“Marimutil, segi fregatzera, geratu zaitez etxean, senarra zaindu ezazu …” Urte batzuk atzera gizarte erabat matxista baten morroi ziren emakume kirolariak eta horrelako esaldi desatseginak behin eta berriro entzun behar izaten zituzten gustatzen zitzaien hura egiteagatik, kirola praktikatzeagatik, hain zuzen. Errealitate krudela, ankerra, tamalgarria finean. Emakumea eta kirolaria izatea salbuespena zen eta gaizki ikusia zegoen. Hala, bidea ireki zuten emakume haiek gogor borrokatu behar izan zuten haien eskubideen alde. Beti zailtasunekin, beti haizearen aurka, aldapa gora, baldintza txarretan, munduaren aurka.

Egungo errealitatea erabat desberdina da, nahiz eta oraindik parekidetasuna urrun egon. Aurrerapausoak eman dira eta jada normaltzat hartzen da emakumeak kirola egitea, zorionez. Gero eta emakume gehiagok praktikatzen dute kirola, izan maila profesionalean edo ez. Beno, agian profesional hitza erabiltzea urrunegi joatea da, izan ere, emakume askok kirola goi-mailan egiten duten arren, eta haien dedikazioa, sakrifizioa eta maila profesionala izanagatik, gutxi batzuek baino ez dute kirola egitetik bizitzeko aukera.

Aldaketa hori guztia gauzatu dadin pertsona askok egin du lan mardula, gizon zein emakume. Beraz, pertsona askok jarri du bere alea. Eta hor dago gakoa, helburu beraren pean nork bere ekarpena egitea, nork bere alea jartzea, denok norabide berean, batera,elkarrekin eta elkarlanean.

Aurrerapusoak bai baina nahikoak ote dira? Erantzuna argia da, ez. Arestian aipatu moduan parekidetasunetik urrun dago oraindik kirol mundua, eta, hortaz, egun arte eman diren adina pauso geratzen dira emateke.

Lan hori egiteko garaian nork bere erantzukizuna du. Alde batetik, komunikabideek zeresan handia dute. Ukaezina da egun komunikabideek gizartearengan duten eragina. Haiek igortzen dutenetik edaten dugu eta horren arabera eraikitzen ditugu – neurri handi batean – gure usteak eta pentsakerak. Beraz, ezinbestekoa da emakume kirolariek komunikabideetan presentzia izatea, gizartearen begietara ikusgarri izatea. Puntu horretara iritsita betiko arazoa, betiko aitzakia. Nola egin tartea emakume kirolariei saltzen ez badute? Erantzuna beste galdera batekin: Nola salduko dute lorpen handiren bat eskuratutakoan soilik agertzen badira? Nola lortuko dira ikusle datu handiak urtean partida bakarra eskaintzen bada? Ezinezkoa da.

Gauzak horrela, ezinbestekoa da benetako apostu bat egitea, apostu serio bat, ondo diseinaturiko estrategia bati jarraiki, eta helburua argi izanda. Noski, apostu hori ere, pixkanaka egin behar da, pausoz pauso, egun batetik bestera egoera guztiz iraultzea utopia da eta. Apostu hori epe luzera eginda eta epe horretan emakumeen presentzia bermatuta, seguru haiekiko interesa hazten joango dela, eta, neurri berean, baita, haien eragin maila eta errentagarritasuna ere. Eta bide batez, emakumeen profesionalizazioa ere erraztu egingo da. Azkenean, dena kate bat da; presentzia handiagoak jendearen interes handiagoa dakar; jendearen interes handiagoak errentagarritasuna dakar; errentagarritasunak profesionalizazioa dakar; eta profesionalizazioak emakumeen maila areagotzea dakar.

Halaber, puntu horretan beste gako garrantzitsu bat ere badago, izan ere, agertze hutsa ez baita nahikoa. Funtsezkoa da ematen den informazioa kalitatezkoa izatea. Betiko topikoetatik ihes egin eta emakumeen kirol lorpenetan, burututako lanean, haien ibilbidean eta pairatzen duten egoeran jarri behar da azpimarra, eta, ez, bestelako kontuetan. Hor kazetariok erantzukizun handia dugu eta garrantzitsua da idatzi aurretik zer eta nola kontatu nahi den pentsatzea. Modu horretan informatuta gainera, emakume erreferenteak sortzea ahalbidetuko da, eta hori ere ezinbestekoa da. Messi, Cristiano eta enparauak ditugun moduan neskek jakin dezatela, hor daudela Pinedo, Iturregi, Chourraut, Kortazar, Unda…. Garrantzitsua da neska gazteek non begiratua izateko ispilu bat edukitzea, haiek ere horretara irits daitezkeela jakiteko eta haien ametsak egi bihurtu daitezkeela ikusteko.

Baina ez dezagun pisu guztia komunikabideen gain jarri, ez du hala izan behar eta. Komunikabideez aparte, gizarteak berak ere aldatu behar du eta klubek eta erandundeek ere sentsibilizazio eta ardura handiagoa erakutsi beharko lukete. Gizarteari dagokionean emakume kirolarien jarduna errespetatu eta baloratu egin behar da. Horretarako, mundu hori ezagutu egin behar da eta haiek egiten duten lana – partidak eta lehiaketak – ikusi egin behar da. Ez du balio inongo ezagutzarik eduki gabe mailarik ez dutela esateak. Maila badute, eta, baita, ikuskizuna eman eta jendea erakartzeko gaitasuna ere. Hori bai, gauza bat argi eduki behar da: gizonak eta emakumeak ez dira berdinak, haien ezaugarriak desberdinak dira. Beraz, batzuek eta besteek egiten dutena ezin da konparatu, eta hori izaten da egiten den akats nagusia. Bata ez da bestea baino hobeagoa edo txarragoa, besterik gabe desberdina da.

Nik neuk ere aitortu behar dut duela gutxira arte gizartean orokortua zegoen zurrinbiloan barneratuta erabateko ezjakintasuna nuela emakume kirolariengan. Bat- batean ordea, lan kontuengatik emakumezkoen bi partiden emankizunak egitea egokitu zitzaidan. Belar hockey-ko neskek Txapeldunen Liga jokatu zuten 2012an Donostian eta esatari lanak egin nituen dema haietan. Partida haiek begiak irekitzeko eta ordura arte neraman benda kentzeko balio izan zidaten. Jabetu nintzen, emakume haiek goi-mailako kirolariak zirela, sekulako maila zutela eta ikuskizun handia eskaintzen zutela. Gozatu egin nuen partida haien kontaketa egiten, inflexioa puntu bat izan zen.

Garai hartan hasi nintzen emakume kirolarien jarduna aztertzen – gainetik – eta konturatu nintzen haien lana eta lorpenak ez zetozela bat hedabideetan zuten presentziarekin, ezta inondik ere. Hala, emakume kirolarien gaineko saio bat egiteko ideia otu zitzaidan. Ideia edo proiektu hura kaxa batean gordeta egon zen bi urtez baina, azkenean, iragan urtean, ideia errealitate bihurtzea lortu nuen. 2014ko urrian abian jarri nuen Kirol Leihoa saioa Infozazpi irratian, oso-osorik Euskal Herriko emakume kirolariei eskainia. Xedea argia: emakume kirolariei hedabideetan merezi duten lekua eskaintzea eta haien lana itzaletik argitara ateratzea. Neurri berean, emakumeei ahotsa ematea ere bada beste helburuetako bat. Saioan ohiko kirolez aparte oihartzun edo sona gutxiagoko kiroletan diharduten kirolariei ere egiten diegu tartea, ahalik eta esparrurik gehienak jorratzen saiatzen gara, nahiz eta denetara iristea ezinezkoa den.

Beharrezkoak al dira horrelako ekimenak? Zalantzarik gabe bai. Ainhoa Azurmendik – psikologo eta kirol aholkularia – esan ohi duen bezala diskriminazio positiboko ekintzak dira, berdintasuna lortzea helburu dutenak. Berdintasun egoera batean ez litzateke horrelakorik beharko baina bitartean bide hori josten jarraitzeko beharrezkoak dira.

Bestalde, Gaur8 astekarian ere gai beraren gaineko kolaborazioak egin ditut azken hilabeteetan. Horixe izan da nik jarri dudan alea. Ale emankorra itxura batean, izan ere, iragan larunbatean Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan Epamahaiaren Sari Berezia jaso nuen Gaur8n argitaraturiko artikulu, erreportaje eta elkarrizketengatik. Beraz, lanak fruituak eman ditu, eta, batez ere, erakusten du norabide egokian ari garela lanean. Bidenabar, zentzu horretan eragiten jarraitzeko indarra eta kemena ematen ditu.

Alez ale aurrerapausoak ematen jarraitzea da helburua. Nork ahal duen eremutik eta ahal duen neurrian bere ekarpena eginez. Zentzu horretan gauza asko egin daitezke: hala nola, emakumeen kirola baloratzea, errespetatzea, ikustera joatea eta hedabideetan haien alde egiten den lana babestea, jarraitzea eta beronen zabalkundean laguntzea. Beraz, hemendik aurrera zuen alea jartzeko, besteak beste, entzun Kirol Leihoa – irailean itzuliko da – eta irakurri Gaur8.

Mikel Ibargoien
Mikel Ibargoien

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *