Emakumeongan sustraitu duten beldurrik handienarekin topo egin dut, zoritxarrez, ostiral honetan. Bortxaketa saiakera baten testigu izan ginen Istanbuleko (Turkia) Istiklal kale inguruan. Pazientzian beste zimur bat eragin didan zapalkuntza jasota geratu dadin, idaztea erabaki dut.

Goizeko 4:30ak aldera zabalik zegoen azkeneko tabernarantz gindoazen hamabi ikasle inguru, denak kanpotar Erasmus-happy-zaratatsuak. Taldeko neska bik pixagura zutela eta, gainerakook zain geratu ginen, eurak bazter batera joan bitartean. Orduantxe izan zen; mutil ezezagun batek nesketako bat besoetatik eutsi eta etxe baten barrura sartzen saiatu zen. Beste neskak garaiz tira egin ahal izan zuelako lortu zuen laguna askatzea. Mutila etxe barruan ezkutatu eta eskaileretan gora joan zen ihesi.

Ateari bultzaka eta oihuka hasi ginen denok orduan. Okerrena, baina, iristear zegoen, kotxe polizial baten barruan. Bi uniformedun eta kaleko jantzitako sei, zortzi, hamar, ez dakit zenbat poliziaz inguratuta geunden ohartzerako. Gertatutakoa nola hala azaldu eta “lanean” hasi ziren: uniformedunak barrezka, jendetzara inguratu ziren gainerako gizonekin hitz egitera, hanka-zabalik; kaleko poliziak eskuan pistola bana hartuta, auskalo zenbat droga janda, eskaileretan gora eta behera hasi ziren eroen pare.

Bitartean, bortxatu zuten neska (bortxaketa bat izan baitzen hau ere) ingurutik aldendu zen lasaitzeko. Polizia bat bila joan zitzaion erruduna identifika zezan, eta besotik arrastaka eta bultzaka ekarri zuen berriro portalera, atxilotu beharrekoa bera bailitzan. Gainerakook (neskok, mutilek gero eta jarrera pasiboagoa agertzen zuten) neska beste behin askatu eta poliziarekin eztabaidan hasi ginen. Edozer oihukatu zigun turkiarrez, eta barre egin zigun bere lankideen onespena begiradarekin bilatzen zuen bitartean.

Galderak hasi ziren gero. “Mozkortuta al zaudete?”, “Ziur horrela gertatu dela?”, “Zergatik egin duzu pixa kalean, taberna hor ondoan egonda?”, “Ei, mutilak, kontrolatu itzazue zuen neskak e! Niri ez diezadatela horrela hitz egin”. Gizon asko zeuden, denak hizketan, denak iritzia ematen. Azkenerako neska denok bazter batean zokoraturik geunden, amorrua, umilazioa eta inpotentzia elkarri eskutik helduta baretu nahian, babesa izan behar zuena bigarren eraso bilakatu zelako. Poliziek barrezka jarraitzen zuten, esku batean pistola eta bestean tasbih-a hartuta (musulmanen arrosario itxurako otoitzerako objektua), gizon eta armatu botere maila gorenean.

Mutil bat atxilotu zuten azkenean, bortxatzailearen aurpegia ikusi zuten neska biek hura ez zela izan mila aldiz esan arren. Ez zieten sinetsi. Eguna argitzean etxera joateko agindu ziguten, jabetza pribatu baten aurrean zalaparta ateratzen ari ginela eta.

Negarrez iritsi nintzen etxera, eta inpultsu primario bat sumatzen nuen errudun erraz bila, kultura musulmana adibidez. Baina biharamunean pisukide alemanak (eta mutilak) Koloniako gertaeren harira “musulmanei emakumeak nola tratatu behar diren erakutsi behar diegu” esatean, eta atzetik italiarrak (mutila hau ere) “Nerea, zure lagunak Istanbuleko kalean pixa egitea ere! Nik ere ez dut egiten, eta hori mutila naizela” jarraitu zuenean, mundua kaka handi bat dela gogorarazi zidaten beste behin, beltza edo zuria, patriarkaka handi bat besterik ez.

Nerea Ibarzabal
Nerea Ibarzabal

4 Iruzkin

  1. Emakumeek nahi duzuena egin dezakezue zuen gauzekin, baina gizon bezala errespetua eskatzen dizuet kaltetzen ez zaituzten gure ohiturekin.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *