KLITTO!
 klitto! 2015-06-23

Ane Labakaren bertso sorta Klitto!-ren sorreraz.

Doinua: Norbere mundu intimoa.

Norma-ri “L” bat gehituz
eraikitzen da normala;
gizartearen eredu
heteropatriarkala.
Nahiz ta esaten diguten
dena dela naturala
deseraikigarria da
eraikuntza kulturala.
Zalantzan jarriz nork nori
egiten dion itzala,
izango da feminista,
euskaldun, erradikala…
Normaltasunari hitzez
egindako arrakala
horietatik erditu
den atari digitala.

Ez da agindu diguten
ideal hori gurtzea,
inposaketen neurrira
gure gorputzak neurtzea,
norbere autoestima
uneoro egurtzea,
zapaltzen gaituenaren
oinetara makurtzea…
Izan liteke irri bat,
amorru bat lapurtzea,
borrokarako berpiztu
edo malkotan urtzea,
ez al da bide luze bat
pixkanaka laburtzea?
Feminismoari buruz
euskaraz irakurtzea.

Gizarteak egin gaitu
neskatxa eta mutiko,
klitoriak subalterno,
zakilak hegemoniko…
Zakildunek ez dute maiz
guri buruz idatziko,
ez gaituzte portadako
argazkietan jarriko…
Hala ere ez gaitezen
biktima rolean ito
indarrez hautsi ditzagun
norma ta estereotipo
izan gaitezen kolore
anitzeko abaniko
sentitzen dugun horixe
idatz dezagun ta KLITTO!

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *