Sara Majarenas Ibarretaren testigantza
Sara Majarenas 2017-11-25

(2017ko uztailaren 5eko gaua, Izar lokartu ostean)

Nik jada banuen dezente beldur urtarrilaren 15aren aurretik. Ni jada beldur nintzen bere aitak nire alaba hiltzen saiatu aurretik. Beldurra nuen. Beldur handia. Gau asko lo egin gabe, nire barruak harrapatuta zeuzkan beldurraren ondorioz. Hainbestekoa, botikak eskatu nituela eraman ahal izateko. Ez nuen beste aterabiderik ikusten: botikak hartu, ez sentitzeko. Izan ere, apenas jasatea beste konponbide edo irtenbiderik ez nuen (etengabe hil egiten duen gizarte patriarkal honetako milaka eta milaka emakume bezala…eta jasatea besterik ez digute erakusten).

Jarri nion hitza nire beldurrari. Konponbideak bilatzen saiatu nintzen. Baina benetan zaila zen bilaketa. Aurkitzea. Nik ez nuen jasaten ari nintzen tratu txarraren ebidentziarik. Ez ninduen jotzen. Inoiz ez ninduen mehatxatu. Baina nik banekien ni eta nire alaba arriskuan geundela. Berak denbora askoan zerabilen nirekiko botere harreman bat. Niri kosta egin zitzaidan horretaz jabetzea. Nik banekien ez nuela harreman bat non samurtasuna, ulermena, elkarrizketa… gailentzen ziren. Baina justifikatu egiten nuen. Edo, ez nuen ikusi nahi horren guztiaren esanahia, edo ez nintzen ausartzen ikustera, edota espero nuen aldatu egingo zela (ziurrenik gizarte patriarkal honetako beste milaka emakume bezala, non ez diguten irakasten gertaeren aurrean defenditzen, baizik eta isiltzen, beldur izaten, eta jasaten).

Nire alaba gizon harekin berriro egon ez zedin ahalegindu nintzen, baina hutsaren hurrengoak ziren hori lortzeko ziurtasunak. Hain zuzen ere, horregatik, ebidentziarik ez zegoelako. Nola baieztatu arriskuan geundela?

(…)

Eta iritsi zen urtarrilaren 15a (zerbaitetaz ziur banago zera da, data hori edo beste edozein egun izan zitekeela. Halaber, ziur nago nire alabaren gorputza beharrean nirea izan zitekeela sastaturikoa). Telefonoz deitu nuen goizeko 10:00etan, kezka handiarekin eta beldurrarekin. Batik bat beldur handiarekin. Telefonoa eskegi zuenean nire alaba entzuten nuen, behin eta berriz errepikatzen nirekin egon nahi zuela. Orduan esan zidan berak ahazteko berriro ere ikustea, aurpegiratu zidan nik eta nire familiak bizitza hondatu geniola, eta nire alabak nire ondora eraman zezala eskatuz berriro ere negar egin zuen une batean, hainbat alditan sartu zion labana. Nire alabaren oihu lazgarriaren lekuko izan nintzen une horretan, eta ondoko isiltasunaren lekuko ere izan nintzen, berak hiltzat jo zuenean. Nik haien izenak errepikatzen nituen, baina inork ez zidan erantzuten. Ni hil nahi izan ninduen, bizitzan daukadan gauzarik baliotsu eta maiteenarekin. Nire alaba. Alarma jo nuenean inork ez zuen nire hitza zalantzan jarri. Eternitatera arte eskertuko dut.

Une horretan bertan bere burua poliziara entregatzen ari zen… nire alaba etxeko egongelako lurrean odolustutzen uzten ari zen bitartean, erabat sinetsita hil egin zuela. Atxilotua izan aurreko bere azken ekintza nire aitari deitzea izan zen, literalki honakoa esateko: «Hor daukazue nahi zenutena. Zuen oparia. Zuen iloba, hilda».

Ezin dut irudikatu ere egin zein une pasatu zuen nire aitak halako pertsonai batek bere iloba hil zuela pentsatzean. Nire alaba. Ezin dut irudikatu… baina gauetan etengabe azaltzen zaidan pentsamendu bat da… zein eragin izan ote zuten ordu haiek nire familiaren barruan. Egun, gertakari hartatik sei hilabete joan direnean, oraindik ere ez dakit, eta ezin izan dut hitz egin ere horretaz haiekin. Nire bizitzako pertsona maitatuenak eta garrantzitsuenak. Eta ez da gogo faltarengatik… baizik eta gauden baldintzetan egonda ezin dugulako. Ez zait nire familiaren alboan erreparatzen uzten, baina ezta ez zait uzten, horretaz guztiaz hitz egiten horretaz hitz egiteak eskatzen dituen gutxieneko baldintzekin eta ezaugarriekin.

Nire alaba une hartatik bizitzaren alde borrokatu zen, inork irudika ez dezakeen moduan. Lehen 72 orduak hil ala bizikoak izan ziren. Baina inork ez zigun bermatzen zauri makabro horietatik onik atera ahal izango zuen. Izan ere, bere burua ateotzat jotzen zuten mediku askok mirari gisa kalifikatzen zuten. Edo mediku talde zoragarri bat eta nire alabaren indar garaiezin bat, zeinak inoiz ez zuen kale egin.

Ni, une hartatik, nire alabaren osasun fisiko eta psikologikoa berreskuratzeaz kezkatu naiz, eta horri eskaini naiz fisikoki, mentalki eta psikologikoki. Horrek suposatzen duen higatze guztiarekin (maitasun, ilusio eta indar handiarekin egin dut). Eta agian, horixe izan da denbora honetan guztian aitortu zaidan bakarra, ama izatearen baldintza. Baina ez horrela biktima, emakume edo hiritarrarena.

Martxotik Madrid VI espetxe zentruen mende dagoen unitate batean gaude, non elkarrekin egon ahal izatea bermatzen diguten. Datu hori eman ez balitz, biotako inor ez geundeke gauden tokian. Egin dugun bidea egin dugu elkarrekin gaudelako. Baina hau ezin dugu berak eta nik bakarrik egin. Nik nire tribu guztiaren beharra daukat. Ez bakarrik nire alaba hazi, hezi eta osasuntsu hazten laguntzeko. Baizik eta nire burua zaindu ahal izateko. Ikaragarria da oraintxe (eta denbora honetan guztian zehar) sentitzen dudan zama, mina, sufrimendua, beldurra, erruduntasuna, deskonfiantza, hauskortasuna… Nik maite nuen pertsona, nik hautatu nuen pertsona, babestu eta maite ninduela uste nuen pertsona nire alaba erailtzen saiatu zen. Eta hori ezin dut nik bakarrik gainditu. Eta hala eta guztiz ere, nire etxetik 500 kilometrotara egoten segitzen dut, nire ingurune hurbiletik eta familiatik kanpo. Mugekin etengabe, egunean hiru orduko irteerekin bakarrik. Segurtasun, konfiantza eta maitasun gunerik gabe. Nik orain behar ditudan hiru gauzak.

 

Berriako erredakzioan itzulia

Sara Majarenas

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *