‘Sillan eseri eta gitarra jotzia’

Kasualitateak kasualitate ez direla pentsatzen duen horietakoa naiz; bai, behintzat, hala komeni zaidanean. Eta, kasualitatez edo ez, filologia ikasketek kazetari lanetara eraman ninduten, duela ia zortzi urte. Zorionekoa ni, kazetaritzak feminismoaren itsaso zabalean arropa eta guzti murgil egiteko harra piztu baitzidan, berdintasuna termino antzua lehorrean utzita.

Gertatzen zena kontatuz zirriborratu nituen nire lehen albiste eta ereportajeak, baina, karaktere kopuru, elkarrizketatu eta maketazio orduak pilatzen joan ahala, erabaki nuen aurretik beste zerbait zirriborratu behar nuela: gertatzen zenari begiratzeko modua.

Ordutik hona, urdindu zait ilea; bete ditut apalak denborari partida irabazten dioten liburuz; irribarreak pare bat zimur margotu dizkit betertzetan; ikasle prototipikoaren mahai-ordenagailu-apalategi-ohe logela utzi dut, langile emantzipatuaren moldeetan lo egiteko; lehen ezezagun ziren pertsonek, gaur nire errutinarekin egiten dute dantza. Eta, ordutik hona, trebatu egin naiz neure burua zalantzan jartzen, hori ere bai baita feminismoa: norbere burua etengabe epaitzea.

Bai, feminismoa bertan goxo, eroso eta lasai bizitzeari uko egiteko modu bat da, aske bizitzeko moduko mundu baten alde. Mahaiaren bueltako hizketaldietan ohi baino egoera deserosoagoak sortzeko aukera ere bada feminismoa. Feminismoa da, gure praktikak gure iritzi teorikoen aurka joan daitezkeela onartzea eta, ahal dela, horiei buelta ematen saiatzea.

Ze, onar dezagun, bizitza zertxobait sinpleagoa dela feminismoarekin maitasun istorio bat abiarazten duzun arte: ordura arte dena dago OK, garai berriak bizi ditugu eta nork bere zortea bilatzen du, baina, behin enamoratuta, akabo sillan eseri eta gitarra jotzia.

Horretan dihardut orain, munduaren sokak afinatzeko egin beharrekoak barneratzen, EHUko berdintasun masterrean. Hiru ikasturtez zalantzan egon eta gero, aurten erabaki dut baietz, matrikula egingo dudala, ikasle prototipiko izatea zer zen gogoratu nahiko banu bezala, edo 30 urteak bete eta atzera-kontu biologikoa martxan jarri izan balitzait bezala. Zorionekoa ni, kontraesanei kasualitate deitu eta lasai geratzen ikasi dudalako.

Itzea Urkizu
Itzea Urkizu

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *