Ura
Ana Iruretagoyena 2016-06-29

Espazio murriztura mugatzen da guztia, ohe handi bat izanagatik ere. Atzean dut Bata, aurrean Bestea, belauniko gaude. Bestearen ezker eskuko hatza miazkatu dio Batak, ahoan sartu eta bero eta umel sentitu du mingainean. Ahoa muxukatu diot Besteari, gozo hasieran, baina gogoz, grinaz ondoren. Gerritik heldu nau eta bizkarretik bularretaraino luzatzen diren laztanak sentitzen ditut Bataren eskuetatik. Lekualdaketa: etzan egin dira biak, Bestea ahozgora, Bata du gainean, eta instante batez gelditzeko eskatu diot denborari, aurrean dudanari tentuz erreparatu ahal izateko: inoiz ikusi dudan espektakulurik ederrena, ziur asko.

Bataren gorputz harmoniatsu, borobildu, leun, zuri, bigun, ezagun eta gozamenez betea, berria zaigun Bestearen larru ilunago, bular tente, sabel lau eta aldaketatik luze agertzen zaizkion izter eta hanketan korapilatuta eroso. Muxukatu dizkio Batak lepoa, ezpainak, bularrak eta eragin die titiburuei mingainarekin gogor, niri gustatzen zaidan moduan. Astiro jaitsi du eskua Bestearen enborretik aluko ileetaraino, eta laztandu dizkio, zirrara txiki bat eraginez.

Tentetu da orduan Bata, eta belaunen gainean, gerturatu da Bestearen burura, ahoaren gainean eseri zaion arte. Ekin atzera ere. Bestearen gorputza deskubritzera noa, suabe ari baitzaio miazkatzen alua Batari, aldakak aurrera eta atzera mugitzen dituen bitartean, azala gogorragoa du Besteak eta gaziagoa da zaporez, mikatzagoa ere bai. Gorputz ikusgarria du, bular borobil eta hanpatuak eta sabel, beso eta izter muskulotsuak. Muxukatu dut kontrako norantzan, oinak txupatu dizkiot aurrena, eta goranzka, belaunen barnealdean arin, eta izterren barrualdean kosk, oilo ipurdia azaleratu arte. Aluari eragin diot orduan: eskuineko bi hatz ahoan busti eta bere ezpainetan presio pixka bat eraginez, klitoria igurtziz poliki gero, ahoan sartzerako apur bat puztuta egon dadin. Mingain eta jario arteko jokoa.

Iritsi zaio barruraino plazera Besteari, eta Bataren aluak estaltzen badio ere, ihes egin dio intziri batek: bien arteko hasperenek partekatzen dute orain tempoaren pauta. Ahoari hatzez laguntzen diot orain, baginako sabaiaren goikaldean estu eraginez, eta Batak L posizioa utzi du, Bestearen ahoa muxukatu eta bularrak laztantzeko.

Lekualdaketa. Arnasa behar du Besteak, eta beroegi gaude Bata eta biok. Ezagutzen dugu elkar. Ahozgora etzan da eta muxukatu diot buruz, bihotzez dakidan gorputz osoa. Hainkatu ditut tente eta ximur dituen titiburuak, aurpegia ito dut bere bular tartean. Gozo, izerdian gazi, zoratzen nauen gorputz usaina lurruntzen zaio bero. Badakit nola gustatzen zaion, klitoria zurrupatu eta mingainaren puntaz azkar eraginez; ezustean, hatz pare bat sartu eta abiadura eta indarra esponentzialki areagotuz. Oihu. Eta umel sentitu dut une horretan nire aluan Bestearen muxua, gorputza zeharkatu dit.

Ezin diot zamari eutsi eta ahozgora etzan naiz. Gorputzean zehar ditut biak: goian, beheran, aurpegian, hankartean, nire gainean korapilatzen dira biak ere, zentzumenak saturatu dizkidate. Elkar edan, elkar busti, elkar igurtzi, larrua jo. Oxigeno bulkada bat eta nekeak hartuta. Ura. Elkar laztanduz lo.

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *