Neurriak
Maider Galardi 2017-12-02

Estu hartzen zaituzten neurriak. 90-60-90ak bezain enkorsetatutak, arnasik gabe uztekoak, gorpuzkera ere moldatzen dizutenak. 365-40-737, edo izan zitezkeen beste batzuk: 113-6-13. Lokartzean ezinegona sortzen dizutenak, eta urteen poderioz ia zure bihurtu dituzun neurriak. Eta, horrela, ustekabean, 90-60-90 bezainbat barneratu dituzu. Ama bat espetxean, sei hilabete gehiago isolamenduan, 700 kilometrotik gora bisitan joatean. Gaur ere bai. Gaur ere, berriro. Ohartu zara kortsea gorputzari pega-pega eginda duzula, bigarren azal bat sortu zaizula, eta ohartu zara moldatu zaituztela kasik. Eta, are gehiago estutu zaituzte oraindik.

Izan zintezkeen Agurtzane, eta izan zintezkeen Ainhoa; Komunak garbitzeko lan behartu eta matxistari uko egiteagatik Granadako espetxean 6 hilabetez isolamenduan. Izan zintezke Izar eta Sara; Alcobendasen, etxetik 500 kilometrora indarkeria matxista jasan ostean ezin etxera itzuli. Izan zintezke Itziar, Parisen emakumezko presoen eskubideen alde borroka egiteagatik zigortuta. Izan zintezke Xua eta Olatz Picassenten. Edo izan zintezke motxiladun ume bat amari eta aitari bisitan joateko asteburu honetan ere zakua soinean. Arnasik gabe uzten zaituen estualdia.

Itoko zaitu kortseak, eta nabari duzu lehertuko zarela segituan. Igarri duzu are txikiago egin nahi zaituztela, haien neurrira moldatu nahi zaituztela. Gogoan duzu haurrak hiru urte bete zituenean harengandik bereizi zintuztela. Josketa tailerrera behartu zintuztenekoa; gizon funtzionarioak soilik ikuskatzen zintuztelako ziegatik ateratzeari uko egin zenion aldi hura. Estualdi bat gehiago.

Gogoan duzu, gainera, bigarren azal hark sortu zizun azkura, eta kortsea zure egin zenuenekoa. Kideekin izandako konplizaitateak, goxotasun uneak. Elkarrekin egindako borrokaldiak, funtzionarioa ataka handi batean jarri zenuen aldi hura; kortsea arrakalak irekitzeko erabilitako unea, edo berau askatzeko korapiloa deslotzen hasi zinenekoa. Leherketa.

Eta orduan, ohartu zara neurri horien tamainaz. Astebete joan da azaroaren 25etik, eta gaur zortzi izango gara Parisen, baina nabari duzu espetxe sistemaren biolentzia heteropatriarkala. Azkura. Konturatu zara 90-60-90 horiek bezainbeste estutzen dutela ziegek, eta neurri horiek badutela izena, eta badutela izana. Joan den asteko manifan sutsuki salatutako biolentzia guztiak jasaten dituztela 40 andre euskal herritarrek 365 egunez. Badirela 113 haur indarkeria hori jasaten dutenak. Sei hilabete baino gehiago daramatela bi emakumek isolamenduan espetxeko agindu matxistei jaramon ez egiteagatik, ahaldun izateagatik, arrakalak irekitzeagatik. 13 direla kartzelan kiderik gabe dauden andreak; bakarrik eta urrunduta.

Ito zaitzake estualdiak, arnasik gabe gera zaitezke, edo arazoaren tamainaz jabetu zaitezke. Aspaldi da feministok ezagutzen dugula kortsearen balio subertsiboa. Eta beste behin, datorren larunbatean jantziko dugu soinean Parisen. Zuengatik ere bagoaz eta.

Maider Galardi
Maider Galardi

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *