Zer da Klitto! ?

Klitto! atari digitala feminismoaren inguruko aldizkari digital euskalduna da.

Euskal Herriko mugimendu feminista indartsua da, berritzailea, eta gero eta zabalkuntza eta eragin handiagokoa. Espazio mediatikoak bereganatzen ari da, pixkanaka; hedabide tradizionaletan lekutxoa eskaintzen diote egunkari, aldizkari, telebista eta irrati generalistek. Gainera, kolektibo feminista gehienek badute euren atari digitala, edo badute espazioa sare sozialetan.

Halaber, feminismoaren inguruan euskaraz arituko den gune espezializatu baten falta nabaria da. Euskal Herriko Mugimendu feministek erderazko medioak dituzte erreferente nagusi, eta gabezia horri aurre egiteko asmoz sortu da Klitto! atari digitala.

Horrenbestez, Klitto! atari digitalaren oinarri, bide eta helburua feminismoa da. Feminismoaren inguruko gaiak jorratzen dira Klitto!-n, ikuspuntu feministarekin interpretatu eta lantzen dira albisteak, eta feminismoari ikusgarritasun eta irisgarritasun handiagoa ematea da helburua, euskara hutsean.

Astean, gutxienez, hiru eduki argitaratzen dira Klitto!-n. Horietatik bi ataria osatzen dugunok sortuak, eta bat kanpotik ekarritako kolaboratzaile batek.

Kolaborazio hori ahalik eta askeena izatea da helburua. Horregatik, autoreak berak erabakiko du zein gai jorratu, zein genero edo adierazpenen bidez, zein baliabide erabiliz eta zein luzerarekin.