Atzera kontaketa hasi da, 5-4-3… egun geratzen zaizkigu Gasteizen Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen indarkerien kontrako manifestazio nazionalerako. Jadanik eman dira milaka arrazoi Gasteizko kaleak betetzeko, jaso dira ehundaka testigantza, egongo ez direnak gogoan izan behar ditugula aldarrikatu dugu… Honekin guztiarekin argi dugu Apirilaren 9an 13:00tan non egongo garen. Baina badago egon ezingo duenik. Badago hark pairatu behar dituen indarkeriak salatu nahiko lukeenik, baina ezin duenik (ez behintzat Gasteiztik bertatik). Badago ezin duenik uzten ez diotelako, atxikiturik daukatelako, gatibu dutelako Espainiako edo Frantziako beste puntako espetxe batean.

Emakume presoez ari naiz. Egunerokotan sistema heteropatriarkarraren lege arrotzak pairatu behar dituztenez ari naiz. “Emakume gaiztoak” zigortzen dituen sistema horretan, egunerokotasunean aurrera egiten ahalegintzen diren horietaz ari naiz. Emakume onak sortzeko fabrikak dira espetxeak, feminizatutako rolak indartzen dituztenak (sukaldaritza, joskintza eta makrame ikastaroak soilik eskainiaz; kirolerako tartea kasik ezabatuaz; Funtzionarioak señorita deitzera behartuaz…). Emakume txar hauek gizarte patriarkal normalizatuan gizarteratuak izan daitezen prestatzen dituzte, askotan haien herrietatik, gertukoetatik oso urruti. Dispertsioa emakume presoen %50ari aplikatzen zaion lege ez idatzia da, zergatik? Ez daudelako haien inguruan haiek hartzeko prest dauden espetxeak. Eta haien umeak haiekin dituztenean zer esanik ez. Kasu horretan Picassent, Aranjuez edo Albolotera urrunduko dituzte, jakinik emakume preso asko haien seme-alaben zaintzaile bakarrak direla…

Eta dispertsioaz ari naizela, ezin ahaztu modu automatikoan urruntzea aplikatzen zaien Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak, kasu honetan bertako emakumeak. Dispertsio geografikoaz gain, espetxe barruan ere dispertsioa aplikatzen zaie, “arriskutsuak” direnaren aitzakian isolamenduan izaten dituzte asko eta asko, beste inor ikusteko, usaintzeko, entzuteko… aukerarik gabe. Arantza Zulueta bereziki gogoratu nahi dut momentu hauetan, espetxera sartu zutenetik isolatuta baitute (isolamendua luzatzea tortura gisa definitua izan da nazioarteko hainbat erakunderen aldetik, eta Arantzak 26 hilabete daramatza horrela!). Baina dispertsioa sufritzen duten beste batzuk gogoratu nahi ditut ere, presoen senide eta lagunak. Espetxeen itxarongelak emakumez beterik daude, eta  emakume (eta gizon) hauek guztiek milaka kilometro egin behar dituzte maite duten hori ikusteko. Hildakoak eragin ditu errepideak, haien bizitzetzan etengabeko moldaketak, leku aldaketak, baldintzapen ikaragarriak ekarri ditu errepideak. Eta haietako askok gurekin egon nahiko balute ere ezingo dute, kotxean, espetxe baten atarian edo gasolindegi bateko kafe makinaren aurrean egongo direlako.

Egongo dira ere furgonetetan daudenak, edo autobusetan hegoaldeko espetxeen bira egiten. Eta beraz, furgoneta edo autobus hauek gidatzen dituzten bolondresek ere ezingo dute gurekin egon. Indarkeria egoera bati, haien baliabideekin aurre egiten ahalegintzen egongo dira. Manifestazioa hasiko den momentuan Huelvako espetxetik ateratzen egongo dira senide eta lagunak eta bi pertsona egongo dira ondoko herriko kafetegian haien zain, etxera berriz eramateko indarrak hartzen kafe bero baten bidez. Mirentxineko gidarien artean, oraindik ere, gutxi dira emakumeak, sistemak gidari txarrak garela eta kotxeak gizonezkoen gauzak direla sinetsita izena eman ez dugulako. Eta berriz gurera gatoz. Hamaika eraso ditugu etengabean, batzuk gorpuztuak, besteak botatzen hasi garenak. Hamabi erantzun sortzen eta lantzen ari gara, eta horietako bat gure buruak indartu eta ondokoa laguntzean datza, elkarlanean.

Haiengatik guztiengatik, egon ezingo dutenengatik, ni Gasteizen egongo naiz, haien mezuak nire eginez, haien aldarriak ozen oihukatuz. Iritsi dadin eguna, denok elkarrekin ospatu ahalko duguna. Baina larunbatean indarrez, haserrez eta ilusioz kalera aterako gara.

Oihana Etxebarrieta
Oihana Etxebarrieta

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *