Trapua, buru gainean jarri eta erratza hanka artera
Nahia Ibarzabal 2019-03-27

Aroz aro zartagin eta lapiko aurrean.

Aroz aro trapua eta erratza eskuetan.

Aroz aro umearen sehaskaren ondoan.

Aroz aro erlojuari begira.

Noiz arte horrela?

Pasatu da martxoak 8 eta gogoratzearekin bat hotzikara eragin dizu gorputzean, benetan hunkigarria izan zelako. Beste emakumeekin saretu zinen, konplizitatea bilatzen zenuen bitartean.

Gelditu zinen zu, 

gelditu zenuen mundua.

Printzesa printze gabe ezer ez denaren mitoa berriro ere lurpera! Eta zer da printzea printzesa gabe?

Eta orain, orain zer?

Martxoaren 8ko energia soinean duzula, erlojuari begiratu diozu. Badakizu, orratzek ez dutela grebarik egiten eta badakizu, zure denborak gizonezkoenak haina balio duela.

Zartagin eta lapikoak hartu eta kazelorakada egiteari ekin diozu (auzokoen penarik gabe). Trapua, buru gainean jarri eta erratza hanka artera. Amatasunaz ere ahaztuz.

Dantzan zoro baten pare ibili ondoren, ispilu aurrera joan zara. Zure barruko sorgina atera duzun unean zeinen polit zauden ohartuz. Egin dituzun sorginkeria txikiak dira, makillajerik onena. Eder ikusten duzu zure burua, alai.

Aspertu zara besteentzako bizitzeaz. Horregatik, hemendik aurrera, zure bizitza erdigunera ekarriko duzu egunero-egunero, erratzaren gainean gogoko akelarrean parte hartzeko.

Norbere burua maite ez duena, nork maitatuko du?

Nahia Ibarzabal
Nahia Ibarzabal

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *