Atzo odola ateratzen utzi zidaten, gaur kirofanora sartzen. Atzo bazkaltzera gonbidatu ninduten eta irribarre egiten didate denek. Medikuntza ikaslea naiz oraindik, ospitaleko feudalismoan azken mohikanoa, alegia. Baina emakumea ere banaiz, zuria ere banaiz.

Ez niri. Odola ateratzen zuriari utzi zioten, kirofanora sartzen ere bai. Bazkaltzera, ez ni, emakumea gonbidatzen dute. Irribarre, noski, aluari egiten diote, ez baitute emakumearekin egin nahi larrutan; penetratzearekin aski. Izan ere, duda handia daukat hemen aluak jaten ote dituzten, duda handiegia, arriskatzeko ere.

Erraz irudika dezaket nire burua koltxoi txarreko ohe batean biluzik, edo are, gerritik behera soilik biluztuta, gora begira, sabaian begiak, aspertuta bainoago, nazka aurpegiarekin. Beraz, mediku zakildunok, jakizue mesedez jai duzuela gringa honekin.

Dena dela, zenbat aldiz gonbidatuko nauzue bazkaltzera? Zenbatetan zuen etxepeko tabernara Peru-Argentina ikustera? Zenbat larrialdi atenditzen utziko didazue? Zenbat piscozko trago ordainduko dizkidazue neskek sarrera doan duten diskoteketan? Zenbat puntu josten utziko didazue behin baino gehiagotan flagelatu izan duten amonaren eskuin izterrean?

Salgai nagoenik esan aurretik, egunero saiatzen zarete ni erosten, pixkanaka, oharkabe. Eta beldur gezurrezko baina ez hain gezurrezko bat dut gehiegi egokituko naizen zabor honetara, truke logiko gida ulertuko al dudan zuen oheetan etzatea, amore ematea eta gora begira lokartzea, zuek, kondoirik gabe, barruan isurtzen duzuen bitartean, trankil, abortua ilegala denez.

Ikaslea ez. Emakumea ez. Zuria boteretsu sentitzen da, orduan. Liberatuta hasperen egin eta pentsatzen du, eskerrak, bere herri zibilizatuan abortua legala den. Ahaztu egin du ez dela librea, ez dela doan. Diskotekak bai, diskotekak askotan bai.

Amaia Iturrioz
Amaia Iturrioz

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *