Najat el Hachmi: “Idazketa arma boteretsua dela konturatu naiz, topatu dudan modurik eraginkorrena da jendearengana iristeko”
Uxue Razkin 2016-12-15

Salman Rushdiek zioen beldurra izanez gero, ez duzula libururik idatzi behar; izan ere, beldurrez idaztea okerragoa da ez idaztea baino. Najat El Hachmik ez dio beldurrik idazteari, are gehiago, horrekin jolasten da, ongi pasatzen du, asko gustatzen zaion ariketa da eta haren irudikoz, guztiok probatu beharko genukeen praktika da. Idaztea norbanakoa ulertzea, zalantzan jartzea, arakatzea, biluztea da-eta. Ez dago izurik, ez dago ikararik. Paper zuria eta zeu bakarrik. Eta zortea izaki, irrika handiko irakurleak izango dituzu hor, liburuaren beste aldean; eta berauek izango dira akaso, narrazioa behin irakurrita, paperean zailtasunez islatu izan den mezu hori helaraziko dutenak.

El Hachmi familiaz, amatasunaz, patriarkatuaz, migrazioaz, talka kulturalaz, ama-hizkuntzaz eta feminismoaz mintzo da. Gertu duen errealitatea paperean islatzen du, artifiziorik gabe, datorren moduan, beste batzuek hori uler dezaten, galde dezaten, zalantzan jar dezaten, kritika dezaten.

Najat El Hachmik idatzi bezala hitz egiten du.

Txalaparta argitaletxeak ‘El último patriarca’ euskaratu berri du –‘Azken patriarka’-. Zer aurkituko du irakurleak bertan?

Familia-istorio bat. Mimoun pertsonaia nagusia ulertzeko saiakera bat egin dut; ohiko patriarka bat da, ia topikoa; baina bera gainbehera doa, ez baitu berak ere patriarkatuaren egitura errespetatzen. Migrazioaren aspektuak dena hankaz gora jartzen du eta hainbat egoera planteatzen dira horren harira. Gainera, alabaren ahotsa agertzen da bere aitaren izateko modua ulertzen saiatuz. Mimounekin harremana duten pasarte batzuk agertzen dira nobelan zehar: haurtzaroa, nerabezaroa eta bere zeregina aita gisa.

Irakurketa ironikoa egin daiteke aitaren figuraz. Bitxia da min handia sortzen duen pertsonaia delako: autoritarioa, erasotzailea…

Erabilitako ironia nahita egindakoa da eta boterea duena zalantzan jartzeko aproposa da, botereari kontra egiteko, alegia. Kontatzen ditudan gertakizunak hain dira gogorrak -biolentziaren gehigarriarekin gainera- ezen modu dramatikoagoan kontatu izan banu, folletoia izango zatekeen. Distantzia eskaini zidan ironiak. Egoera gogorretan ironia baliatzea Maroko aldean ohikoa da, nire familian bizi izan dut hori. Zorigaiztoko konturen bat ari zaizkizu kontatzen eta umore apur batekin gainera. Horren adibide dugu Abdelkader Benali idazle holandarra (jaiotzez marokoarra).

Ironia erabiltzeko gai gara esperientzia hori dagoeneko gainditu dugunean.

Hori da. Jada trauma bat ez denean, forma ematen diozunean, orduan ironiaz mintza zaitezke. Kasu honetan, narrazioa leundu nahi izan dut. Ugariak dira familien barruan dauden biolentzia kasuak eta batzuetan, distantzia horrek aukera ematen dizu errealitate osoa ikusteko. Gainera, erreferente batzuk nituen. Adibidez, gustuko dudan eleberri bat: Émile Ajarren La vida ante sí; bertan, egoera latz bat deskribatzen da baina ironiaz lagunduta.

‘Azken patriarka’ eleberriak Llull saria jaso zuen eta euskarazko itzulpen hau kontuan hartuta, 10 hizkuntzatara itzuli dute guztira. Espero zenuen horrelako oihartzunik?

Ezta pentsatu ere! Batzuetan idaztearen falta nabaritzen dut baina irakurriko ote nauten jakin gabe, hain zuzen ere. Kataluniatik haratago iritsi zen liburu hau eta dezente larritu nintzen. Baina oso pozik nago liburuek beste pertsonekin konektatzera eramaten gaituztelako eta hori nobela honekin gertatu zitzaidan. Une horretan, konturatzen zara idazketa arma boteretsua dela, topatu dudan modurik eraginkorrena da jendearengana iristeko.

Zergatik hasi zinen idazten?

Dibertimendu gisa hasi nintzen, 12 urterekin. Mundu guztiari gomendatzen diodan jolasa da, konturatzen zarelako zeinen boteretsua den idaztea. Literaturaren bitartez, errealitatea irudika nezakeela konturatu nintzen eta horrekin, emoziora iristen nintzela, bihotzetara. Narratiba zuzenean doa intimitatera eta hori oso boteretsua da.

Akzioa dago zure liburuetan, baina gailentzen dena hausnarketa da.

La filla estrangera liburuak gogoetak zituen bereziki. Azken Patriarkan ekintza da nagusi. Nire lehenengo liburuan, Jo també soc catalana, ez dago fikziorik, testu autobiografikoa da eta honetan ere hausnarketa oso nabaria da. Saiatzen naiz nik bizi izan ditudan egoera horietan neure burua arakatzen. Gauza asko zalantzan jartzen dituzu eta oso baliagarria da hori guztia bideratzeko eta korapiloak askatzeko… hori idazketaren bitartez egiten dut nik, asko ikasten dut horrela. Azken patriarkarekin jabetu nintzen patriarkatuaren egituraz, adibidez. Matxismoa oso gertutik ezagutzen nuen baina ez nintzen jabetu larderiazko pertsonaia bat baino gehiago zela, hau da, egitura zabalago bat zegoela horren atzean. Enkistatuta dago matxismoa eta oso kaltegarria da pentsatzea gaindituta dagoela.

…edo bakarrik han gertatzen den zerbait dela pentsatzea.

Badakizu eleberria atera zenean hori askotan galdetu zidatela? “Hori zure kulturaren arazoa da”. Ez dago kontzientziarik. Genero indarkeriaren gaia esaterako, ni gaztea nintzenean, hori ez zen ateratzen. Guk bizilagun bat geneukan bere emaztea jotzen zuena. Baina hori ez zen existitzen, gezurrezko diskurtsoa nagusi zen. Gainera, emakumeak fantasia horrekin bizi izan gara. Feminismoan, transmisio arazo bat dago. Norbaitek izan beharko luke transmititzeko ardura hori, feminismoa ez baita bakarrik helarazten, ez da geneetan barna igortzen. Balio horien ardura handia guk dugu, gurasook. La filla estrangera eleberrian, adibidez, nola transmititzen dio hori amak alabari? Gure izanak gehiago irakasten du, hitzez esaten dugunak baino. Nire alabaren testuinguruak ez du zerikusirik nik bizitakoarekin, are gutxiago nire amarenarekin. Beraz, nola piztuko dut kontzientzia nire alabarengan, emakume gisa nondik datorren azalduz baina iraganaren zama bere gain utzi gabe?

Baina positiboa da bere amaren eta amonaren iragana ikustea.

Jakina. Eta horretan eror ez dadin, gainera. Batzuetan esaten da aurreko garaietara bueltatzen ari garela. Hori ez da egia, arazoa da transmititzeari utzi diogula. Espazio berean bi denbora-tarte desberdin daudela uste dut. Alde batetik, kultura feminista belaunaldi berriei nola helarazi galdetzen diozu zeure buruari; bestetik, aldiz, ohartzen zara oraindik norbanako batzuengandik zeure burua babestu behar duzula.

Zeintzuk dira mendebaldeko kulturako emakumeen erronka nagusiak?

Idazterakoan agerikoa denaz konturatzen zara. Batzuetan errazagoa da matxismoaren balioak hezurmamitzen dituen pertsona bati aurre egitea, gizartean zure espazioa baldintzatzen duten arau horiek deuseztatzea baino. Marokon ez da lortu eskubideen berdintasuna, arau murriztaileak existitzen direlako oraindik: esaterako, emakume batek oinordetzan jasotzen du gizonezko baten erdia. Aurrerapen hori hemen eskuratu da eta ez dut uste horrek atzera egingo duenik. Baina legeak lege, egunerokoa beste kontu bat da. Eta hemen badira inposatutako mugak, emakumeon hegoak mozten dituztenak. Eta oso zaila da horietaz jabetzea zeharo integraturik daudelako. Gorputza, adibidez. Telebistan zapping-a egiten dudanean, konturatzen naiz agertzen diren emakume guztiak, edo hobeto esanda, “agertzen ahal direnak”, gutxienekoak izateko prezioa ordaintzen dutela. Fátima Mernissi soziologo marokoarrak zioen mendebaldeko emakumearen burka 40 neurria zela. Ez al zaio inori arraroa iruditzen telebistan agertu ohi dena? Eta osasuntsu dagoen emakume bat agertzen denean, bera zalantzan jartzen hasten dira eta gutxietsi egiten dute. Espazio publikoan egoteko ordaindu behar duzun prezioa dela iruditzen zait.

Lan munduan oraindik desberdintasuna jasaten ari gara.

Emantzipazioa lortzeko bide bakarra ekonomikoa zela pentsatzen zuen feminista horietako bat izan naiz. Geroxeago ikusi nuen lan munduak ez zidala hori eskaintzen. Ezin daiteke onartu soldata-desberdintasun hori eta gainera, justifikatu desberdinkeria hori jazotzen dela emakumeek umeak dituztelako soilik… Hori legeak zigortu beharko luke. Berbaldi batzuek harritzen naute, onartzen dituztelako desberdintasunaren zuribide horiek. Amatasunaren adibidea jartzen dute. Laneko bajak parekatuko dituzte orain –aitarena eta amarena– eta entzuten dituzun diskurtso batzuek agerian uzten dute hori irtenbidea izango dela. Badirudi lana eskaintzen dutenek emakumeak diskriminatzen dituztela amatasun baja horrengatik eta hori arrazoi bakarra dela esaten dute, horren atzean afera ideologiko bat egongo ez balitz bezala… Emakumeei gutxiago ordaintzea ez da gertatzen lau hilabeteko baja hartzen dutelako, gutxiago balio dutela pentsatzen dutelako baizik. Harritzekoa da jendeak diskriminatzailearen diskurtsoa bere egitea afera honi aurre egiteko. Hemen amatasunak eragiten duen gatazka handiaz hausnarketa egiteko bide luzea dugu oraindik.

Zer eragiten du kontu horrek gizartean?

Irtenbide errazik ez duen ondoeza eragiten ari da. Ez dut uste bi rolak berdintzea eta biak berdinak direla esatea irtenbidea denik. Figura garrantzitsuak dira biak, zalantzarik gabe. Baina badago zerbait amatasunean subertsiboa dena. Bizi izan naizen gizartean, emakumeen helburu bakarra amatasuna izan da eta hori izugarria da, horrek ikaragarrizko biolentzia sortzen duelako. Aztertu beharko genuke zer ekar diezaiokeen gizarteari amatasunak, nola alda dezakeen jarduteko modua. Zaila da oso; izan ere, tranpa bihur daiteke berriro ere plano berean dauden diskurtso horietan murgildurik gaudelako. Amatasuna emakumeen funtzio bakar gisa hartzen duten diskurtso matxistak dira horiek.

‘La filla estrangera’ liburuan arreta ematen duten bi kontu daude: batetik, ama hizkuntza, Amazig-a; bestetik, amarekin duen lotura estua, belaunaldi aldaketaren isla dena.

Teoria batek dio Amazig hizkuntza euskararekin zerikusia duela baina ez dute frogatu (barreak). Hizkuntzaren gaia liburuan jorratu nahi nuen, elementu funtzionala delako baina batez ere, emozionala delako. Hizkuntza bat barneratzen dugu, hura beste pertsonekin kontaktua mantentzen ahalbidetzen digunean. Horregatik da hain garrantzitsua ama hizkuntza; izan ere,pertsona horrekin izan dezakegu harremanik estuena.

Eta zuk gatazka bat planteatzen duzu.

Hori da. Bere alabak hizkuntza jasotzen du, maitasun hori…baina era berean, tradiziozko ohituretan errotutako balore patriarkal horiek, bere bizitza baldintzatzen dutenak, gainera. Orduan. Nola aldendu horretatik beste horri ere eutsiz? Ez dago modurik, ez hasieran bederen. Ezin duzu hori moztu gauzak galdu gabe. Niretzat izugarrizko garrantzia dauka hizkuntzak, lotzen gaituelako. Nire ingurukoekin ez dut Amaziga erabiltzen, katalanez hitz egiten dut seme-alabekin, adibidez. Baina nire amarekin hitz egiten dudanean, berriz bizitzen dut esperientzia paregabe hori eta horrek liluratzen nau, beste mundu batera eramaten zaituelako. Oso hizkuntza berezia da Amaziga, Marokon ofiziala da baina oso baldintza gogorretan, estandarizaturik ez dagoelako oraindik. Gainera, aldaera oso desberdinak ditu hizkuntzak eta batzuetan, gure artean ere, ez dugu elkar ulertzen. Ahoz aho transmititzen den horietako bat da, nahiko berezia. Horregatik, emozioari dagokionez, hizkuntza boteretsu bilakatzen da baina oso hauskor era berean.

Katalana izan zen eskuragarri izan nuen lehen hizkuntza idatzia. Umeak izan baino lehen nik oso argi neukan: amazigeraz egingo diet, gorde dezaten, eta nire jatorriari nion maitasun horregatik ere. Baina praktikan, arraroa egiten zitzaidan, hori erabiltzera behartuta egongo banintz bezala. Hortaz, ezin izan nuen. Vic-era joan nintzenean, Marokoko jendearekin nengoen eta une horretan erabiltzen ahal nuen baina ondoren Bartzelonara joan nintzen eta han jada ez zen entzuten.

Egokitzapen soziokulturala da zure liburuetan jorratzen duzun beste gaietako bat. Nolakoa izan zen zurea?

Erraza izan zen. Giro nahiko atsegina zegoen garai batean etorri ginen, 80ko hamarkadan. Orduan ez zegoen ezagutzarik batere, auzoa inoiz zapaldu zuten exotikoenak ginen eta hasieratik oso ongi hartu gintuzten. Auzoko eskola txiki batera joateko zortea izan genuen eta horrek aukera eman zigun irakasle eta ikaskideekin berehala harremana errotzen hasteko. Gerora ohartu nintzen nik hasiera batean pentsatu nuena baino handiagoa izan zela aldaketa. Iristen zarenean, adin horrekin (8 urte), dena duzu gustuko, eta ez zara ohartzen egiten ari zaren prozesuaz. Baina orain gustatuko litzaidake gogora ekartzea Amaziga hitz egiteari utzi eta katalan hutsez egitera igaro nintzen momentua. Ez dut gogoratzen.

Ni lehen pertsona ezberdina nintzen. Gero eta kontzienteago zaren neurrian, kontraste handiagoa dagoela ikusten duzu. Nire kasuan, zalantza horiek idatziz bideratzen ditut; idazketak forma emateko bidea ematen dit, kontakizun bat sortzeko, eta horrela errealitatea pixka bat hobeto ulertzeko. Esperientziari zentzua ematen diogu kontakizunaren bidez.

Hala ere, egoera musulmanarekin zerikusia duen guztiari begira, oraingo egoerak ez du zerikusirik 80ko hamarkada amaierakoarekin. Baina hori ez da gurean soilik gertatu den zerbait, ezpada mundu osoan gertatzen ari den zerbait.

Eta zuk nola ikusten duzu garapen hori marokoar kulturan?

Itxura batean, alor askotan aurrera egin duela esango nuke. Legeen inguruan esaten genuena, familiako kodean aldaketa batzuk gertatu ziren eta horrek hobekuntza batzuk ekarri dizkie emakumeei. Baina herrialdea oso konplexua da; legeak aldatuta ere, betikoarekin jarrai daiteke, eskubide horiek urratzeko modu asko eta asko daudelako. Nik uste dut, orokorrean, bere legeek islatzen dutena baino aurreratuago dagoen gizarte bat dela. Kontraste izugarriak daude; ez dauka zerikusirik nekazal eremu batek edo hirigunean dagoen beste batek, praktikan, ordea, aldatu egiten da. Adibidez, ezkontzaz kanpoko harremanak legez ez daude onartuta, baina bikoteek ahal dutena egiten dute, eta beti egon behar dute ezkutuan. Lehenago edo beranduago aldatu beharko da hori, egunerokoa asko baldintzatzen duelako. Emakumeari dagokionez ere aldaketa emango da, antzeman egiten da. Gauza asko zalantzan jartzen hasiak dira emakume asko; kontua da kontraeraso oso garrantzitsua gertatzen ari dela aldaketa hau geldiarazteko, erlijioaren bitartez alegia. Diskurtso erlijioso fundamentalista zenbait hedatzen ari dira. Hala ere, dagoeneko ematen ari den aldaketa baten erreakzioa dela uste dut. Erlijioa oso bitarteko indartsua baita. Zuk esaten badiozu emakume bati: “Ez egin hau; egiten baduzu, zure musulmandar identitatea zalantzan jarriko dut…”. Gainera, identitatearen eta erlijioaren arteko fusio bat eman da, lehen horren ohikoa ez zena. Horrez gain, ez da gutxietsi behar migrazioak izan dezakeen pisua, jatorrizko gizartean eduki dezakeen eragina. Dena den, ez dira leku hermetikoak ere, ni natorren tokitik, hainbat eta hainbat dira kanpoan daudenak… Beraien ohiturak aldatu egiten dira.

Adimena ireki egiten da.

Hori da. Beste modu batean bueltatzen gara. Nire familiako emakumeak entzuten ditut euren berbaldietan; eta hizketaldi horiek zeharo ezberdinak dira ni gazte nintzenean esaten zituzten gauzekin alderatuta. Haiek bizitzeko-ibilbide luzeagoa izan dutelako eta inguruan dituzten iruzurrez konturatu direlako izan daiteke. Asko interesatzen zait amengan ikusten ari den aldaketa hori, haiek izan zirelako igorle funtzio hori izan zutenak. Izan ere, ez zituzten euren buruak beste modu batera ikusten, hezkuntzak garrantzia handia zuelako. Baina funtzio hori bukatzen da noizbait, euren umeak jada heldu bilakatu direnean, eta une hartan erlaxatzen dira. Bitxia da agian ez baitizute diskurtso esplizitu edo aldarrikatzaileak egiten baina orain gauza batzuez pozten dira, iraganean zalantzan jarriko zituztenak, zalantzarik gabe. Emakumearen emantzipazio ekonomikoari dagokionez, adibidez. Nik entzun izan diet: “Zuk behintzat lortu duzu zure lekua lan on batekin” -ez dakit zer ulertzen duten nire lanaz (barreak)-. Hori positiboa da beraientzat. Txikia nintzenean, irakatsi zidaten hedabideetan agertzea ez zela egokiena emakume batentzat. Baina orain, nire izebak, esaterako, Interneten begiratzen ditu niri buruz idazten dituzten albisteak. Nik uste dut zailena kontu hauetan, aitzindari izatea dela.

Belaunaldi berriak zure liburuetara gerturatzen dira. Azken finean, jatorria eta aldatzeko aukera bizikide diren mundu bat islatzen duzu.

Kontua da ulertzea zertan datzan jatorria. Nik prozesu hori nire kabuz egin behar izan nuen. Baina hau ikuspegi bat da soilik; eta ondo ibiltzeko, ugari egon behar dira.

Uxue Razkin
Uxue Razkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *