Papiroflexia
Lierni Munduate 2017-05-24

Gizarte langintzako karrera bukatu berria nuen, eta hantxe nengoen ni, paper txuri txiki bat bezala. Madrilgo kale, poligono, klub eta pisu bakoitza markatzen, esku artean nuen mapan.

Kartografia lanetan. Zure bila.

 

Toki berean egoten omen zara beti, edozein ordutan.

Ni ordea, hara eta hona nenbilen.

Urduri.

Dardarka somatzen nuen barrua.

Ez nekien nondik hasi. Zer eskaini. Zer esan.

Agian, ez zenuen nire ¨beharrik¨ edo , agian, ez zenuen nirekin hitz egin nahi.

 

Joder! Poligonora iritsi bezain laster harritu egin ninduen niretzat berria zen mundu hark.

Hotza, sua, takoi altuak eta barruko arropa sexia.

Irribarre egin zenidan.

 

Ordu erdi pasatxo aritu ginen hizketan. Informazio, istorio eta kafetxo artean.

Nahikoa izan zen ordea, polizia gerturatu eta zuri isuna jartzeko Mozal Legearen izenean. Zure kamiseta ez omen zen egokia, gehiegi erakusten omen zenuen eta istripuak eragiteko arriskua zegoen, antza.

¨Buenas noches, Manolo¨ esanez urrundu zen, gainera.

Barrua borborka nuen jada. Transfobia eta putafobiaren lekuko nintzen lehenengo aldiz, nola asimilatu ere ez nekiela.

Zuk ordea, lasai egoteko esan zenidan, gizartea beti saiatuko dela mugak marrazten, zirriborroak eta etiketak idazten gure bizkarretan.

¨¿Y a todo eso que has visto, qué forma le quieres dar?¨ galdetu zenidan.

 

Barrua tolestu zenidan lehenengo aldiz, Evelyn. Erdi erditik, gau hartan.

Eta ordudanik, elkarrekin gabiltza borroka berean.

 

Gogoratzen ginekologoarenera joan ginen lehenengo aldiaz? Zure eskubidea zela esan nizun. Aho txiki-txikiz, ordea.

Gizarteak alu bat bezala marrazten gaitu, Alexandra.

Zu batez ere.

Min ematen dit, baina hala da. Ginekologoarenera joateko ez duzu inoiz arazorik izaten. Belarriko mina edo bizkarreko mina badaukazu ordea, beste kontu bat da. Ez gara eskubideez ari beraz, prebentzioa besterik ez da. Gizartea sexu bidezko gaixotasunez babesteko, antza.

 

Eta bai, badakit galdera asko egiten dizkizutela kontsultan. Niri baino askoz gehiago, Princess.

Nigeriatik nola etorri zaren, erlazioak, eragindako abortuak…

Baina gero, ez gara ezezaguna zaizun herrialde batean, hizkuntza eta kultura ezberdin batean,  kamilla batean etzan eta hankak bi burniren gainean jarri ondoren, makiltxo batzuk sartzeak, zuretzat suposatzen duen bortxaketaz jabetzeko gai.

Eskutik heldu zenidan, estu eta gogor. Dardarka. Oihuka. Eta orduantxe konturatu nintzen nire egunerokotasunaren inertziaz. Zenbat gauza egiten ditudan ¨horrela direlako¨, zergatia galdetu beharrean.

Eta beste behin, barrua tolestu zenidan, Sister. Mila zatitan.

 

Paper txiki txuri bat nintzen ezagutu zintudanean.

Eta hantxe zeunden zu, errealitatea esku artean zenuela.

Papiroflexia lanetan, nire bila.

 

Gizarteak beti margotuko dizkigu mugak. Idatziko dizkigu estigmak. Zirriborroak.

 

Paper txiki txuri bat nintzen.

Eta zuek, poligonoetan zehar, izkinaz izkina,

gaur dudan forma eman zenidaten.

Papiroflexia jokoan.

Ertzetik ertzera. Mila aldiz tolestuz.

Eroso ez, baliteke.

Baina aske bihurtu arte.

Indartsu

More.

Lierni Munduate
Lierni Munduate

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *