Aurreko asteartean Azpimarran Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketak gako berriak eman zizkigun batzuoi Euskal Estatu Duina delakoaren inguruan. Maddalen Iriarte zorrotz, feminista batzuoi poza eman zigun euskal emakumeon inguruko hausnarketak, are gehiago, jendarte honen hirugarren iraultza potoloena abian zela eta emakumeok egiten ari garena dela entzutean, oraindik eta gehiago, kontuan hartuz lehen iraultza nagusia delakoak (neolitikoak), besteak beste emakumeok esparru pribatura murriztea eta geure eskubideak ukatzea ekarri zuela, familia-eredu monogamoa ardatz, mendeetako isilpeko biolentziaren sustengu.

Gaueko ordu txikitan irakiten ziren sare-sozialak aipamen hori dela eta. Ordea, izan zen aurreko astean esparru zibernetikoan arrakasta izan zuen beste ateraldi bat ere, Irantzu Varelak El Tornillon eginiko bideoa. Kasu honetan feministok, emakumeok, gizon sasi-jator-jakintsuekin dugun betiko borroka dialektikoaz jardun zen. Hori ez da feminismoa, ez da horrenbesterako, ez duzue umorerik, ni berdintasunaren alde… bla bla bla. Zenbaitok gure borondate onez dugun pedagogo sena albo batera uzteko deia luzatzen zuen ikus entzunekoak, urte luzeak baitaramatzagu pazientzia edukitzen, aldarte oneko emakume on, gure lagun eta kideen andereño. Badakizue, astunak izateraino, kuadrilako histerika izendatua izan arte, militantzia taldeko pesada. On egin zigun bideoak, bestalde, azkenaldian pedagoga sena albo batera utzi eta borde, siku, harro… fama hartu dugunoi ere, zentzua eman baitzion gure jardunari (feminismoari dagokionez bederen), eta indarra eman txiste sexista edo piropo lizunen aurrean gure jarrera ofentsibo (eta ez defentsibo) hori berresteko.

Estatu duina (gogora bedi bide batez feminista izango dela edo ez dela izango) eraikitze bidean Otegi jaunak amabilitasuna hartu zuen hizpide. Adeitsuak izan behar gara, borroka dialektiko hau irabaztekotan, irribarrezko lana izango dugu jardunbide, amableak, gu bezala pentsatzen ez dutenekin, finean, euskaldun jatorrak.

Eta gogora bedi bide batez ere, borroka feministak aspaldi jakin duela borroka irribarretik egiten, alaitasunetik, badugula umorea, baina gure umorea dela eta, batez ere, beste ezkerreko zenbait borroka esparruk asmatu ez duten bezala, irudimentsuak izan garela, sortzaileak, sorginak, azkenekoz eta era arrakastatsuan apirilaren 9ko Gasteizko manifestazioan agerian utzi genuen bezala.

Katramilatuta geratu nintzen baina, amabilitatearen kontuarekin, are gehiago, La tuerkaren fan izanda, pedagogia albo batera utzi behar dugula konbentziturik. Izan ere, euskal emakume feministok (ulertuko duzue, seguru nago), nazkatuak gaude azalpenak emateaz gustatzen ez zaigun piropo bat entzutean, goitik beherako begiradak jasotzean, gauetan beldurrez etxeratzean, eta baita beldurra aldez aldatuko dugula aldarrikatu eta horregatik ere kritikak jasotzean.

Amable izan gintezke, baina nekatuak gaude betiko eztabaida antzuetan, amableak izan gintezke baina hil egiten gaituzte, amableak izan gintezke baina oraindik ezin dugu ama ez izatea erabaki eta sorpresazko aurpegirik ez jaso, amableak izan gintezke baina epaituak izango gara era batean edo bestean janzteagatik, amableak izan gintezke baina oraindik ere beste batzuen ahotsak du pisu gehiago… Euskal estatu duin horren bidean, amabilitasunak ez du mugarik? Ala bai… eztabaida irekia dago adeitasun osoz.

Maider Galardi
Maider Galardi

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *