Plazeraren bideak, urratu gabeak
Itzea Urkizu 2016-04-15

Email batek bildu gintuen denok eta, egiazki, erdizka baino ez genuen ezagutzen gu hara deitu izanaren arrazoia. Lausotasun hark parte hartzeko gogoa lotsatu ere egin zigun askori, baina, Herri zahar, andre berri izenburua irakurtzea nahikoa zen, Miarritzeko topaketa hartako aulki bat norbere ipurdiarekin betetzeko nahia sentitzeko.

Aterpetxera iritsi bezain pronto, kostalde lapurtarrari egindako ohiko postaletatik kanpo paisaia idilikoak ere badirela pentsatu nuen: Mouriskot lakuaren ertzean, hiru egun genituen aurretik, kezka-arazo-hausnarketa-proposamen errenkada osatzeko.

Eta, baita osatu ere. Lanerako egokitutako gelara sartzerako, neure buruari askotan egindako galdera eta baieztapenak entzuten hasi nintzen, nireagandik oso urruneko errealitateak bizi zituzten emakumeen –eta zenbait gizonen–  ahotik: “Euskal matriarkatuaren mitoa egiazkoa al da?”; “Gizonezkoek plazer handiagoa sentitzen al dute publiko baten aurrean aritzerakoan?”; “Gure gorputzarekin tabu asko ditugu eta, lehena, hilerokoa da”; “Emakumeek lan egin behar dute plaza irabazteko, eta gizonek irabazita dute”; “Historia gizonen ikuspuntutik idatzita dago”; “Espero dena betetzen ez duten emakumeak sozialki zigortzen dira”. Eta abar, eta abar eta abar.

Iraganaren atalari zegozkion aipuak dira horiek guztiak, baina, tamalez, orainaren bidetik egungo errealitatea aztertzen hasita ere, film bera bi aldiz ikusi izanaren sentipena izan nuen. Taldeka mamitutako hausnarketek tarte gehiago uzten zioten, zalantzarik gabe, aldaketaranzko lemari. Espazio intimoan, erreferente kulturaletan, ahotsean, gorputzaren mugimenduan eta plazan, zapaldu gabeko lur asko geratzen zaigu, oraindik, emakumeoi.

Indarrez zapaldu, gainera, egia izango baita, akaso, geure burua zentsuratzen dugula; nire eguneroko lanak erakusten dit, berdintasun irizpide eta kupoek argazki ofizialetarako baino ez dutela, sarri, balio; azalean sentitzen ditut nire gorputzaz gozatzeko ditudan mugak, epaitua izateko beldurraren itzalean; eskuekin ukitu izan ditut eskubide berdinzaleen aldeko bandera erraldoiak, eta plastiko merkez –eta sarri beltzez– eginikoak direla ikusi.

Lelo batek zioen egiteko asko dugula, baina susmoa dut, esateko asko izatea ez ote den gustagarriago zenbaitentzat. Susmo hori apurtzeko plaza ezohiko eta oparoa izan genuen, bada, Miarritzekoa. Ezohikoa, gehiengo ia osoa emakumez gorpuztua zelako, emakumeen ahotsa nagusi izan zelako. Eta oparo, ezohikotasun horrek emandako fruituengatik: guretik eta gureaz, benetan gu eta ez haiek soilik– izango den herri zahar-berri baten bila.

Norbanakoa ez litzateke ezer, kontraesanik gabe eta, aitortu behar dut Herri zahar, andre berriko aulkian ipurdia ezarri nuen unean bezalaxe, altxatu nintzenekoa ere nire lotsaren kateetatik askatu gabe egin nuela, hausnartutakoak baieztatuz; autozentsuraz, edo epaitua izateko beldurrez, edo auskalo. Miarritzeko irakasgai garrantzitsuena koadernoan ondo apuntatu nuen, ordea, eta lotsaren aurka ez omen da lau haizetara oihu egitea baino aukera hoberik: plazera da bide bakarra!

Itzea Urkizu
Itzea Urkizu

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *