Sistemaren zirrikituetan eraikiz
Malen Aldalur 2019-01-14

Jatorrizko erreportajea IRUTXULOKO HITZAn irakurri dezakezue. Klitto!k IRUTXULOKO HITZAn hilean behin egiten duen kolaborazioan. 

Familia eredu ugari ditugu inguruan, izan ere, asko dira eredu nuklearrari arrakalak aurkitu dizkietenak. Hortan dabil Nora Alejos donostiarra.

(Argazkia: Malen Aldalur)

Arrakala. Zirrikitu bat haitzean dokumentala egin zuten Topatuk eta Euskal Herriko Bilgune Feministak 2015ean. Diskurtso teorikoegietatik at eta praktiketan oinarrituz, heteroarautik kanpo dauden esperientzia eta bizipenak ezagutzea izan zen dokumentalaren asmoetako bat. Prozesu hura guztia barrutik bizi izan zuten Nora Alejosek eta haren ingurukoek: “Eztabaida gori-gorian zegoen eta teoriatik praktikara salto egiteko aukera ikusi genuen”. Horrela erabaki zuen ama izatea.

Alejosek eta bere bikotekideak argi zuten haurdun geratzekotan etxean egindako intseminazioaren bitartez egingo luketela: “Gainera, gurekin bizi zen lagunak ere umearen zaintzan aktiboki hartu nahi zuen parte”. Konfiantzazko lagun bati eskatu zioten hazia, eta hark baiezkoa eman: “Egun ugalkorrak aprobetxatuz, xiringa batekin geratu nintzen haurdun, etxean”.

Dena bere bidea egiten ari zirela zirudienean, bikotekideak esan zion beste pertsona batekin maitemindu zela eta harekin egon nahi zuela. Horrek gauzak “nabarmen” aldatu bazituen ere, ordurako haurdunaldiarekin aurrera egitea beste aukerarik ez zegoen: “Handik denbora batera, haurdunaldiaren azken hilabeteetan harremanari beste aukera bat ematea erabaki genuen, baina gutxi iraun zuen”. Gauzak ez ziren inolaz ere espero moduan atera, eta egoera berrira moldatu ziren.

Erabaki ugari hartu behar izan zituen Alejosek: “Horietan lehena izan zen bikotekide ohia haurraren ama izatea nahi nuen edo ez. Izan ere, bikote heterosexualetan gizonaren aitatasuna ez da inoiz zalantzan jartzen, legez bere DNAk aita titulua zuzenean ematen baitio”. Baina bi amen kasuan erditu ez denaren amatasuna onartzea ez dela hain erraza uste du: “Gainera, nire zalantza biologiatik harago zegoen. Zerk egiten gaitu ama edo aita? Geneek? Gure ustez ez, eta gure kasuan argi zegoen haurrak ez zituela bion geneak izango, beraz, geneak ez baziren, zer zen?”. Alejosentzat proiektu komunak egiten zituen biak haur horren ama. Azkenean, bikotekide ohiak umearen ama izatea erabaki zuen: “Berak nahi zuen. Bere familiarekin ere hitz egin nuen eta hauek ere ados zeuden. Jende ederra dira eta ez nion haurrari ez berarentzat aukeratutako ama ez familia zoragarri hori kendu nahi”.  Dena den, legalki bi ama izateko, adopzioa eta klinika batean egindako intseminazio artifiziala dira aukera bakarrak: “Etxean eta autonomoki intseminatu izanagatik, legeak ez du unitatea errekonozitzen”. Hori dela eta, hitzarmen erregulatzaile bat idazten ari dira abokatu feminista batekin, beste ama ere tutore legala izan dadin.

Oztopoak oztopo, gauzak beste modu batera egiten ahalegindu dira, baita zaintzari dagokionean ere. Alejosek azaldu du haurrarekin pasatzen dituzten orduez gain, zaintza ez presentziala ere jasota utzi nahi dutela hitzarmenean: “Bere logela txukuntzea, eguneko otorduak prestatzea edo arropa garbitzea, esaterako”. Gainera, haurrak egunero bi amekin egoteko modua ere aurkitu dute, baita elkarrekin egotekoa ere.

Eta behin haitzetan arrakalak sortzen hasita, izenarekin ere haitzaren kontra jo zuten. Lur izena jarri nahi zioten baina alua dutenentzat soilik omen da Lur eta zakildun bati jartzekotan izen horren beste esanahi bat bilatzea “beharrezkoa” da: “Absurdoa iruditu zitzaigun baina gerora jakin dugu beste izen batzuk ere horrela liberatu dituztela”.

Haitzari arrakala bat egin nahian hasi zen Alejos, eta behin zulatzen hasita ez dago geratzerik.

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *