Soka
Itsaso Nabaskues 2017-01-17
Nik ez dakit bertsotan, ezta poesiaz ere, 
Beraz, ez zorroztu zuen lupak lerro hauek irakurtzen hasi baino lehen.
Gaurkoan, frustrazioaz gain, maitasuna dut inspirazio izpia, 
zure ahotsa hurrengo lerroek adierazten dutenaren egia.

Ahotsik-gabeko izango omen gara egunen batean, 
gaur ez bada bihar, egon lasai, denoi iristen zaigu eta merezi dugun ogi zatia. 
Pena dut, zure hitzak ez du inoiz izan eta merezi duen argia, 
emakume zara, horrek ukatu dizu iritzia.

Gazte zinenean jantzi zizuten trapu eta zapia, 
soineko luze hark zailduz korrikaldia. 
Mutilena zen baloia, eta neskena soka zatia, 
hain estu lotuta izan zaituena eta engainuz josia. 
Eskapurik ez zenuen, nahiz eta izan ezkutaketetan abila.

Alaitasunez transmititzen duzu zure haurtzaroa natura biziaz, 
gitarra ahotsa etxean, eta mendiz josia. 
Eusteko gai ez zaren negar tanta horiek salatzen dute egia, 
esperientzia gogorrak zure eguneroko ogia.

Horrek egin zaitu indartsu, kirolari aparta akaso, 
lotzen zintuen soka apurtu izan bazenu lenago
Gizonen erreinuan hazi zinen esklabu, 
eta etxeko-andre trajea jantzi zizuten, amen eta oso harro, 
Jolasteko soka hura tranpa bat izango ote zen akaso?

Mendiko irteerak arropa garbitzeko deabru, 
udako egun berotan, maindire bustiak maldan gora gogoz bultzatuz. 
Egurra mozteko ere, moldatzen zinen indartsu,
Gizonen antzera txikituz, harritzen ziren, aupa zu!
Baina kontuz! Ez zaitez marratik atera, aizu! 
Zu neska zara beraz, utzi aizkora eta haurrak zain itzazu.

Etxeko andre arduratsu, 
maitasuna eta jakintza muxutruk transmitituz,
debalde onena emanez, bihotzez, eskerrak zor dizkizut. 
Erreinu kapitalistak ez daki baliotsuena ikus-ezina dela aizu,
eta izan zaituzte sistemaren esklabu. 

Gaur jaio izan bazina, zu mendizale afizionatu, 
Emakume kirolari profesionalak hurrengo hamarkada’ko demagun, 
Egon lasai, ez zaitez kezkatu, 
erreinu tradizioanalak ez du asko iraungo, egidazu kasu. 

Gizon boteretsu kapitalisten erreinuak zutik dirau,
Zuk hortaz haserre hitz egiten didazu,
Engainatua eta lotuta bizi izan zarela ohartuz, 
Gaurkoa bai, baina hori, ezin ahaztu.

Nola irentsi hainbeste urtez jasandako gezurrak?
Nola onartu bisitatu gabe geratu diren gailurrak? 
Berandu dela badakizu, 
Nahiz eta irribarre horren atzean ezkutatzen didazun.

Zure bizitzako ikaskuntzak niretzako opari, 
lotu nahi nauten sokak apurtzeko behar dudan grina edari. 
Esaera zaharrez osaturiko gomendioz beterik, 
ondo ikasiak dituzu zuk, memorian oraindik gorderik. 

Urteak pasa dira, zuri duzu ilea, 
Zoritxarrez, iritsi zaizu ere, itzaltzen zaituen izpia, itoko zaituen haria. 
Indarrez eusten diozu ordea, maitasunez betea,
Zure irribarreak badirau, ahotsak ez du indar askorik ordea.

Zimurtu zaizu azala,
eta zure alaitasuna itzali nahi du artaldeko jabeak. 
Errentagarria ez dena albo batera uztea da hemengo legea, 
hori ondo dakizu zuk etxeko-andre eta mendizale maitea. 

Berriro ahotsik-gabeko zarela jakizu, ordea, 
Hori da hemen eta zaharren legea,
Ez badakite ere, iritsiko zaie egun hori aurrera,
Konturatzerako bakardadea izango dute haien lagunik onena.

Merezi duzun ogi zatiagatik borrokatu behar dugu batera, 
Ahotsa zabalduz eta estutzen gaituen sokak ito ez gaitzan, Amama maitea.
Mendira igoko gara elkarrekin egunen batean, 
hazi zinen etxera, lasai egon, nik erakutsiko dizut bidea, 
eta oraindik ez dizut esan onena, 
lotzen gaituen sokarekin soka-saltoan ibiliko garela, algara artean.   
Itsaso Nabaskues
Itsaso Nabaskues

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *