Ume-tokia?
Katta 2017-06-14

Antinatalismoa ugaltzearen kontrako jarrera da. Posizionamendu hau hartzeko hainbat arrazoi daude. Ugaltzea erabakitzea eta, modu berean, ez ugaltzea, erabaki politikoak dira.

Idatzi hau ez da formalismo bat. Horrenbeste ustelkeria irentsi ondoren hesteetan pilatutako puzker kiratsdunak libratzeko garaia da.

Hasierako puntu bat: hau ez da umeak ez zaizkidalako gustatzen, askotan umeekin hobeto moldatzen naiz helduekin baino.

Ekimen feminista askotan amatasuna oso kontuan hartzen da: jardunaldietan haurrentzako txokoak, espazio feministetan haurdunaldirako tailerrak, aldizkari feministetan amatasuna eta erreprodukzioa goraipatzen duten idatziak… Askotan iruditzen zait heterosexualitatea eta ugaltzea aukera pertsonaltzat ikusiak direla.

Simone de Beauvoir-k zioen bezala, amatasuna ezingo da inoiz modu aske batean bizi, izan ere, haurra jaiotzean (eta askotan oraindik jaio gabe dagoenean) iada estatuaren propietatea izatera pasatzen da. Estatuak gizaki berriak behar ditu diru-iturriak bermatzeko. Amatasuna ezingo da inoiz iraultzailea izan.

Nire aita heteropatriarkatua bera gorpuztua da, eta hortik nire gaur egungo jarrera askoren inspirazioa. Eskerrik asko aita, zure influentziarik gabe ez nintzateke seguruenik hain burugogorra izango. Hark, txikitatik esan dit emakumezkoen edo edozein emeren funtzioa haurrak izatea dela. Haurra izateak beste ezerk ematen ez dizun bizipoza ematen omen dizu eta, nola ez, bakarrik ez hiltzeko ezinbestekoa da umeak izatea lehenengo.

Ginekologoarena joan naiz fertilitate madarikatu hau kentzeko eskatzera, ez dira gutxi izan bere ahaleginak ni atzera botatzeko. Ea ziur al nagoen ez dudala ama izan nahi, ea ez ote dudan DIU bat nahiago… Oraindik beste ginekologoekin hitz egin behar du, ea prest dauden 22 urteko neska osasuntsu bati ugalkortasuna kentzeko bizitza guztirako.

Ezin da ukatu umekia sortzeak eta ondoren umea hezitzeak denbora eta energia gastu ikaragarria dakarrela. Denbora eta energia hori aktibismotik eta norberaren eta ingurukoen zaintzatik kentzen da. Iada bazeuden bizirik laguntza behar zuten norbanakoak eta zuk beste bat sortzea erabaki duzu, subjektu bakar horretan zentratuz. Gainera, auskalo nolakoa izango ote den zuk sortutako ume hori etorkizunean. Heteroa izango ote da? Haragijalea izango da? Nire aita asko saiatu zen ni berak nahi zuen moduan izan nedin, baina begira nolakoa irten naizen! Bere nahi guztien aurkakoa.

Gogoan dut espazio feminista batean, hain justu autodefentsa feministako tailer bat zen, batek esan zuen haurdun zegoela eta denak (ni izan ezik) hura zoriontzen hasi ziren. Nik ez nion eman ez zorionik, ez irribarrerik; nire barruan pentsatu nuen “ze pena!”.

Badakit hitz hauek askorentzat bortitzak diruditela, baina feminismoan ugalketaren gaia benetan eta urgentziaz landu beharreko gaia da. Ugaltzea aukera pertsonala dela ukatzeko garaia da.

Nirekin heteropatriarkatuak jai du! Ez dut estatuarentzako soldadutxorik sortuko. Nire aluak isurtzen duen hileroko odol goxoa dastatzen jarraituko dut (obulu guztiak agortu arte).

Sabelak gantzez bakarrik bete daitezela. Bota puzkerrak, ez umekiak.

Katta
Katta

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *