Odolusteagatik ordaindu behar. Zenbat?

Kanadan zerga guztiak kendu dizkiete tanpoiei eta konpresei, herri ekimenez sortutako lege baten bidez

Hego Euskal Herrian bizi garen emakumeok ia 2.000€ inguru xahutuko ditugu osotara, bizitzan zehar, hilekorako erositako higiene produktuetan. 33 urtez, gutxi gorabehera, hilabetero odolustuta, ia 400 hilekori egiten diegu aurre gure bizitzan. 8.000 bat tanpoi, hainbeste konpresa. Merkatura atera berri den menstruazio kopa erabiliz gero, zifrak txikituko dira, bai; odolusteagatik ordaintzen jarraitu behar, hala ere. Hori, higiene produktuei dagokienez. Emakume askok pilulak (analgesikoak, antisorgailuak, antiinflamatorioak….) behar dituzte hilekoaren minak jasan ahal izateko; osasun zerbitzu publikoaren barnean sartzen dira, hein batean: medikuaren errezeta beharrezkoa da halakoak erosteko, ez ditu, ordea, gastuak estaltzen: hilabete baterako pilula antisorgailuak 13€ren bueltan dabiltza. Ibuprofeno kaxa, 3,12€tik gora.

Esan bezala, erabilitako metodoaren arabera hilekoaren prezioa asko aldatzen da: epe motzean, konpresak dira merkeen; luzean, kopak. Produktuen markaren arabera ere ezberdintasuna nabarmena da. Supermerkatu arrunt batean, tanpoi kaxarik merkeenak 1,55€ balio ditu, 5,45€ garestienak. Konpresekin ere, antzera: 4€ baino gehiagoko aldea dago merkeenetik garestienera; gutxienez, 0,77€ ordaindu behar dira 20 konpresagatik. Eta menstruazio kopa batek 24,85€ balio du, farmazia gehienetan erosi daiteke dagoeneko; 10 urtero erosi behar da berria.

Odolusteagatik emakumeek ordaindu behar dugun dirutzagatik kezkatuta, Kanadan, konpresa eta tanpoiei BEZa kendu diete. Uztailaren 1ean indarrean sartu zen lege bati esker, aurrerantzean produktu horiei ez zaie zergarik ezarriko. Orain arte, %5eko BEZa ezartzen zitzaien halako produktuei, baina kanpaina independiente batek milaka sinadura lortu zituen horren aurka eta, alderdi guztien babesarekin, zerga guztiak kendu dizkiete. Produktu horiek emakumeen funtsezko behar bati erantzuten diotenez, ez lukete zergarik ordaindu behar, karga ekonomiko handia delako emakumeentzako, kanpainaren alde sinatu dutenen iritziz. Borrokan dabiltza Erresuma Batuan: change.org plataforman, 240.000 sinadura lortu dituzte jada, “Stop Taxing Periods” eskaeran. Bertan, %5eko BEZa ezartzen zaie tanpoi eta konpresei, 2000 urteaz geroztik. Ordura arte, %17,5.

Hego Euskal Herriari helduz, Espainiako legeari jarraiki, %10 da hilekorako higiene produktuei ezartzen zaien BEZa: “BEZ gutxitua” deritzona; ez ordea, “oso gutxitua”. Espainiako Gobernuak egindako erreforma fiskalaren ondorioz, produktu horiek funtsezkoak izateari utzi zioten legearen arabera, %4tik %21eko BEZa ordaintzera igaro ziren aurrena, “luxuzko produktu”-ei ezartzen zaiena; orain, %10 ezartzen zaie.

Emakumeek normaltasunez bizi ahal izateko behar-beharrezkoak diren produktuak dira, ez direnak plazerez/erako erosten. Premisa horretan oinarritzen dira hilekorako higiene produktuei zergak kentzearen alde daudenak. Logika argia da: produktu horiei prezioa igotzen dieten zergak ezarrita, emakumeentzako karga ekonomikoa areagotu besterik ez da egiten, eta emakume izateagatik soilik gastu bat gehiago sortzen da. Gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak areagotzen ditu horrek; beraz, berdintasunaren alde hartu daitekeen neurri bat emetasunak zuzenki karga ekonomikorik ez eragitea izan daiteke.

Badaude feministak hilekorako higiene produktuei zergak kentzearen kontra daudenak, ordea. Gizarte politika zergen bidez egitea neoliberalismoaren seinale baita, eta berdintasuna gastu sozialaren bitartez lortu behar dela iritzi dute. Ideia honen logika ere argia da: zerga politika bidez egin daitekeena azalekoa baino ez da, badirudi berdintasuna sustatu daitekeela horrela, baina emakumeek produktu horiengatik ordaintzen jarraitu behar dute eta diru-kutxa publikoek diru gutxiago jasotzen dute. Funtsean, politika feministak sustatzen diren irudia ematen da, baina horrek ez du bermatzen benetako aldaketa bultzatuko duten neurriak hartuko direnik, herritarrak itxurakeriaz konforme edukitzea lortzea baizik.

Gizateriaren erdiak hilero produzitzen duen jarioa izanik, patrikak ere (odol)hustu besterik ez egin beharrean, egon litezke alternatibak: odola errentagarri bihurtzeko ideiak pentsatzen hasi behar, artistikoki edo politikoki bada ere.

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *