ah bai. Bihar bertan hondartzara joango zara. Gara. Bai, hondartzara. Zu eta biok. Entzuten didazu?? Bihartik aurrera orain arte egin ez dituzunak egiteko gai izango zarela ziurtatzen dizut. Zin dagizut, egunero mespretxuz tratatzen zaituen sistema batean, irribarretsu, kasurik egin gabe egoteko duzun ausardia horrekin orain pauso bat harago eman ahal izango duzula, zure mesederako. Ez, bihar ez duzu zure gorputza besteen gorputzekin konparatuko, eta oraindik gutxiago telebista madarikatu horretan ikusten dituzun irudiekin. Gehiago diot. Altxa zaitez oraintxe bertan. Bai, orain! Utz ezazu egiten ari zarena. Hartu telebista. Entzuten didazu?? Har ezazu telebista nazkagarri hori eta lehiotik behera bota ezazu!!! Zorte pixka batekin merezi duen matxiruloren bati eroriko zaio gainean, aintzinako  marrazki bizidunetan ezdakitnori pianoak gainean jausten zitzaizkion bezala. Arazo bat gutxiago! Ideia ez da txarra, ezta? Demagun denak hasten garela telebista jaurtiketa praktikatzen…”Normala zirudien, beti agurtzen ninduen igogailuan topatzen nuenean”-esango lukete auzokoek-. Baina guri errua?? Gu ez gara izan! Etxetresna elektrikoen errua da. Teknologia berriak, badakizu. Komunikabideak. Gizartea. Sistema. Ez zu. Zure ekintza ñimiño horrek ez du zer ikusirik izan! Beno. Post it batean idatzi badaezpada. Nork daki? Gauza txarragoak ikusi ditugu guri dagokigunean! Auskalo!

Baina zertan genbiltzan? Ah, bai. Zuk eta nik aurten txipa aldatuko dugula gogorazten ari nintzaizun. Lehenik eta behin, zure erosotasuna dago jokoan. Hogeitik gorako tenperaturak daudenean artilezko ditxosozko jaka horrek ez dizu mesederik egingo. Bero zara eta badakizu. Zure aurpegia begiratzerakoan antzematen dut disdira hori ez dela poza. Izerdia da, neska! Jendartean disdiratzeari bikain deritzot…baina likido gazia gorputzean itsatsita edukitzearena…Ez! Ez dut hau egin nahi. Ez naiz hasiko izerdiaren inguruko konnotazio ezkorrak komentatzen. Baina onartu behar didazu jakarik gabe besoek freskotasuna somatzen dutela. Erlijioagatik izango balitz, ados. Kulturak eskatuko balizu, tira. Baina lotsagatik ezin duzu besoak ezkutatzen jarraitu, neska! Edo, barka iezadazu atrebentzia. Bai. Noski ahal duzula. Zure erritmoak errespeta itzazu eta ez entzunarena egin nik markatzen dizkizudan presioekin.  Barkatu. Batzuetan ni ere aztoratzen naiz eta lagungarri izan beharrean borrerorik zatarrena izango banintz bezala ari natzaizu berbetan. Ez zen nire intentzioa. Behar nauzunean zure ahalduntze prozesua eta denborak errespetatuz hor egongo naiz. Nahi duzunean erakutsi besoak. Bihar egun ederra izan liteke baina bi aste barru ere egingo bazenu berdin dio. Zure mendekuek poztasuna izan behar dute oinarri. Imajinatzen duzu zurekin sartu diren guzti horien aurpegia zu eroso eta lasai ikustean? Bejondaiela beren gimnasioak eta dietak. Zuk zure aldarrikapena egin nahi duzu. Ez diozu inori ezer zor. Zure gorputza zurea da. Zergatik hostia egon behar zara etengabe zure bizi aukeren inguruan azalpenak ematen? Nork ematen dizkizu azalpenak zuri? “Bai, baina nirea normala da, zurea ordea…” zioen aurrekoan Bihotz Erre antzerki taldeak aurkezturiko obrak. Bada hemen, berdin. Gainera gogoratu erreferentea izan nahi duzula. Gaztetxoentzat adibide on bat. Atzetik datozenek automaitasun erradikala bizitzeko aukera izango balute…! Ez, ez egin asperenik. Posible da. Gazteek ereduak baino ez dituzte behar. Zu zure gorputzarekin pozik ikusten bazaituzte, alaitasun hori kutsakor egingo zaie. Egizu haiengatik behintzat! Zoaz hondartzara bihar. Jantzi tirantedun kamiseta hura.

-“Baina zer esango dute…?”
-“Eta nori inporta zaio besteen iritzia?”
-“Niri! Niri noski inporta zaidala!!”
-“Bai bai…dena den…gogoratu: “itsusia edo polita, denok daukagu burua lepoari josita”! Erabili buru miresgarri hori, arren!! Edozein egoerari buelta emateko gai zara. Razionala izan!! Badakizu gaitasun hori daukazula!!”
-“Baina zergatik izan behar da nire bizitza besteena baino zailagoa gorputz “HAU” izateagatik? ”
-“Touché”

Nekatuta zaude. Egun gogorra izan duzu. Arnasa arinduko dizut. Begiak ixten joango zaizkizu. Hiru, bi, bat. Lo seko. Listo. Gaur bukatutzat emango dugu. Bihar egun berria izango da. “Egunero hasten delako” zioen hark. Eta nik zera gehituko nioke: “Egunero HAZTEN delako ere” eskerrak eman behako genituzkela. Automaitasuna praktikatzea ez da lan makala. Eutsi! Lortuko dugu. Asko gara. Gehiengoa.

Itsaso B
Itsaso B

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *