Ondo kamuflaturiko sexismo ustela

Poliki bada ere, gauzak aldatzen ari dira“. Duela aste batzuk 16 urteko gazte talde batekin izandako hizketaldian neska batek esandako esaldia da. Azken asteotan burutik kendu ezinda nabil. Ezer baino lehen, aitortu beharra daukat zenbait beldur eta aurreiritzirekin joan nintzela solasaldira: “Interesatuko al zaie?”, “parte hartuko al dute?”, etab. Baina hara nire sorpresa, nerabezaroan murgilduta dauden gazteen feminismoaren inguruko gogoetak entzutean. Baina tira, ez da hori gaur plazaratu nahi nuen gaia, hasieran adierazitako esaldia baizik. Egia da gizartea dinamikoa dela eta ez dagoela duela hamarkada batzuk zegoen egoeran. Baina, gauzak horrenbeste aldatu al dira?

Luze pentsatu dut neska hark esandakoaren inguruan. Kalterik egiten ez duten zazpi hitz badirudite ere, diskurtso arriskutsu baten bezpera diren sentsazioa daukat. Hegemoniko bilakatzen diharduen, edo dagoeneko bilakatu den, diskurtsoarena, hain zuzen ere. Telebista piztea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Prime time deritzoten tartean milioika pertsonen atentzioa bereganatzen duten saioez ari naiz, modernitatearen “ikur” direnez. Eguneko guztiaz deskonektatu eta esfortzu intelektualik gabeko entretenimendua eskaintzen digute. Baina, funtsik gabeko eduki gisa saltzen diguten horren atzean, bada programa politiko potente bat; bada milioika pertsonengan izugarri eragiten duen mezua, ideologia. Umoreaz baliaturik, heteropatriarkatuaren mandamendu ozpinduenak erreproduzitzen dituzte: maitasun erromantikoaren idealizazioa, emakumeen rol eta estereotipo jakinen erreprodukzioa, emakumeen kosifikazioa, umore sexista, etab.

Zoritxarrez, ez da lan erraza sexismo horren identifikazioarena. Hein handi batean, neska hark esandakoarekin ados nagoela onartu beharra daukat. Gauzak aldatzen ari dira, bai, baina ez edukian, forman baizik. Mezuak aurkezteko moldea aldatu da eta, bertigoa eragiten duen erosotasunarekin, gaur egungo gizartean finkatzea erdietsi du. Hala, duela hamarkada batzuetako diskurtsoa egungo testuinguru soziopolitikoetan txertatu da. Alde horretatik, matxismoa pertsonifikatzea lortu dute, momentu, leku eta pertsona jakin batzuen atzean soilik ezkutatzen dela sinetsaraziz. Beraz, ez ditzagun sistemaren baliabideak gutxietsi. Ez dezagun umorea erdeinatu, ez eta entretenimendua iragazki gabe kontsumitu ere. Ez dezagun uste telebista itzaltzea denik konponbidea, pantaila beltzaren atzean ezkutatzen den sistemaren makinariak ez baitu atsedenik hartzen.

Elena Egino
Elena Egino

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *