Hernaniko Kale Nagusitik maldan gora nindoala entzun nuen lehen oihuak larunbat gau osoan izango nuen haserrea piztu zidan. “Eh morena!” oihukatu zidan sagardotegira etorri ziren eta ordu hartarako mozkorrak zeuden gizonetako batek. Orduan etorri zitzaidan burura gaztetxoagoa nintzen garaian ematen nuen kale buelta lagunekin geratu nintzen lekura heldu arte, mozkor tartetik ez pasatze arren. Barrutik berotasun bat sentitu nuen eta zerbait erantzuteko gogoa nuen arren, beste aldera begiratu eta aurrera jarraitu nuen. Hernaniarra izanik sagardotegi garaiko gertaera hauek oso ezagunak ditut eta badakigu nola bukatzen diren istorio hauek. Kalea zeharkatzen igaro nuen batean lau begirada, goitik berako eskaner bat eta “Eh morena!” bat jasan behar izan nituen.

Bista atzera bota nuen eta ez zitzaidan kasualitatea iruditu kalean zeuden sagardotegira etorritako ehuneko handiena gizonezkoak izatea. Sagardotegi denboraldi hasieran Kattalin Minerrek idatzitako testuaren izenburua etorri zitzaidan burura: “sagardo berria, ohitura zaharrak”. Berriro oroitu nituen hitz hauek taberna gizonez beteta ikusi nuenean. Edota sagardotegi batean bertako langileak ikustean. Sagardotegietan ere, rolak argi zehazturik daude eta. Sarri pentsatzen dut ea zergatik diren txotxero gehienak gizonezkoak. Guztiak ez esatearren, ez baitakit ziur. Emakumerik ez al da prest azaldu lan hori egiteko? Edo inork ez du planteatu emakume batek betetzea tradizioz gizonarena den lana?

Asterokoa da hau, astebururokoa. Urterokoa. Kaleak lepo, lau hilabetez San Juan jarrai batzuk izango balira bezala. Jaia, parranda giroa, Euskal Herriko txoko ezberdinetako jendea herri berberean bildurik. Horrela esanda ederra dirudien arren, txanponak beti ditu bi alde. Parranda giroan dena baita zilegi, eta are gehiago ligoteo kontuez ari garenean. Edonori edozer esatea edo egitea ahalbidetzen duela ematen du alkoholak. Hala uste dute batzuk behintzat. Baina lagunak, ligoteoa gauza bat da, eta bestea oso ezberdina ingurukoei enbarazu egitea eta iraintzea. Eta dena ez da zilegi parrandan, ez inon.

Orain, denboraldiari amaiera ematen ari garen honetan, hurrengo urtean Hernaniko, Astigarragako edo Urnietako kaleak zapaltzen dituztenei beren jarrera matxistak etxean uzteko eskatu nahi diet. Kattalin Minerren hitzak berriro oroituko ez ditudalakoan. Lau hilabete horietan ere kafe bat hartzera kalera lasai irtengo naizela amesten jarraituko dut, inork enbarazurik egin gabe, urte bat gehiagoz.

 

Uxue Bereziartua
Uxue Bereziartua

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *