Mugimendua(n) gara
Udane Barinagarrementeria Laka 2018-11-28
Ilustrazioa: Conrad Roset

Irakurtzean azalean iltzatuta geratzen zaizkizun esaldi horietako bat zuekin konpartitzera natorkizue gaurkoan. “Garena eta izan nahi dugunaren arteko amildegian gara nor”. Geure buruak definitzeko eta identitateak eraikitzeko bideez aipu zoragarri hau irakurri nuen aspaldi Mari Luz Estebanen  Amaren heriotzak libreago egin ninduen liburuan.

Esaldiaren beraren edertasunagatik baino, momentuan nigan eragin zuenagatik iltzatu zitzaidala esango nuke. Nor izateko bilaketaren labirintoan, ni izateko barne-borrokan, horma batzuk apurtzeko erabilitako erabakien esentzia transmititzen didalako.

Kontraesanez betetako barne-borroka horretan behin baino gehiagotan egin izan dut topo horma berarekin. Neure buruaren definizioarekin, naizena izatearekin (tal como soy). Badago nire burua definitzeko eroso sentitzen naizen hitzen bat? Ezaugarrien zerrenda bat?

Zer nahi duzue esatea, lagunekin parrandan ordu luzez egon daiteken hori naiz, baina hiru egun etxetik atera gabe egoteko gogoa duena ere bai. Soziala naiz orduan, ala antisoziala? Mundua eta neure burua eraldatzeko indarrez sentitzen den hori naiz, bileretatik tailerretara eta tailerretatik manifestazioetara    determinazioz joaten dena. Baina munduak jan egiten nauenaren sentsazioz errenditzen dena ere banaiz. Abesti berarekin egun batean oihu eta bestean negar egiten duena. Alferkeriagatik entsalada bat prestatzeko gai ez dena, baina lau orduz sukaldean plater bat prestatzen kantari egon dena ere bai. Eta hor dago nire horma: nola sartzen da benetakotasuna izaeraren definizio estankoetan?

Hain zuzen, horigatik gustatzen zait aipu honek transmititzen didan esentzia. Mugimendua(n) naizela onartzen lagundu didalako. Bai, horiek guztiak naiz, eta banaiz, etengabeko mugimenduan nagoelako. Fisikoki eta emozionalki. Hormonen dantzak gorpuzten nauelako. Eta dantza horretan dagoelako, nonbait egotekotan, nire benetakotasuna. Ez izan ginenean, ez izan nahi dugunean, bien bitarteko amildegian baizik.

Etengabe jotzen nuen horma hori apurtzeko balio izan dit ikuspegi ziklikoa barneratzeak. Irakurriz, ikertuz, gorpuztuz, ohartu naiz nire gorputza modu linealean eta produktiboan irakurtzera behartzea nire (gure) benetakotasunari lekurik ez egitea litzatekeela. Hilerokodun gorputzak bazterretan kokatzen diren honetan, ikuspegi ziklikoa are bazterrerago kokatzen delako. Gure baitan ematen diren aldaketa fisiko, hormonal, emozionalek egiten gaituzte, baina zer dakigu haietaz? Zenbat leku egiten diegu gure egunerokotasun produktiboetan?

Gorputzak modu linealean irakurtzera behartzen gaituen sistema honetan, ni asko garela eta horiek guztiek osatzen nautela onartzeko. Eroso sentituko naizen definizio horren baldintza estatikoa ez izatean datzalako. Eta zergatik ez, politikoa ere badelako. Autoezagutza jabekuntza delako. Gorputzen ikuspegi ziklikoa, merkatuen logikei eta produktibitatera bideratutako bizitza ereduei erresistentzia delako.

Udane Barinagarrementeria Laka
Udane Barinagarrementeria Laka

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *