Plazerak eta plazak berreskuratzera gatoz!
Malen Aldalur 2017-06-23

Prest gaude sorginek akelarrean lez su inguruan txistu doinuan dantza egiteko. San Joan bezpera dugu gaur, nire inguruan behintzat, udako festei hasiera emateko egun ofiziala.

Plazerez egiten omen zuten dantza sorginek gonak igo eta suaren beroa hankartean sentituz. Behin emakume batek kontatu zidan San Joan egun baten sua itzaltzeko gainera pixa egiten erre zituela aluko ile kiribilduak. Niretzat, berriz, urte askoan izan da ofizialki aluko, eta, orokorren gorputzeko, ile guztiak arrankatzeko egun aproposa. Azken ilera arte (ile ez onartu arte) estaltzen duten arropak gorde, eta haragiak aske uzteko prestatzen ditut gorputzeko gune iletsuenak burusoil bihurtuz.

Plazera, sexua, kaosa, festa. Horiexek datozkit burura, besteak beste, akelarreez ari garenean; baita, agian, herriko jaiez hitz egitean ere. Poteoko hitzorduek, kontzertuetako atzerapenek eta goizean goiz begietan min egiten duen eguzkiak eman ohi dute ordua. Kafea, zerbeza eta bokadilloa dira bizirauteko baldintza bakarrak. Askatasun mugagabe baten sentsazioarekin kalera atera eta segituan jartzen dizkizute harresiak; egin dezakezuna (egin behar duzuna) eta egin ezin duzuna (edo egitea tokatzen ez zaizuna) bereizten dituzten begiradak, keinuak, jarrerak.

Jaiak plazerez bizi ote ditugun galdetu diot behin baino gehiagotan neure buruari: ea nahi bezala egiten ote dugun dantzan; ea nahi dugun moduan ligatzen ote dugun; ea nahi bezala jotzen ote dugun larrua; ea gustuko dugun bezala mozkortzen ote garen; ea gustatzen zaigun gisan harremantzen garen. Ea nola bizi (gozatzen) dituen jaiak lagun mutil batek; ea nola bizi (gozatzen) dituen jaiak emakume migratu batek; ea nola bizi (gozatzen) dituen jaiak heteronormatik kanpo pentsatzen duen batek.

Lagunari ipurdia ukitu zioten azken jaietan; emakume bat erasotu zuten larunbatean bizi naizen auzoan; brigada feministak antolatzen ordu gehiago pasa dituzte ezagun batzuk gustuko jarduerak pentsatzen baino.

Manifestazioak egingo ditugu hiriko jaien hasieretan eta salaketak herriko jaien bukaeran; baina espero dut aurten ertzoi (batzuek besteak baino ertzago) ez zaigula gozatzea ahaztuko. Plazerez lehertuko ditugula plazak, tabernak, kaleak, txosnak. Hernaniko Bilgune Feministari irakurri nion gozamena dela gure aizkorarik zorrotzena, Donostian, berriz, ‘Autodefentsa da gure armarik onena’ leloa zeraman pankarta bat atera zuten. Geure neurrira sortu beharko ditugu jaiak: aske eta libre gozatzen uzten ez digutenei plazerez betetako hortzak erakusteko; geure akelarretako arauak geuk jartzeko; plazerak eta plazak sorgintzen jarraitzeko. Erasorik ez erantzunik gabe! Festarik ez gozamenik gabe! Uda on!

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *