Inpunitatea
Maider Galardi 2017-02-23

Twitter zabaldu, eta hara! Bueltaka dabilen argazkia: Atletico Madrileko Lucas Hernanez epaitegira sartzen. Bere bikotea jipoitu duela eta, epaitua izango da egunotan. Atzean bi kartel handi: STOP FEMINAZIS. Antza, lehen mailako futbol jokalariak gure moduko histeriko-feminazi ugariren mehatxuak jasan behar izan ditu hilabeteotan, gaixoa. Sareko erreakzioak denetarikoak izan dira: haserrea, sumindura, irriak (“ez dago irria eta plazera baino intsumisio handiagorik” I.Z.)… Nahigabean, burura etorri zaidan gauza bakarra hauxe izan da: “Atletico Madrileko zale ultraeskuindarren bat izango da hori mugitu duena… alferrik haiekin hika-mikan sartzea”.

Baina, hara non, txio berri bat azaldu zaidan pantailan: Baionako Aviron errugbi taldeko jokalari batek sexu erasoa egin dio emakume bati. Hemen, Euskal Herrian. Inork eskatu al dio erantzukizunik? Taldetik bota dute eta ez gaituzte jakinaren gainean jarri? Segidan deitu diot Baionako lagun bati. “-Eh, egin dezakegu zerbait honen inguruan”. “- Bai, gainera, ez da lehen aldia errugbi taldea horrelako kasuetan nahastua dagoela. Gogoratzen zara Durangon gaua pasa zuteneko hura? Mugimendu feministak salatu zuen hurrengo egunean taldekideetako batzuek sexu abusuak egin zizkietela zenbait emakumeri.” erantzun dit. Eta, Durango aipatuta, segidan etorri zaigu Paul Abasolo burura. Eta, Eustat edo estadistika institutu bat izango bagina bezala, martxoak 8 inguruan dagoelako-edo, zerrendatzen hasi gara aurten sexu erasoak, abusuak, gehiegikeriak, zerrikeriak, irainak… egin dituzten goi mailako kiroletan ari diren gizon pribilegiodunen izenak. Bai, hemen, Euskal Herrian; eta ez dira gutxi.

Ezagunena dugu Paul Abasolo. Zer gehiago egin behar du tipoak epaitua izateko? Indultuak gora, indultuak behera… zelaian jarraitzen du oraindik, justiziak aspaldi jokoz kanpo utzi behar bazuen ere. Legedian gehiegi sinisten ez dugunontzat ere, herriak dagoeneko atera beharko lioke txartel gorria. Baina, hantxe jarraitzen du Abasolo jaunak, lasai, zelaian aurrera eta atzera. Mugimendu feministak soilik egin dio aurre, baina futbolari profesionala izaten jarraitzen du: INPUNITATEA.

Profesionala eta lehen mailakoa, Espainiako selekzioarekin izandako kontzentrazio horietako batean egindako jokaldiak ospatzeko-edo, Muniainek lehen mailako sexu abusua egin ziola salatu zuen uda partean emakume batek. Athleticeko aurrelariak, gola sartu zion justiziari eta bere horretan jarraitzen du, milioiak kobratzen. Katedralak ere barkatu dio “hanka-sartzea”, badakizue, “justizia zerutiarra” edo: INPUNITATEA.

Bestetik, nola ez ditugu ba ahaztuko Eibarreko jokalarien bideoak. Emakumeak espreski eskatu zuen sexu-partida ez hartzeko kamaraz. Eta horiek, kasorik ez. Euskal Herri osoan zabaldu zen bideoa. “Ikusi dituzue Eibarreko jokalariak?” eta, azkenean, gu ere kolaboratzaile, guk ere eman genuen asistentzia. Hala ere, lehen mailako talde gipuzkoarrean jarraitzen dute jokatzen. Jarraitzen dute kobratzen. INPUNITATEA.

Eta, azkenik (edo, boteprontoan burura etorri zitzaizkigunetatik behintzat), hasieran aipatu dudan Baionako errugbi taldearen auzia. Jokalarietako batzuk zertan igarotzen dute “hirugarren denbora?”. Hala ere, zelai barruan, eta zelaitik kanpo, izarrak izaten jarraitzen dute, akusazioez leporaino lokaztuta egon arren. INPUNITATEA.

Eta ez zaiteztela nahasi. Ez nabil goi mailako kirolarien karikatura bat egiten. Ez naiz ari modu arbitrario batean epaitzen futboleko eta errugbiko jokalari oro. Baina, ez da ohikoa horrelako kasuek desagertzeko daukaten abilidadea. Edo akaso, goi mailako talde hauetako zuzendaritzak erantzukizunen bat eskatu du eta ez gara ohartu? Taldetik bota dituzte eta ez gaituzte jakinaren gainean jarri? Izarrak izateak, publikoak, boteredunak, aberatsak, zuriak… eragina du pertsonaia horiek epaitzerako unean. Nola ulertu bestela Paul Abasoloren indultua? Are gehiago, nola ulertu oraindik badagoela tipoa bere hamaikakoan nahi duen futbol talderik? Eta hori salatzera doan mugimendu feminista zelaian ez sartzeko hartutako neurria, zer?

Ez da again martxoak 8 inguruan argitaratuko den zerrendarik beltzena, baina badu ilunetik, besteak beste, kontu hauen inguruko albisteek eztabaida sozialetik desagertzeko daukaten gaitasun harrigarriagatik. Hori ere inpunitatea da. Ea harmailak egoki egiten duen arbitro lana.

Maider Galardi
Maider Galardi

1 Iruzkin

  1. Kaixo. Berri honen iritziak bilatzen ari nintzela aurkitu dut atari digital hau, ta aritkulua hau irakurri dut. Bilatzen ari nintzen pasaden astean gai berdineko berri bat agertu zelako. Bruno Fernandes das Dores de Souza futboleko jokalari brasildarra 2.malikako talde batekin jolastuko duela esan du eta kartzelatik irten den momentu berean. Kartzelan zegoen agindu zuelako bere emaztea hiltzea. 2010-an. Esanten zuten momentu hartan zegoen taldetik kanporatu zutela eta taldeko abokatuak ez ziola defendatuko. Hor dago normal izan beharreko jarrera. 22 urte eman behar zituela kartzelan adostatu zuten baina ez ditu igaro ezta 6 urte. Hor dago justizia ezta? Berri honek ekarri du zuk esandako moduan mugimendu feministen erantzuna taldeari eskatuz fitxaketa ez egitea baina inolako erantzunik instituzionalak, liga edo federazioak…. Soilik eta ezkertzekoa da taldeko babesleak laguntza kendu diote fitxaketa egin den momentutik.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *