1. Larunbat goizaldean
guztia da laino
hotza ere etorri
da Gasteizeraino
halakorik ez nuen
sentitu gaurdaino
oilo azalez nator
Virgen Blancaraino;
moretik gehiago du
birjinetik baino.

2. Ekitaldian irri
bat dut aurpegian
askori sartu zaie
behatza begian
ez eremu marjinal,
ez periferian…
behingoz jarri direnez
horren agerian
inor baztertu gabe
bazterrak erdian.

3. Sarritan guk gorpuzten
dugu zapalkuntza
niri gorrotagarri
zait diskurtso hutsa
aniztasuna denez
bide honen funtsa
norbere jatorria,
norbere gorputza…
zeinu hizkuntzan egin
dezagun iraultza.

4. Oholtza gainean artez
dituzte deforma
kanon estetikoak
nahiz heteronorma…
Bakoitzaren zauriak
ez daitezen zorna
kantuz hautsi ditugu
kate eta horma
bi eskuk hartu dute
alu baten forma.

5. Egunez egun inork
hitzez jipoitzean
eraso bat jasaten
dugun bakoitzean
nahiz ta ahuldu horren
mundu zikoitzean…
buruberoki baten
berora ohitzean,
indartsuago nago
astelehen goizean.

Ane Labaka
Ane Labaka

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *