Zirt eta zart, txortan euskaraz #LizunTaZikin (II)

Historian lehen aldiz, postporno jardunaldiak egin dira Euskal Herrian, Medeak talde transfeministak antolatuta. Uztailaren 23tik 25era, “Lizun ta zikin” egitarau bete-betearekin, Donostian batu ziren postpornoaz hausnartzeko hamaika lagun.

Postpornoaren irakurketa politikoa: Pornoa bai, feminismoa ere bai

Hemen, jardunaldietako tailer batzuk, laburtuta:

Txortazaindia

Eta zuk, zein hizkuntzatan egiten duzu txortan? Egin daiteke txortan euskaraz? Jendeak egiten al du? Praktikoa da? Artifiziala? Euskararen garbizale zarenez, sexu harremanetarako erderetatik ekarritako hitzak erabiltzearen aurkakoa zara, eta inkomunikazioa nahiago duzu txortaldietan?

7

Hamaika galderekin ekin zioten “Txortazaindia” tailerrari Kattalin Miner eta Lore Lujanbiok. Funtsean, diagnostiko eta galdera bakarrarekin: euskaldunok pobre gabiltza sexu harremanetarako hiztegian, eta erderara jotzen dugu, oro har. Nola itzuli, bestela, me corro, estoy cachonda, hacer las tijeras, empuja… eta beste hainbat eta hainbat? Zer egin gure hiztegia euskalduntzeko?

Sexu harremanen euskalduntzea sustatzeko aspaldian argitaratu zen liburu bat ere izan zuten hizpide hizlariek. Aitzindaria Itzulipurdika deitzen da, Xirika gazte aldizkariak plazaratuta, “xirri partaideen irudimenerako gida aske” bezala aurkeztu zuten. Eta, euskararen aldeko saiakera izan bazen ere, tamalgarri xamarra, feminismoaren aldetik. Euskal Kamasutra moduko bat da liburua, hamaika praktika sexual agertzen dira, irudi eta deskribapenarekin bakoitza. Liburu apurtzaile behar lukeena, ordea, heterozentrista da, matxista (aluari kaiola, zerraila deitzen dio; zakilari, txoria), falozentrista, eta sexu harreman ez hegemonikoak kontutan hartzen ez dituena. Praktika homosexualak, lesbianak, pertsona ugarikoak, mugikortasun mugatua duten pertsonenak… alderatuta ala agertu ere ez.

Erantzun konkretu bat eman baino, hausnarketari ateak irekitzeko balio izan zuen tailerrak. Zalantzarik gabe, gabezia nabaria dugu sexu hizkuntzan eta, horri erremedioa –feministaki- jartzen hasi behar.

Pintza tailerra

Estimulaziorako aurkitu daitekeen tresnariarik sinple, merke eta eskuragarrienak izango dira, seguru asko, pintzak. Arropa eskegitzeko erabiltzen diren horiexek berak, bai. Nola erabili, ordea, pintzak, modu seguru, polit, sortzaile eta kinkian?

3

Pintzak erabiltzen ikasteko tailerra ere egin zuten postporno jardunaldietan. Hockney-ren eskutik izan zen. Denbora luzez hitz egin lezake Hockney-k pintzen inguruan, badago eta zer kontatu: hamaika modutako pintzak daude, egurrezkoak, plastikozkoak, metalezkoak… eta bakoitzak baditu alde onak eta txarrak.

Zinez eskuragarriak dira, merkeak, gorputz osoan jar daitezke, erabilgarritasun anitzekoak, sexu/sexurik gabeko praktiketan, eta estetikoak dira. Normalean, pintzak beste jostailuekin batera erabiltzen dira, pintzekin bakarrik jolas osoa eraiki daiteke, ordea. Helburua, garrasi egitea, plazerez eta/edo minez.

Alde negatibo bezala, pintzak ipintzean sortzen duten minaren kontinuma, izan ere, pintzak kentzean, min gorakada bat sortzen da atzera ere.

Nolakoa da, hortaz, pintzek sortzen duten mina? Hasieran, min sarkorra eta sakona da. Asko jartzean, mina konstanteagoa eta jasangarriagoa da. Pintza bat edo birekin, mina oso adierazgarria eta identifikagarria da gune horietan. Pintza gehiago jartzean, mina banatu egiten da, eta zailagoa da mina zehazki NON den identifikatzea. Pintzak egondako tokian, atzera ere jartzean, estimulatzean beste min gehiago sortzen da. Kentzean, berriro min gorakada egoten da.

Hasiberrientzat, oharra: bost minutuz ipini, gehienez. Pintzen minetara ohituta ez dagoen norbaiti asko jartzean, min gehiegi jasan lezake pintzak kentzean; gogoratu beharrekoa da, jartzen ari garela, pintzak kentzean mina areagotzen dela.

Eta osasun pautak ere eman zituen Hockney-k: genitaletan, plastikozkoak bakarrik erabil daitezke, garbitu daitezkeen bakarrak direlako (eta esterilizatu). Osterantzean, pertsona bakarrarekin erabili behar da pintza bera, sexu harreman seguruak eduki nahi badira. Bestalde, pintzak ezin dira jarri inola ere begietan, orbainetan eta piercingetan (berriak badira).

Flogger tailerra

Hockney-k berak eman zuen jarraian, flogger tailerra. Tira asko dituen zartailua (latigo) da floggerra. Hockney-k azaldu zuenez, berarentzat oso pertsonala, intentsoa eta emozionala da floggerra erabiltzea; bere besoaren luzapena balitz bezala erabiltzen du. Emozionala deritzo, historikoki, zigorrerako erabilia izandako tresna denez, sentimendu oso sakonak eta ezberdinak sortu diezazkiokeelako pertsona bakoitzari, flogger batez kitzikatu edo jotzean.

Floggerrei dagokienez, forma askotakoak eta, material anitzez egindakoak daude (larruzkoak, plastikozkoak, harizkoak, gomazkoak…), baina batetik bestera benetako ezberdintasuna eragiten duena pisua da. Bi zati ditu floggerrak: heldulekua, eta tirak.

Hildo horretatik, bi oinarrizko aholku eman zituen Hockney-k floggerra erosterako orduan kontutan hartzeko: pisu antzekoa eduki behar dute tira eta heldulekuak eta, osotara, besoaren adinako luzera.

Erabiltzerako orduan, bakoitzarentzat eroso den moduan baliatu daiteke floggerra: eusteko modu anitzak daude, norberak bilatu behar du berarentzat egokia. Eta modu seguruan erabiltzeko azalpenak ere bai: inola ere ez da jo behar aurpegian, giltzurrun aldean, buruan eta lepoan.

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

1 Iruzkin

  1. Harritu egiten nau euskaraz txorta egiteko arazoena. Nik arazoak erdaraz egiteko ditut, hiztegia sobera artifiziala eta telenobeletakoa iruditzen baitzait. Aldiz euskaraz eroso aritzen naiz. Berez, ia beti euskara erabili izan dut txortarako eta ez dut problemarik izan. Hiztegirik bazenik ere enekien baina hortarako dugu imaginazioa! Inoiz ez dut komunikazio arazorik izan euskaraz aritzeagatik, aldrebes. Askoz goxoago egiten zait unea. Ez da gauza bera igurtzi batzuk euskara lizunean edo filmeetako espainol edo frantsesez egitea! Alde ederra dago! Gainera mugak gainditzeko balio du!
    Agian izanen da lehendabiziko sexu harremanak euskaraz izan nituelako, baina normalki erdaraz aritzen naizenekin ere txortarako euskara hartzen dut (egia da batzuek espainolez ere egin izan didatela, baina txortarako arrotza egiten zait)
    Halere bakoitzak egin dezala ateratzen zaion moduan, ongi pasatzea da helburua!

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *