Eusko Legebiltzarrak onartu du zaintza partekatuaren legea, EAJ, PP eta UPDren babesarekin. PSE abstenitu egin da puntu gehienetan eta EH Bilduk aurka bozkatu du. Orain hiru urte guraso bananduen Kidetza elkarteak aurkeztu zuen herri ekinbide legegilea, nahiz eta parlamentuak aldaketa asko egin dizkion hasierako proposamenari. Testuak berdintasun eta erantzunkidetasun kontzeptuak aipatzen ditu helburuetan, baina mugimendu feministak kontra azaldu dira. Zergatik?

Aurkako ahots gehienek honako irakurketa egiten dute: erabateko berdintasunean dagoen gizarte batentzat egindako legea dela dirudi eta, haien ustez, maila berean ez dauden bi eragile berdin tratatuz gero, desberdintasunak mantendu egiten dira.

Zenetik denera

Kidetzak testua aurkeztu zuenetik hiru urte igaro dira dagoeneko. Izan ere, EAJ, PP eta UPDren babesarekin legea onatu arren, hainbat aldaketa egin dizkiote.

Esanguratsuena zaintza partekatua lehentasunez ez ezartzea da. Kidetzaren proposamena ia modu automatikoan zaintza partekatua ezartzea zen, baina ez da hala izango. Epaileak erabakiko du ezarri ala ez, baldintza batzuen arabera: gurasoek aurrez seme-alabekin izandako jarduna eta jarrera, haiekiko daukaten lotura, umeen kopurua eta adina, haien iritzia (12 urte baino gehiagokoak badira)…

Dena den, ez da hori aldaketa garrantzitsu bakarra. Zaintza partekatua ezartzen ez den kasuetan bi gurasoek izango dute umearekiko agintea, salbuespenak salbuespen; esaterako, indarkeria sexista jazo den familietan. Kidetzak aurkeztutako proposamenean ordea, ez zen nahikoa epaileak genero indarkeriaren “zantzu arrazoizkoak” topatzea. Areago, salaketa bera nahiko arrazoi ez izatea proposatu zuen, eta genero indarkeriagatik zigortutako pertsonek zaintza eta bisitak izateari erabat uko ez egitea, epailearen esku utziz erabaki hori.

Bestalde, etxebizitzaren auzian Kidetzaren proposamena etxea likidatzea zen. Hau da, etxea bietako batek erostea, besteari bere zatia ordainduz, edo hirugarren pertsona bati saltzea etxea osorik, eta salmentako dirua banatzea. Parlamentuak bertan behera utzi du proposamen hori.

Jarraian, lege berriak ekarriko dituen aldaketa aipagarrienetako batzuk bildu ditugu:

  • Prozedura martxan jartzeko, gurasoetako batek propio eskatu beharko dio epaileari zaintza partekatua, eta epaileak ezarri ahalko du, nahiz eta bestea aurka egon. Betiere ez bada kaltegarri adingabeen interesarentzat, eta inguruabar batzuei kasu eginda.
  • Gurasoak ados egotea eskatu du Espainiako Auzitegi Gorenak, bestela ezin delakoan umeen interesa ziurtatu. EAEko legeak ez du baldintza hori jarriko; bikotearen artean desadostasunak egon arren, zaintza partekatua ezarri ahal izango da.
  • Zaintza partekatua ezartzen ez den kasuetan ere, bi gurasoek izango dute umearekiko agintea (epaileak bietako bati eskubide hori ez badio kentzen behinik behin, genero indarkeria kasuetan esaterako).
  • Umearen zaintza duen gurasoa geratuko da etxearekin. Zaintza partekatuaren kasuan, bi aukera egongo dira: etxea biek txandaka baliatzea edo baliabide gutxien dituen gurasoak jarraitzea etxean. Etxean bizitzen segitzen duen gurasoak alokairu gisako bat ordaindu beharko dio bikotekide ohiari.
  • Umeen beharretarako dirua nork eta nola jarriko duen, epaileak zehaztuko du. Horretarako kontuan hartuko ditu haurraren beharrak, guraso bakoitzaren ahalmen ekonomikoa, guraso bakoitzarekin zenbat denbora pasatzen duten umeek…

Aurkako ahotsak

Mugimendu feministetatik begi txarrez ikusi dute lege berria. Jarraian batu ditugu legeari egindako kritiketako batzuk:

  • Familia mota bakoitzari kasuan kasuko zaintza mota egokitu behar zaio.
  • Bikotearen artean desadostasunak daudenean, zaintza konpartitua ezartzeak kalteak sortzen ditu haurrarengan.
  • Elkarbizitzan ez dago berdintasunik, ez erantzukidetasunik. Auzietako asko etxebizitzari eta pentsioari buruzkoak dira.
  • Gurasoen arteko harremanak ona izan behar du eta sistema bien artean adostu behar dute, ez epaile batek.
  • Legeak planteatzen duena ez da zaintza partekatua, alde bakarreko zaintza partekatua da.
  • Sexu indarkeria espreski salatu ez den kasuetan legeak ateak irekitzen dizkio zaintza partekatua ezartzeari.
  • Gurasoetako batek eskatuta, zaintza partekatua sistematikoki emateak ondorio sinboliko kaltegarriak izan ditzake; esaterako, haurrak etxean ikusi badu gurasoetako batek bortxaz edo arduragabekeriaz jokatu duela.
  • Zaintza partekatua ez da lehentasunezko lez ulertu behar, baizik eta amatasun eta aitatasunaren ondorio desiragarri bat lez, interes ekonomiko edo beste interes batzuetatik urrun.
Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *