Pare!ren irakurketa Deustu eta Bilboko azken erasoen aurrean

Berriro ere batu behar izan gara hemen, erriberako sarreran. Berriro ere emakume bat bertan erasotua izan delako. Ez da bakarra izan: antzeko orduetan, beste neska bat erasotua izan zen Boluetan. Eta lehengo astean beste bat Deustun bertan. Askoz gehiago izan dira azken asteetan dela Durangoko jaietan, dela Errekalden… Feministoi beti haserre egotea leporatzen digute, biolentak garela esaten zuen Paul Abasolok Elcorreo eta Deiak eskaintzen zioten bozgoragailuetan… baina zelan ez gara haserre egongo? Astero dugu eraso sexista gehiagoren berri, egunero sentitzen gara modu desberdinetan erasotuak. Etxera bidean urduri goazela lizunkeriren bat esaten digun tipoa, bilera batean ahotsa altxatuz isilarazten gaituen matxito sasi-feminista, lagunekin dantzan gaudela ipurdia ukituz graziosoarena egin nahi duen eta brometan dagoela uste duen petardoa… zenbat eraso txikik ematen diote bide bortxaketa bati? Noiz bilakatzen da eraso bat jendartearentzako salagarri? Zenbat amorru, sumin eta umiliazio pairatu behar ditugu guk “larriegiak” ez direlako? Bai, beti gaude haserre, hainbeste erasoz ingurratuta, berezkoa dugun umorea agortu egiten zaigulako, amorrua delako geratzen zaiguna, eta egoera bortiz horren aurrean, autodefentsa geratzen zaigun bide bakarra delako.

Haserre gaude, gaur hona ekarri gaituzten erasoak saihestu zitezkeelako. Balore feministetan heziko bagintuzte, erasoen inguruko benetako lanketa bat egingo balitz, ez liratekeelako bortxaketen aurrekoak diren hamaika eraso onartuko. Eta ez ziren gehiagora joango. Baina badoaz, jendarte honetan erasotzaileak hezi eta babestu egiten direlako. Eta feministok, egunero erasotuak garen neskok, justifikatu behar dugulako gure burua.

Jendarteko zapalkuntza desberdinak elkar-harremanetan dauden heinean, are eta zapalduago, are eta aukera gehiago ditugu erasotuak izateko. Neska eta gaztea, emakumea eta txiroa… etxera bidean sentitzen bagara arriskuan, zeresanik ez iristeko etxerik ez dagoenean! Eraso sexista bat izan da Erriberan emandako hau, baina klase zapalkuntzak erraztu eta indartutakoa. Instituzioek bereizketa sozialak desagertzeko, edo gutxienez malgutzeko, ganorazko politikak balituzte, saihesgarria zen eraso bat. Zelan ez gara ba haserre egongo?

Bitartean, guk, Pare gazte talde feministak, erribera zein deustuko herritarrekin elkarlanean, erasoak salatzen jarraituko dugu. Baina instituzioak ez bezala, erasoak salatzetik haratago, bortxaketa zein mespretxurik gerta ez dadin lan politikoa egiten jarraituko dugu. Pedadogia politikoa egiten batzuetan, aurpegia estali eta jarrera bortitzean bestetan!

Erasorik ez, erantzunik gabe!

Gora borroka feminista!

PARE Deustuko gazte talde feminista
PARE Deustuko gazte talde feminista

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *