Tripetatik
Sinadura anonimoa 2018-11-05

Testu honek 5,6 edo agian 7 urte atzera narama. Ez nintzen kontziente, baina nire gorputza galtzen hasi nuen garai horretan. Gorputza eta burua, biak halabeharrez lotuak. Elikadurarekin desorekak izan dituen neska bat naiz.

Hainbat hausnarketa izan ditut honen inguruan, gertatzen zitzaidana, edo hobe esanda, egiten ari nintzena ulertzeko. Ezin zitekeen hainbeste kritikatu dudan argaltasun kanon horretara hurbildu nahi izate huts bat; nire buruari egiten ai nintzaion greba bezalako bat bezala hartu nuen. Akaso, inguratzen ninduenaren kontrako ekintza politiko bat, desesperaziotik, gorrototik eta tristurarik sakonenetik, ezarri zidaten horrekin apurtzeko beste modu bat. Ez baita erraza 16 urte dituzula, zaren guztia egunero itotzen zaituen inposaketa bat izan dela deskubritzea; hizkuntza, sexualitatea, lagunartea, genero identitatea, familia, harremantzeko modua, maitatzeko modua, hezkuntza, erlijioa… Baina borroka horrek beste borroka modu kolektiboak alde batera uztera eraman ninduen; ahultasuna gailentzen zen garaietan, nire gelaz trintxera bat egin eta hurbileko guztia uzten nuen kanpoan, izan lagunartea, izan militantzia. Noizbait pentsatu dut ere, beharrezkoa nuen atsedenaldi horren bila nengoela, borrokarako moduetan (militantzian eta egunerokoan) zaintza ezak desgaste emozional eta fisikoa eragiten baitu.

Azken urte hauetan, noria baten antzera ibili naiz gora eta behera. Atzean utzi ditut insomnio edo hipersomnia garaiak, egunak malko artean eta ohean sartuta pasatzea, elikatzeko orduak era konpultsibo batean antolatzea inork ezer susma ez dezan, janari faltak eragiten zidaten buruko min jasangaitzak, depresioak, bakardadea… eta hori guztia lortzeko, ezinbestekoa izan zait egiten nuen horren errora joatea, jakitea ez nintzela bakarra, eta gaixotasun mental bat izatetik oso urrun, politikoki asko duela irakurri izana. Horrek denak indarra eman dit pertsona gutxi batzuei neukana adierazteko, eta egoerak dakarren bakardade horri ostikada eman eta laguntza onartzeko (profesionala izan ez bada ere), lotsa eta kulpa eguneroko ogi baitira.

Duela ez asko, El Salvadorko neska gazte feminista batek hitzaldi batean esan zigun bizirauteko ezinbestekoa dela erresistentzian bizitzea eta zaintza sare errealak osatzea. Eta arrazoi guztia du, borroka molde indibidualak porrotera kondenatuta baitaude.

Orain, guzti hori behin betiko atzean uztea da daukadan erronka. Baina nola egin fisikoki gorpuztu duzun aldaketa hain agerikoa izanagatik, epaiketak kaletik ere erortzen zaizkizunean? Ume baten antza dudala esan izan didate, gaixorik nagoen galdetu, hor ez banengo bezala hirugarren pertsonan hitz egin dute niri buruz, ni aurrean egonda. Kontrolatu eta manipulatu dute jaten dudana, eta nire hitza zalantzan jarri dute jan dudala esan dudanean. Nire pertsonaz desjabetu naute eta isolamendura kondenatu; komentario horrek entzuteko beldurrez etxetik ez irtetea erabaki izan dudalako, aspaldi ikusi ez dudan jendearekin topatzeak panikoa eragin izan didalako, gorputza ahalik eta gehien estaltzera bultzatu izan nautelako eta besteen begiradapean egon naitekeela pentsatze hutsak, eremu publikotik, zentzurik zabalenean, bota izan nauelako. Eta oraindik hala delako. Zeren,

Hainbeste kalte jasan duen pertsona baten logikak hala funtzionatzen duelako; ezkutatzen bagara, inork ikusten ez bagaitu, ez gara existituko, eta horrela, ez dugu sufrituko.

Bergek esan zuen harresiak ez direla eraikitzen kanpoan dagoen horretatik pertsonak babesteko. Aitzitik, norma indartzeko eraikitzen direla, ez ahazteko zer den ondo dagoena, eta gogorarazteko ona ez bazara, bertatik botako zaituztela. Eta hori da, hain zuzen ere, gizarteak haren tresnekin sortu nahi duena: emakume otzanak.

Sinadura anonimoa

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *