Zortedunak eta pribilegiatuak gu, zainduok
klitto! 2020-03-07

Testu hau Klitto!k Irutxuloko Hitzan hilero egiten duen kolaboraziorako idatzi da.

Ilustrazioa: Uxue Bereziartua

Bizitzak erdigunean jartzeko beharra azpimarratu genuen iazko martxoaren 8an. Lan produktiboan eta erreproduktiboan egin genuen planto. Guk, batez ere, erreproduktiboan. Izan ere, gure belaunaldiak badu zer hausnartua zaintza erdigunean jartzeari dagokionez.

Gurasoen zaintzapean hasi gara zortedun izan garenok. Beraien babesean. Amari deitu ohi diogu buruko mina hastean, istripu bat izatean, bikotekidearekin uztean, etxera bueltatu behar dugunean, babesa behar dugunean finean. Asko izan gara ama ikusi dugunok aiton-amonen zaintzan buru-belarri. Ordu libre guztietan haiekin ospitalean, mediku txandetara eramanez, etxebizitzaz aldatzen edo aldarazten gurasoen zaintzak hala eskatuta. Beste batzuk, adiz, denbora faltagatik, lanez gainezka daudelako, iristen ez direlako, edo beste mila arrazoi tarteko, beste batengan uzten dute zaintza lan hori. Gehienetan, gure herrira migratu duten emakumeengan.

Urte luzez emakumeengan egon diren etenik gabeko zaintza lanak beste emakume batzuen bizkar uzten ditugu. Emakume zuriok kapitalismoaren bidezko emantzipazioaren tranpan erori gara, eta gako neokolonialistaz egin dugu bidea: etxetik atera gara soldatapeko lanak egiteko, eta debalde eman dugun zaintza lan hori ia musutruk eman dezaten nahi dugu. Guk baino behar are handiagoa duen horrek. Neskametzaren inguruko begirada koloniala dugula dio mugimendu feministak, botere harremanak nabarmenak direla. Zaintzari aitortzen diogun balioa (dirutan, denboran…) begiratu besterik ez dago.

Baina zenbat balio du zaintzak? Ezinbestekoak ditugu gure bizitzako etapa guztietan eta zaintza lan horiek areagotu egiten dira gure bizitzen lehen eta azken urteetan. Emakume atzerritarrak menpekotasun eta esklabotza egoeran behar ditugu, Euskal Herriko gure zaintza sareak hornitzeko. Euskal Herriko feministok hausnartu beharko genuke gure ustezko askatasunak zer nolako esklabotza egoerak sortzen dituen; pentsatu beharko genuke ez dela bizitzarekin bateragarria zaintza lanei bizkar emanda bizitzea, sistema kapitalista patriarkalak bidea hori dela esaten duenean ere.

Eta hortxe, Hego Amerikatik Europara etorritakoen ahotsa entzun besterik ez dugu: Silvia Carrizo Malen Etxeako kideak Argian egindako elkarrizketa batean esaten zuen bezala, guztiok behar baitugu zaintza, gure bizitzako arlo guztietan: «Amonak ziur fardelak behin baino gehiagotan aldatu dizkiola eta orain 20, 25 edo 30 urteko gaztea ez dago gau bat bera ere amona edo aitona zaintzen geratzeko prest. Zaintza lanez gain, gertukoen maitasuna jasotzea ere beharrezkoa da».

Zaintza krisi sakon bat dugu, eta behar beharrezkoa da egoera honi feminismotik aurre egitea. Geure ardurak hartu behar ditugu, gure emantzipazioa beste emakume batzuen esplotazioan oinarritu ez dadin. Zaintza sareak antolatu behar ditugu eta erakunde publikoek ere euren ardurak hartu beharko dituzte. Prekarietatearekin amaitu, zaintza lanak duindu, soldata arrakalarekin bukatu eta morrontza egoerekin amaitu behar da. Sistema arrazista, klasista, patriarkal eta kapitalista hau irauli behar dugu. Ikusi besterik ez dago etxez etxeko langileen borroka edo erresidentzietako langileen aldarria.

Antolatu indarrak, batu borroka feministara! leloarekin hartuko ditugu kaleak igandean. Eta astelehenean, jarraitu beharko dugu pentsatzen zertarako antolatu nahi ditugun indarrak eta zertarako batu nahi garen borroka feministara. Hasi gaitezen diseinatzen zaintza sare zabal eta horizontalak dituen jendarte bat: antolatzeko gaitasun hori baliatu dezagun, gure zuritasunetik, pribilegioetatik, ihes egin eta errotik berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzen hasteko. Borroka feministara batzeak balio beharko liguke, estatu neoliberal, arrazista eta matxisten kalte eta gabeziak agerian utzi eta autodefentsa feministaz armatzetik haratago, gure egunerokotasunean erreproduzitzen ditugun zapalkuntzak ere identifikatu eta horiei aurre egiteko formulak asmatzeko.

Igandean, kalean ikusiko dugu elkar, menderatze sistema iraunarazten duen indarkeria matxistaren aurka. Gora borroka feminista!

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *