Pertsona adina aukera, norberak berea

Korrika bizian eta lokatzez blai oroitzen ditut nire haurtzaroko momenturik zoriontsuenak. Kontrara, ez ziren hain gozoak soinekoak jantzi nahi ez izanagatik zenbaitetan jaso ditudan errietak, hauek eramateagatik sentitu dudan lotsa eta izan behar nuen modukoa ez izateagatik sentitu dudan frustrazioa. Alua nuen, neska izango nintzela erabaki zuten nigatik eta feminitatearen eskemetan sartarazi nahi izan ninduten.

Eme jaio nintzen eta nire genero-identitatea aldatuz joan da harrezkero. Umetan, esaterako, nire genero-espresioa tradizionalki ulertzen diren jarrera maskulinoekin lotzen zen, eta, agian, maskulino/mutil eta femenino/neska batera zihoazela ulertarazi zidatelako, mutil kategorian kokatzen nuen nire burua. Geroago, nire adineko “emakumetxoen” antzera jokatzera behartzen ninduten kanpo-presioek eredu hori neureganatu nahi izatera bultzatu ninduten, bai fisikoki, bai psikikoki, horrek ekarri zizkidan ondorio guztiekin: moderazioa, segurtasun eza, nire gorputzarekiko ezadostasuna etab. Orain, dena eraikuntza soziala dela dakidala, generoak “maskulino”-ari eta “femenino”-ari soilik erreferentzia egiten diola pentsatzeak, generoaren definizioa bera mugatzen duela uste dut. Izan ere, hauek dira generoaren espresio normatiboenak eta hauetara mugatzen badugu generoaren definizioa, normatik kanpo daudenak ikusezin mantentzen jarraituko ditugu normak duen ahalmena indartuz.

Genero identitateak anitzak eta dinamikoak dira eta hauetako bakoitzarentzako izenik ez egoteak ez du esan nahi betidanik existitu izan ez direnik.

Hau denarekin, eta nire bizipen pertsonaletik abiatuz, esan nahi dut ez dudala uste gorputz okerrean jaio garenik ezta hauetan atxilotuak gaudenik. Atxilotzen gaituena gizarteak aldez aurretik egiten duen genero bereizketa binomikoa da, emakume eta gizon kategoriak genitalen arabera eraikitzen dituena, alua edo zakila (besterik ez da onartzen) edukitzeak jarrera zehatz batzuetara murrizten gaituelarik.

 

Eva Perez-Pons
Eva Perez-Pons

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *