Ez dut gogoan noiz aitortu nion neure buruari feminista nintzela. Ez dut oroitzen hitza bera lehen aldiz non eta zein testuingurutan entzun nuen. Auskalo zenbat aldiz azaleratu ditudan nire aurreiritzi eta ezjakintasunak. Ez dakit noiz askatu nuen neure burua genero bakar bat gustatu beharraren katetik, ziurki, preso jarraitzen dut oraindik. Feminismoaren aldarri ozenak egin nituen nerabezaroan gaztetxeko lau parten artean, gero, aurkako jokaerak erreproduzitzen nituen bitartean. Ziur nire barneko matxista txikiren batek oihu egin duela behin baino gehiagotan nire ezpainetatik, zenbat hobe sarriago hortzak estutu izan banitu.

Nire lehen maitasun harremanez oroitzean, gogora datozkit “zu gabe ez nai ezer”, “betiko maiteko zaitut” eta antzeko esamoldeak. Laranja erdiaren mitifikazioan idatzitako poemak, eskutitzak eta mezuak oraindik gurasoen etxeko ohe azpian gordeta jarraitzen dute.

Maiz nire ingurukoek (nire isiltasun konplizearen laguntzaz) edo nik neuk, epaitu izan ditut lagunak bere sexu organoarekin bat ez zetozen janzkerak edo jokaerak izateagatik. Baliteke inoiz inor iraindu izana sexu bereko batekin muxuka ari zela bota dizkiodan begiradengatik.

Beti hartu izan ditut aludunak neskatzat eta zakildunak mutiltzak, bakoitzari zer izan nahi duen erabakitzeko aukerarik eman gabe (arraroa irudi dezakeen arren dortoka batekin egin nuen lehenengoz ariketa hori).

Neuk ere barre egin diot neskaz jantzirik doala dirudien gizonezkoari. Neuk ere harriduraz begiratu diot berriki lesbiana dela aitortu didan lagunari. Neuk ere jelosiak jota alde egin dut goizeko lauetan tabernatik gustuko pertsona beste batekin ikustean. Neuk ere inoiz deitu diot lagunari “marimutil” edo “maritxu”.

Lagun batek beti esaten dit bakea eta barkamena ez direla existitzen. Beraz, egindakoak eginda eta esandakoak esanda, testuari buelta ematen ahaleginduko naiz.

Gogoan dut noiz aitortu nion neure buruari feminista nintzela. Oroitzen dut hitza bera lehen aldiz non eta zein testuingurutan entzun nuen. Inoiz ez ditut azaleratu nire aurreiritziak eta ezjakintasunak. Askatu naiz genero bakar bat gustatu beharraren katetik. Feminismoaren aldarri ozenak egin nituen nerabezaroan gaztetxeko lau pareten artean, gero, aurkako joerak erreproduzitu gabe. Hortzak estutu ditut nire barneko matxista txikiaren oihuak entzun ez daitezen.

Nire lehen maitasun harremanez oroitzean, ez datozkit gogora “zu gabe ez nai ezer”, “betiko maiteko zaitut” eta antzeko esamoldeak. Gurasoen etxeko ohe azpian ez dago laranja erdiaren mitifikazioan idatzitako poemarik, eskutitzik eta mezurik.

Ez nik, ez nire ingurukoek inoiz ez dute inor epaitu bere sexu organoarekin bat ez zetozen janzkerak edo jokaerak izateagatik. Ez da posible inoiz inor iraindu izana sexu bereko batekin muxuka ari zela bota dizkiodan begiradengatik.

Inoiz ez ditut automatikoki aludunak neskatzat eta zakildunak mutiltzat hartu, eta bakoitzari zer izan nahi duen erabakitzeko aukera eman diot.

Neuk ere ez diot inoiz barrerik egin neskaz jantzirik doala dirudien gizonezkoari. Neuk ere inoiz ez diot harriduraz begiratu berriki lesbiana egin dela aitortu didan lagunari. Neuk ere inoiz ez dut jelosiak jota alde egin goizeko lauetan tabernatik gustuko pertsona besteren batekin ikustean. Neuk ere ez diot inoiz lagunari “marimutil” edo “maritxu” deitu.

Bada ordua hankaz gora ibiltzen hasteko.

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *