Orain dela hilabete bat Munduko Osasun Erakundeak zika birusa mundu mailako larrialditzat hartu zuen. Latinoamerikan, kezkagarriak dira zika birusaren eta mikrozefaliarekin jaiotzen diren umeen arteko erlazioa eta honen hedapena. El Salvadorren, orain bizi naizen herrialdean, osasun sistemak jada 4000 kasu baino gehiago jaso ditu.

Egoera larri honen aurrean, El Salvadorreko gobernuak zenbait neurri hartu ditu zikaren hedapena ekiditeko: adibidez, aedes moskitoa desagertarazteko kanpaina bat abiarazi eta zikari edo mikrozefaliari buruzko informazioa eskaini dute. Dena den, aipagarria da ekintza hauen artean, emakumeei zuzendutako gomendioa: “Ez zaitezte haurdun geratu”. Are gehiago, gomendioa 2017 arte haurdun ez geratzea da.

Ironikoa da estatuak emakumeengan ardura osoa uztea, batez ere, gobernuak emakumeen erabakitze eskubideak bermatzen ez dituenean.

FESALen (Familia osasunaren inkesta nazionala) informearen arabera herrialde honetako erditzeen %39a planifikatu gabeak dira; eta gainera, haurdunaldien %30aren kasuan emakumeak 18 urtetik beherako nerabe eta umeak dira. Hainbat erakundek salatu duten bezala, egoera hau zenbait faktoreren ondorio da: alde batetik, sexuari eta ugalketari buruzko informazioa falta da, antikontzeptiboak eskuratzeko zailtasunak daude, eta askotan haurdunaldiak bortxaketen eta baimendu gabeko sexu erlazioen ondorio dira, bereziki, nerabe eta umeen artean; beste aldetik, 1998tik El Salvadorren abortua guztiz debekatuta dago edozein kasutan. Aurrez hiru aukera legal zeuden: amaren osasuna arriskuan egotea, umearen bizia arriskuan egotea eta bortxaketa kasuetan. Gaur egun, El Salvadorreko legeak 14 urteko espetxe zigorrera arte leporatu dezake abortatzen duen emakumea eta baita laguntzailea ere.

Guzti hau gutxi balitz, herrialde honetan 17 emakume baino gehiagok dute 40 urtera arteko kartzela zigorra haurdunaldien azken hilabeteetan larrialdi obstetrikoak izateagatik. El Salvadorren, emakume batek bere umea galtzen badu, eta kasua homizidio larriagotutzat hartzen bada, legeak 50 urtera arteko zigorra agindu dezake. Noski, epaiketa gehienak, funtsik gabekoak dira.

Egoera honetan, El Salvadorreko gobernuaren gomendioa iraingarria da, ez bakarrik ironikoa. Gobernuak emakumeengan haurdunaldien ardura osoa uztea lotsagarria da; batez ere, gobernuak sexualitateari buruzko informazioa eta sexualitatea aske eta seguru bizitzeko eskubideak errespetatzen ez dituenean, emakumeen kontrako indarkeria sexuala kasu askotan zigor gabe uzten duenean, eta emakumeei haien gorputzen burujabetza ukatzen dienean.

Duela hilabete bat, gobernuak emandako gomendioak ikusita, El Salvadorreko hainbat erakunde feministak manifestu bat irakurri zuten gobernuaren jarrera salatzeko. Erakunde hauek gobernuaren ardurak gogoratu eta hainbat proposamen bota zituzten, hauen artean: heziketa sexual integrala izatea eskoletan, antikontzeptiboen sarbidea erraztea, eta aldaketa legalak hartzea emakumeek euren haurdunaldia eteteko eskubidea izateko.

Prentsaurreko hau, El Salvadorreko erakunde feministek egiten duten lan ikaragarriaren parte txiki bat da. Egunero egiten duten lana nekaezina da: burujabetzaren eta askatasunaren aldeko ekintzak, sexu eta ugalketa eskubideen aldeko jardunaldiak, indarkeriaren aurkako programak, gazteekin egindako programak, etab. El Salvadorreko gobernuak erakunde hauek entzun eta bere ardurekin bete beharko luke, emakumeei edozein gomendio eman baino lehen; erakunde feministak baitira orain eta beti herrialde honetan emakumeen burujabetza bultzatu dutenak.

 

 

Susana Perez de San Roman Landa
Susana Perez de San Roman Landa

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *