Sexu askapenaren eguna ospatuko dute asteburuan
klitto! 2015-06-25

Sexu askapenaren egunaren arira mobilizazioak egingo dituzte asteburuan hainbat eragilek deituta. “Heteroaraua plazerez lehertzera” doazela esan dute antolatzaileek.

Argazkia: Euskal Herriko Bilgune Feminista.
Argazkia: Euskal Herriko Bilgune Feminista.

Euskal Herriko Bilgune Feministak azken aldian Euskal Herrian gertaturiko kale eroso homofoboak salatu ditu, baita Espainaiko Gobernu ultra eskuindarrak krisiaren aitzakipean egindako erreformak ere.

“Gero eta gehiago gara monogamiari hordagoa bota eta ostantzeko praktika askeak garatzen dituzten norbanakoak”, esan dute.

Ernaik ere ildo beretik hitz egin du: “Normatiba eta izan behar garenaren inposizioen gainetik, guk, gure erabakietan burujabe izan nahi dugu, gara”. Esan du erabaki politiko bat dela, eta erabaki hori hartzea dela modu bakarra patriarkatuak sortutako kategoria “hertsi eta mugatuak” apurtzeko.

Asteburuko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Ernai Gazte Antolakundeak.

Miarritzen, pasaden astean

Ekainaren 20an Miarritzen egin zuten sexu askapenaren eguna Les Bascos taldeak antolatuta. Harrotasunaren garrantzia azpimarratu zuten “harro eta bat eginik” lelopean eta homofobia eta transfobia erasoak gaitzetsi zituzten.

Mobilizazioak

Larunbata, ekainak 27

  • Donostia: 18:00etan Bulebarrean.
  • Zarautz: 19:00etan, txosnetatik hasita

Igandea, ekainak 28

  • Bilbo: 12:30ean Moyua plazan.
  • Gares: 19:00etan elkarretaratzea plazan eta, ondoren, proiekzioa gaztetxean.
  • Gasteiz: 13:00etan Andre Mari Zuriaren plazan eta, ondoren, bazkaria gaztetxean.
  • Iruñea: 12:30ean autobus geltoki zaharrean.
  • Zornotza: 19:00etan bandera igoera eta, ondoren, zine maratoia.

Bideoak

Gasteizetik eta Zarautzetik igandeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute bideo bidez:

Euskal Herriko Bilgune Feministaren oharra irakurgai:

Obedientzia izan dugu gure heziketaren oinarri, baina ez obeditzen ere ikasi dugu. Emakumeen sexualitatearen eta gorputzen kontrola ezarri digute: monogamia, familia eredu patriarkalak, estigma, maitasun erromantikoa… etab. bitartez. Hori guztia hornitzeko familia eredu patriarkala eta maitasun erromantikoaren ideiak gure gorputzetan ezarriko dituzte, arauak askotan bertan izkiriaturik geratuko dira naturalak direnaren aitzakiarekin.

Beraz, heteroarauan oinarritutako sistema patriarkaletik eratorriko den eredu sexualaren ezaugarriak hauek dira: sexu bipolarren gainean eraikia, heterosexuala, genitala eta maskulinitatearen plazerera bideratutakoa. Hortaz, gero eta gehiago gara ez obeditu eta heteroaraua plazerez lehertzeko hautua egiten dugunak: guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman poligamiakoak dituztenak, ama izatea erabakitzen dugun bikote lesbianak, sexu langile transexuala, praktika sexual koitalak lehentasunezkoak ez ditugunak, praktika sexualen kategorizazioari ihes egiteko hautua egiten dugunak, lagun taldeak etab., guztiok, patriarkatuaren oinarria den familia nuklearraren nagusitasuna eta gailentzen den harreman eredua ezbaian jartzen dugun desobedienteak.

Ez obedientziaren aurrean, erasoak leku desberdinetatik igortzen zaizkigu: azken aldian Euskal Herrian gertaturiko kaleko eraso homofobo ugari salatu nahiko genituzke eta baita Espainiako Gobernu ultra eskuindarrak krisiaren aitzakiapean edo egindako erreforma eta bultzatutako neurriak ere. Artean, Familia Plana, zeinetan gay, lesbiana eta etorkinen sendiak arazotsuen multzoan sartu dituen; osasungintzan transen sexu operazioetan emaniko murrizketak, lesbianei zuzendutako lagunduriko ugalketa teknologien zerbitzu publikoetan izandako murrizketak, hezkuntzan LOMCE legearen bitartez ematen ari den ideologizazio eskuindarra, balore diskriminatzaile eta erreakzionarioen sustapena, abortuaren lege organikoan eginiko aldaketa (16-17 urte bitarteko emakumeen gurasoen baimena behar izatea)… Horrek guztiak familia patriarkal nuklearraren indartzea, eta sexualitatea plazeraren kudeaketa gisa ulertu beharrean, erreprodukziorako bitarteko gisa denaren ulermenean sakontzea ditu ondorio, besteak beste.

Hortaz, sexualitateari, plazerari, dimentsio politikoa emateko saiakera erabatekoa izan dadin segi behar dugu. Sexualitate eredu hegemonikoaren aurrean, arauen barnean sartzen ez ditugun praktikak iraultzarekin lotzen ditugu, horregatik gaude harro! Ez ditugulako praktika lesbianak arauaren barnean sartu nahi, araua bera deslegitimatu, praktika aniztasuna errealitatea bat dela ohartarazi eta denak erdigunean gaudela aldarrikatzen jarraituko dugu.

Geroz eta ozenagoa da arau nagusitik kanpo kokatzen garenon ahotsa, eremu anitzetan leherketak eragiten ditugunak: monogamiari hordagoa bota eta ostantzeko praktika askeak garatzen dituzten norbanakoak ere geroz eta gehiago gara. Sexualitate hegemonikoaren edozein arau haustek, bidean aurrera jarraitzeko ezinbestekoak ditugu: patriarkatuak sortu dituen kategoria hertsiak eta mugatuak gailendu, eta aniztasuna oinarri duen jendarte baten beharra geroz eta ageriagoa da. Zentzu honetan, jendarte feminista baten alde lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu, eta honetan herritar orok badugu zer egina.

Beraz, ez dugu obedituko eta plazerez: muxu, begirada, koxka, masaje, mimo, laztan bakoitzean; lehertuko dugu heteroaraua. Ekainaren 28a borroka eguna dugu, beraz, egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzeko deia zabaltzen dugu.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *