Aste guztia Bilbon egon ondoren, ostiralero itzultzen naiz nire herrira, tirri-tarra, tirri-tarra, maleta arrastaka dudala eta lehengo ostiralean ere berdin bueltatu nitzen etxera, tirri-tarra, tirri-tarra, maleta arrastaka eta pum-pum, pum-pum burua, aiii biharamuna, ostegunaren ondorena.

Behera begira ibiltzen naizen horietakoa naiz, baina kasualitatez, edo agian ez, ez dakit, pasa den ostiralean aurrera begira nindoan, tirri-tarra, tirri-tarra maleta, pum-pum burua eta adi-adi begirada, esango nuke. Izan ere, kale batean sartu nintzen etxera joateko, saihestuko nukeen baina derrigorrez pasatu behar izaten dudan horietako batean, eta hara non ikusi nituen, taberna baten aurreko terrazan, lau matxote (35 bat urtekoak), erdi mozkor, konbinatu handia aurrean zutelarik, egarria pasatuko zielakoan baina beste zerbaiten egarriz, ni baino pixkat aurrerago zihoazen herriko 13 urteko hiru neskatxa ezaguni fiu -fiuka.

Nire maletak tirri-tarra

buruak pum-pum

matxiruloek fiu-fiu

neskatxek jaja-jiji

Familia bazkarietan amaren izekok esaten dien “mutilak adurra dariola izango dituzu zuri begira” hipotesia baieztatu egin zuen haietako bakoitzak. Pozik sartu ziren eskolara, nolabaiteko garaile sentimendua sentituz. Mutil nagusiago batzuk beraiei begira egon ziren, hori exitoa! Pozik sartu ziren eskolara, ostiraleko azken orduko Naturako klasera, elikagaien piramidea ikastera. Hainbeste aldiz ikusten duten (iragarkietan, eskola liburuetan, aldizkarietan, janari zein edarien ontzietan…) piramide hura beste behin irenstera.

Piramidea bezain beste ikusita izan balute eraso sexistaren esanahia, irribarre haien ordez, agian, begirada beltzak kantatuko zukeen. Eraso sexista, fiu-fiua dela, eraso sexista keinua dela, eraso sexista soilik ez dela ukitu fisikoa jakingo balute, otro gallo cantaría.

Baina ez da neskatxen errua. Behin eta berriz, elikagaien piramidea irakasten dietenena baino. Sexismoaren kontuan eskuartze handiagoa dagoela dioten arren… enfin serafin..

Nire lagun batek dioen legez, sagarrondoari udarerik ez eskatu.

Bitartean, denborak aurrera darrai eta

nire maletak tirri-tarra

buruak pum-pum

matxiruloek fiu-fiu

neskatxek jaja-jiji.

Nahia Ibarzabal
Nahia Ibarzabal

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *