Women In Black Bilbora bueltatuko da ekainaren 26an
klitto! 2015-06-14

Beltzez jantzitako emakumeek hartuko dute, beste behin, ekainaren 26an Bilboko Gran Via, gorputz hilak irudikatuz. El Corte Ingleseko kutsu modernoa apurtu eta metrotik atera berri direnen arreta deitzeko balioko du behinik behin. Helburua: Indarkeria matxista ikusaraztea eta salatzea. Atzean, Women In Black mugimendua.

Women In Black performancea Bilbon. (Argazkia: Angie Found)

2013. urtean abiarazi zuten ekimena Bilbon Maria Secok eta May Serranok. Ordutik, hazten doa pixkanaka Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan: Besteak beste, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Peligrosen, Iruñean, Gasteizen eta Donibane Lohizunen egin dute performancea.

“Garrasi egin nahi genion munduari eta ozen esan indarkeria matxista gizartearen arazo bat dela eta ez kontu isolatu bat”, esan du Serranok. Erailketa matxisten aurka borrokatzeko tresna bat behar zuten, eta hortik jaio zen performancearen bidez aldarri egiteko burutazioa: “Serrano eta biok batu ginen eta pentsatu genuen garrantzitsua izan zitekeela ekintza artistiko bat gauzatzea”.

Edonork har dezake parte Women In Black mugimenduan, eta ekimenaren deialdia ere edozein elkartek luza dezake: “Elkarte ezberdinen iniziatibaz deitzen da Women In Black performancea eta gure lana informazioa eman eta deialdia babestea da”, esan du Serranok.

Barrenak hala eskatutakoan kaleak hartzea da Woman In Black mugimenduaren egitekoa: “Ekintzara pasatzeko sentimenduari erantzun bat eman nahi diogu”. Bat datoz biak esatean oraindik jendartearen zati handi bat ez dela arazoaren muinaz jabetu: “Hilketa matxistak ekintza terroristak dira, eta gisa horretan erantzun behar zaie”.

Artearen eta performancearen bitartez indarkeria matxista ikusarazteko, salatzeko eta garaitzeko beste ahalegin bat gehiago da Women In Black. Gorputzak gorpu bihurtuta isilik egin nahi dute deiadar.

Pikara magazine aldizkarian maiatzak 26an Bilbon ateratako hainbat argazki bildu zituzten.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *