Biktima terminoaren estigmez eta konnotazioez

Diskurtsoaren eraikuntzan esaten dena dela, ez da berria. Esaten ez dena, ez dela, alegia. Argi dugu hori emakumeok ere existitu existitzen garela eta gauzak egin egiten ditugula aldarrikatzera irteten garenean. Azpimarra dezagun, beraz, diskurtsoak sortu, egin, bilakatzen gaituela. Izendapenean dago izana, eta, beraz, izendapenaren eraldatzean dago izanaren aldaketa: pertsona bat pertsona izatetik biktima izatera igarotzen denean, esaterako. Emakume bat, emakume izatetik biktima izatera igarotzen denean. Aurrerantzean ez baita pertsona bezala irakurria izango, ez behintzat biktima ere badela baieztatzen duten horiengatik; diskurtsoan hierarkia eraikuntzak definitzen du pertsona horren izana.

Plazaratu behar genuke, beraz, ez soilik pertsona bat definitzerako orduan zer nolako muga eta baldintzak ipintzen dizkion izendapen-etiketa-hitz horrek, baizik eta baita ze zama lekarren estigmadun hitz batek norbait definitzeak. Alegia, pentsatu behar genuke nola eraldatzen den pertsona bat eta bere autokontzeptua, “Iraitz” izatetik “nire umetxoa”, “nire neska”, “ama”, izatera igarotzen denean; baina noski, pentsatu behar genuke nola eraldatzen den pertsona bat eta bere autokontzeptua eraldaketa horrek bere gain estigma bat ere badakarrenean: “Iraitz” (pertsona) izatetik “biktima” izatera igarotzen denean.

Estigma dario “biktima” kontzeptuari, gizarte honek, oraindik, biktima izendapena oso talde mugatuari ematen diolako eta, ondorioz, gizartearen salbuespen talde bati dagokiolako; hots, arraroa da biktima izatea, estrainioa. Estigma dario “biktima” kontzeptuari, talde gutxitu eta bazterreko bati dagokiolako, pertsonaren osotasun eta gaitasunei uko egitea dakarrelako biktima izateak, zapaldu, mugatu, desarmatu rola hartzen duelako barne.

Kontakizunean pertsona bat “biktima” bilakatzen denean, subjektu hori bortxatua da diskurtsiboki, bere pertsonatasun izaera ukatzen baitzaio, edo bigarren plano batean uzten. Horren ondotik datoz ahultasun intrintsekoa eta etengabeko jarrera pateranalistak pairatu beharra. Indar eta ahalduntzearen ukazio horrek, diskurtsoaren eraldaketak ekintza eta jarreretan, izanean eta izaeran, eragina duen arte. Anulatu egiten da pertsona biktima bilakatzean.

Ez diogu, noski, jazarpen, bortxa, indarkeria, biolentzia, jasan behar izan dituen norbaiti “biktima” aitortza ez dagokionik. Ez dugu uste, ordea, edozein pertsonaren lehen definizioak hori izan behar lukeenik. Eta bada alternatibarik, gizarte moduan, hizkuntzaz, sortu dezakegunik, norbanako hori anulazio buklean sartzea ekiditeko: pertsona izaeraren lehentasun eta berrespena, ahalduntze prozesurako lehen aitortza.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *