Baloreetan hezi behar delako/ garelako esaldia ez da gaurkoa; azken aldian, hezkuntza kontzeptuetan gehien erabiltzen dena da baloreen hezkuntza delakoa. Baina, nork aukeratzen ditu balore horiek? Zeinen baloreetan hezi behar ditugu/gara ikasleak? Galdera horiek aireratuz hasi zuen Sexualitatea eta gorputza hitzaldia Nagore Iturriozek, Steilas hezkuntza sindikatuko kideak, pasaden asteazkenean Donostiako emakumeen etxean Emakumeen Mundu martxaren karietara antolatutako mahai inguruan. Ezin ukatukoa da, egun, hezkuntza sistemak badituela hamaika balore. Botereak ezarritako hainbat balore. Iturriozen esanetan, botereak bere baloreak transmititzeko duen tresna baliotsuena du hezkuntza; kontrol tresna zuzena. Askotariko balore horien artean, baina, ez dago aniztasun sexualarentzat tokirik. Egungo hezkuntza sistemak ez dio gai horri leku egiten. Zergatik, baina? Irakasleriaren formakuntza falta ote? Borondate falta, agian? Tabua da gaia. Tabu gara. Galdera horiei buelta eman nahiaz, eta hezkuntza sistemak aldaketarako eragile aktiboa behar duela iritzirik, Genero eta aniztasun sexualerako gidaliburua-ren berri eman zuen Iturriozek; ikastetxe eta irakasleei aniztasunaren hamaika ezaugarriak agertu eta hauek nola landu daitezkeen azaltzen duen liburuxka. Iturriozen arabera, sexu aniztasunaren inguruko lanketa ikastetxeetan hasi behar da: “bertako giroa da zaindu beharrekoa, izan ere, inguru horretan mugitzen dira beren sexualitatea eta genero identitatea garatzen ari diren gazteak”. Gidaliburuak sexu aniztasunaren inguruko formakuntza eta ekintzak biltzen ditu. Lehenari dagokionez, sexu aniztasunaren inguruko oinarrizko kontzeptuak, aniztasunaren kasua, aniztasun afektibo sexuala eta genero aniztasuna lege-curriculumean lantzeko moduak… azaltzen ditu. Ekintzetara joaz, kasu praktikoen berri ematen da, baita LGTBIQ fobia ematen denetan nola jokatu behar den azaltzen duten irizpideen berri eman ere. Egileek diotenez, gutxieneko eskubideez baino, ezinbesteko eskubideez ari da gida-liburua, eta eraldaketarako abiapuntu egokia izan daitekeelakoan daude. Gaiari beldurrik gabe helduz, koloretako bideari ekin; eta tabu dutena, ozen azalduz.
Sexu Anizatasunean heziz eta haziz
2015-06-25