Erantzun feministak prest!
 klitto! 2016-04-09

Egun seinalatua zen gaurkoa. Orain dela hilabeteetatik agendan gorriz eta bi aldiz borobilduta geneukana. 11 erasoaren aurrean 12 erantzun emateko PREST geunden. Gasteiz betetzea zen asmoa, gure gorputzek kaleak hartzea; elkarrekin oihukatzea, dantzatzea, kantatzea, haserretzea, gozatzea… Eta lortu dugu. 12.000 lagun, 12.000 lagun feminista elkarrekin.

Goizean goizetik arnasten zen kalean handia izango zela gaurkoa; gogoangarria. Goizeko 11:30etarako saltoka eta dantzan zebiltzan batzuk; besteak aldiz, aurpegiak estaltzen ari ziren gaztetxe aurrean; beldurra aldez aldatzeko, gaua eta kaleak gureak direla aldarrikatzeko. Hori zen hori bietan egon nahi eta ezina.

Argazkia: TOPATUBuru berokiak jantzita, haserrea eta amorrua gorpuztuta kalejira egin zuten. Ileak tente jartzeko modukoa zen irudia: indarra, amorrua, borrokarako gogoa. Besteak berriz, saltoka, alai, dantzan. Hamabi edo gehiago izan daitezke #ErantzunFeminista(k).

Tanbor hotsa gero: Bom, bom, bom. Batukada, bandera moreak, zapiak, pankartak, besarkadak, begirada konplizeak. Irrintzika hasi da jendea, abiatzear zen manifestazioa.  Ibilbide bakarra baina bost ildo ideologikok gidatua: arrazakeriaren, kapitalismoaren, heteroarauaren, feminizidioen aurka; autodefentsa.

Kamioi handi batek eta traktore batek ireki dute bidea, noski, gidariak emakumeak; irribarretsu eta bozina hotsa nonahi, noiznahi. Manifestazioa abiatu eta gutxira albo batean zain zeunden buru berokiz estalitako neskak: “Eguna eta gaua gureak dira”, “gora borroka feminista”. Bi bengala eskutan hartuta batu dira manifestaziora. Aurrerago topatu ditugu beste zenbait emakume arrazakeriaren aurkako performance dotorea egiten: “Bai, beltzarana naiz eta harro nago”, “Bai, marokoarra naiz eta harro nago”, “Bai, Txinatarra naiz eta harro nago”… Zutik emakumeak eta baita azaleko ileak ere. Manifestariek txaloka erantzun dute.

12985389_10154067494564929_6599755066715513782_n
Argazkia: ARGIA

El Corte Ingles parean pankarta: “Kapitalismoak hiltzen gaitu”. 38 neurriak alua estutzen digula oihukatu dute, ozen. Kapitalismoaren aurkako pegatinak jarri, bengalak piztu eta aurrera jarraitu du manifestazioak. Baina aldarriak ez dira hor bukatu, indarkeria heterosexuala aizkorekin apurtu dute eta lesbianismo erradikala aldarrikatu.

Goiz guztian eutsi arren, azkenean hasi da euria. Aterkiak, plastikoak, xirak, dena delakoa hartu eta aurrera. Manifestazioa amaierara iristear zela azken aldarria; hamar emakume inguru lurrean etzanda, odoleztatuta. Matxismoak hiltzen gaitu.

Andra Mari zuriaren plazan amaitu da manifestazioa. Enparantza goraino beteta zela hasi da ekitaldia: Errefuxiatuekiko elkartasuna, bertsoak, aurretik aipatutako bost ildoen aldarrikapena. Eta kontatzen hasi dira/gara: bat, bi, hiru, lau…indarkeria matxistak eraildako emakumeak. “Indarkeria matxistak, klasistak, homofoboak eta arrazistak egituratzen du gizartea”, “zuloz beteriko gorputz pasibo eta bortxagarriak nahi gaituzte, beldurra izan da eguneroko ogia, kontrolatzeko beldurrean hezi gaituzte”,  “Gure bizitzaren protagonistak gara. Gure errealitatearen transformazio sozialaren eragin zuzena duen subjektu politikoak gara”. Txaloak, txaloak behin eta berriz.

Bukatzeko, zutik. Denok zutik, kateak hautsita. Zorionak, ederra izan da!

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *