Joan den astean, Andoni Ortuzar EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak ondorengo esaldia bota zuen: “Edozein unetan flekilloa motozerrekin mozteari utziko diote batzuk, eta mototxa luzea jarriko dute”. EH Bilduren ustezko podemizazioaz ari zen Ortuzar. Zeharka politikagintzan aritzen diren emakumeen itxurari erreferentzia egin zion. Zeharka diot, ziur bainago EBBko presidenteak ez duela sekula egin politikan aritzen diren emakumeen estigmatizazio eta estereotipatzearen inguruko hausnarketarik. Ordea, zentro-zentroan jarri zuen berriz ere espazio publikoan aritzen diren andrazkoek bizi behar izaten duten epai fisiko eta sexualaren auzia. Erreakzioak noski, berehalakoak izan dira ezker subiranistaren aldetik. Maddalen Iriartek EAJk eta PPk egindako paktuaren aurrean alderdi nazionalistak duen ezinegonari egotzi zion Ortuzarren ateraldia.  Arnaldo Otegik, berriz, EBBko presidentearen buru soilari egin dio erreferentzia. Berriz ere, ihes egin digu betaurreko moreak jantzi eta ateraldi horren atzean dagoen sexu-genero sistemaren araberako estereotipazio guztiaren inguruko hausnarketa egiteko aukera.

Ez dakit ba ote dakien Ortuzar jaunak bagaudela ezker soberanistaren inguruan flekillorik ez dugun emakumeak. Zalantza daukat Maddalen Iriartek motozerrarekin flekilloa moztu ordez ile apaindegiarenera joaten ez ote den, eskailera-itxurako ile mozketa landu hori egitera. Kontua da, ordea, Ezker Abertzaleko emakumeen inguruko iruditeria oso bat dagoela eraikia. Nola ez, mass mediek behin eta berriz azpimarratu dute, eta eraikuntza sozial horren birsortzean eragin handia izan dute, gainera. “¿Tu no eres tan vasca?”, esan zuen nire lagun kolonbiar batek mundu osoan zabaldu den Ocho Apellidos Vascos filma ikusi ostean. Mutur luzeak, zatarrak, malaostia handikoak, maila estuak soinean eta begi beltzak ongi pintatuta. Motozerrarekin moztutako flekilloa ere bai, noski. Ez gara bakarrak, ordea. Orokorrean ezkerraldeko mugimenduetan aritzen diren emakumeen gainean egindako epaiketa sistemikoa izan da hori. Ezin haientzat “politak” izan; nola ba, gure jardunak berak ere eskuartetik ihes egiten badie.

Ez ote dira, politikagintza hegemonikoan (instituzionalean, esaterako) aritzen diren gizon-heldu-zuri horiek gure aldarrikapenen beldur, geure politika egiteko maneraren beldur eta geure ahalduntze kolektiboaren aurrean izu. Horren aurrean, geure gorputza hipersexualizatzea edo itsusitzea besterik ez zaie gelditu. Baina, noski, larria da parlamentura joan ordez Zibeleseko pasarelan zaudela sentitzea edo manifestazio batera joatean hedabideek zine festibal bateko alfonbra gorrian izango balira moduan kronika egitea.

Izan ere, emakumeok espazio publikoa hartzen hasi garenetik, eta sistema heteropatriarkal kapitalistaren erroak auzitan jarri ditugunetik, etengabeak izan dira inkisizioaren saiakerak. Epaituak, duela seiheun urte apaiz horiek egiten zuten antzera, sistemari aurre egiteagatik. Berdin dio ederrak, itsusiak, zabalak, argalak, txikiak edo altuak garen. Plaza erdian jartzen garen unetik jasan baitugu epaia. Hipersexualizatutako emakumeak ere ez dira gutxi. Ikusi besterik ez dago zer egin zuten hedabide espainolek Idoia Lopez Riañorekin. Edo bestela, begira Luis Zarraluqui UPNko parlamentariak duela egun batzuk Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileari esandakoa: “Solana anderea, biziki jatorra zara eta ongi pasatzen dut zurekin hizketan, are gehiago, esango nuke fisikoki ederra zarela. Hori ez da arazoa”.

Ez noski, Zarraluqui, arazoa ez da ederrak ala itsusiak garen. Arazoa dira zu eta zure antzerako gizon boteredunek botatzen dizkiguzuen begirada inkisidoreak. Arazoa da emakumeok eremu publikoa hartu dugunetik etengabeko jazarpena bizi dugula, geure gaitasunak albo batera uzten dituzuela eta itxura fisiko hutsagatik epaitzen gaituzuela. Arazoa da ezin dudala besape azpian ileekin parlamentuan besoa altxatu, edo gona motz batekin agerraldi batera joan hedabideek gutaz zer esango duten pentsatu gabe. Arazoa da zuen boterea geure gorputzaren barne-barneraino sartzen saiatu zaretela.  Ez dizkiguzue hankak dardararazi ordea.  Geu ere ahalduntzen ari gara, eta milaka gara plazandreak. Motozerrak dantzan ditugu.

Maider Galardi
Maider Galardi

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *