Uztartu
Itsaso B 2017-04-24

Orain pare bat hilabete Medeak Transfeministak taldetik  Nagore Iturriozek kontaktatu ninduen Donostiako Emakumeen Etxean lodiaktibismoari buruzko hitzaldia emateko. Transfeminismoa bezain esanguratsua den zerbaiten hastapenetan parte hartu duen norbaitekin hitzegiterakoan, ez da bitxia urduritasuna sentitzea nire izaera honekin. Beraz, ez zitzaidan arraroa egiten, mezuak elkartrukatzen genituenean, nire ezjakintasun konplexu hau zarataka burmuineko tolesturetatik zebilkidala entzutea. Baina, horrek erakutsi zidan, aurreiritziak aurreiritzi, gauza bat nire pertzepzioak direla, eta beste bat errealitatea. Hain eroso sentitu nintzen bertan hizketan, sorpresa ikaragarri ona eraman nuela! Horrexegatik, kontatu behar dudala iruditu zait.

Alde batetik, betidanik aisialdia oinarritzat edukita existitu izan den morroska mardul masailgorriaren arketipoa. Beste aldetik, bizitzeko gorputz masa nahikoarekin, batetik bestera zazpi gauza batera egiten dabilen, multitasking famatuaren genesiaren sortzailearen arketipoa. Bi mundu ezberdin? Araututako mundu berean bizitzeko eretako bi.

Hemen, pilaketa ekonomiaren antonomasia: janaria, haragia, esfortzuarekin konkistaturiko espazioa. Gehiegikeriazko gehiegikeria. Han, subsistentzia ekonomiaren pertsonifikazioa: erantzunkizuna, zorroztasuna, esfortzuarekin konkistatu gabeko espazioa. Biok emakume izateari utzi diogula argi daukagu gure gorputzen prozesuak direla medio. Hala ere, hainbat eta hainbat galdera. Zergatik gorputz ezberdinak konparatzeko eta kontrajartzeko inertzia hori? Zergatik dikotomizatzeko joera madarikatu hau? Zergatik “benetako emakumeek kurbak dituzte”? Zergatik “kilo batzuk argalduko bazenitu zeinen ondo egongo zinatekeen”? Ez gara izaki estatikoak. Gure gorputzak “ziren moduan”, “diren moduan” eta “izango diren moduan” existitzen dira. Gorputz funtzional bikain hauek, heste mehe eta heste lodi bana badituzte, nor gara gu, nor zarete zuek, egunerokotasunaren kontzeptualizazioaren izenean, gure artean ezberdintasun antitetikoak seinalatzeko, aniztasuna baikorra izango ez balitz bezala?

Egia da itsusifobia eta ederpribilegioaren teorizazioan gabiltzan honetan, argaltasuna, loditasuna, nutrizioa… hots, gure itxuran influentzia duten faktoreek orokorrean, Euskal Herrian duten pisu edo/eta pisu eza aztertzeko xedea dugula. Hau da, gure itxura fisikoaren inguruko hausnarketa konkretuak sortu nahiko genituzke, beti ere zapaltzen dugun lur eta okupatzen dugun espazio honetan ikusten dugunaren arabera, orokortze sinplistetan erori gabe. Dena den, ikaragarri argi daukaguna da, emakumeon, edo emakume izateari utzi diogunon, arteko hedonismo eztabaidaezinetik egin nahi eta behar dugun zerbait dela.

Hau bai sorpresa, orduak eta orduak hitz eta pitz eman ostean, konturatu ginenean gure narrazioak eta narrazio hauen analisiak, erabat paraleloak zirela! Deskubrimendu extra bat ere egin genuen: hitzek, komunikazioak, experientzien elkartruke gardenek, inposaturiko beste edozein ekintzaren zentraltasuna deuseztatu egiten zuten. Elkarri hitz egiterakoan, geure buruak eta gorputzak ardatz moduan jarriz, beste edozein egiteke geneukan ariketa, bigarren maila batera mugitzen zen. Zergatik? Gu geu, egiazkotasunetik igorle, hartzaile, kanal eta mezu garenean, testuinguruak bost axola digulako. Egoten, izaten, testuinguru propioa sortzen dugu, gu garelako beharrezko zaigun testuinguru bakarra. Ofizialtasunak, normaltasun eta normatibitatearen Lucrecia Massonek azaldutako ditxosozko “linea”k gurekin jai dauka. “Linea” zaintzera eta onargarria denaren linea estu hori ez igarotzera behartzen gaituen jendarte horrek-honek gugan kontrola ezartzearen konnotazio iraintzailea hankatartetik pasatzea erabaki dugu inongo asanbladarik gabe. Gu, gurera. Bazterretara bultza gaitzakete nahi duten beste, baina ez dakitena da, gure konpas, denbora eta jakintza propioekin erdigune anitzak birsortzeko gai garela elkarrekin batzen garenean.

Utzi bakean gure gorputzak. Gure gorputzak gureak dira. Gure gorputzak, gure erabakiak.

Itsaso B
Itsaso B

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *