Asteroko autobuseko joan etorria probestuz, abian doazen zuhaitzetatik kendu dut begirada. Bizkar-lagun dudan motxilatik portaila atera eta, klik. Ondoko aulkian doan emakumeak zeharka begiratu du pantaila. Zertxobait kulunkatu dut, lotsatuta. Aspalditik neukan jasoa gonbidapena esaldi batzuk idazteko eta mila buelta eman ostean, buelta gehiago ez ematea erabaki dut. Kaixo irakurle.

Mutilaren etiketarekin jaio nintzen. Amaren alutik kuku egin aurretik mutila izango nintzela erabaki zuen mediku bata zuridunak, ekografian zakila aurkitu zidan eta… eureka! Jaio eta Eusko Jaurlaritzaren bedeinkazioarekin “mutilentzat” aukeratutako izen sabinianoa jarri zidaten. Urdinez jantzi eta herriko plazan baloiari ostikoka nenbilela aitaren lagun batek esan zuen, “honek Athleticen bukatuko du!”.

Mutila izaten jarraitzen dut. Horrek dakarren pribilegio eta onurekin. Zakila daukat. Horrek dakarren pribilegio eta onurekin. Urdinez janzten naiz, baina jada erosten ditut kamiseta arrosak ere, amarekin probadoretik probadorera ibili gabe. Izen sabiniano bera daukat, baina ez zaizkit sabinianotarrak batere gustatzen. A, eta ez dut Athleticen sekula jokatu, jada ez zait futbola gustatzen.

Feminista izan nahi duen indibiduotzat daukat ene burua. Gizontasunaren hegemonia apurtu nahian nabil, baina ez da erreza. Rol maskulinoak deseraiki eta zapaltzaile izatetik iraultzaile izatera igaro nahi dut. Etengabeko prozesua, etengabeko iraultza, barne iraultza. Kontraesanez beterik, sistema patriarkalak izan behar naizen hori biluzteko asmotan idatziko dut Klitto!-n. Barren-barrenean sentitzen ditudan kontraesanak apurtzeko laguntza eske, edota bizipenen narrazioetan.

Urertzetik idazten dut nire lehenengo ekarpentxoa, aurkezpentxoa, akaso. Ezer zehatza baino, uraren tenperatura usaintzera nator oraingoan. Proiektu feminista baten atari digitala ozeano bat dela iruditzen baitzait. Nola egin igeri bertan? Bakarrik? Norantza? Noraino? Nola? Astiro sartu edota asko pentsatu gabe “bonbaz” salto egin eta lehertu.

Ezin eskertu gabe bukatu parte hartzen utzi didaten hiru larrosei. Gaurkoan hanka bat sartuko dut ozeanoan, neskak, tenperatura usaindu eta ea bigarrena sartzen dudan. Momentuz, urertzetik.

Mister Ni
Mister Ni

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *