Moda
Sara Zendoia 2016-01-26

Ez naiz hipokrita izango. Moda gustatzen zaien horietakoa naiz, tendentziak jarraitzea eta nire estilo pertsonalarekin uztartzea denbora-pasatzat daukat- blogarien ahotan polito gelditzen den esaldi horri aipamena egin behar. Gustatzen zait ezpainak gaur gorriz, bihar arrosaz margotzea eta ispiluari begi-keinuren bat eta irribarre sexy delakoren bat egitea. Berriz diot, ez naiz hipokrita izango. Izango da femeninotasunaren delako molde estetikoa barneraturik daukadala, baina neuretzat dira ezpainetako barra, begi-keinu eta irribarreok. Neureak dira momentuok. Gustatzen zait ispiluarekin elkarrizketa mimiko hori izan ostean lagunekin parrandan irtetea, zoroen pare dantzatzea eta hiruzpalau trago luzeren ostean laguntasun konfesioak egin eta entzun edo ahoan piko mozkortiak ematea. Geureak dira momentuok.

Azkenaldi honetan nire moda kontzeptu honen kontran doan tendentzia demodé bat ari da gailentzen zoritxarrez, sare sozialetan nahiz kalean. Emakumeak nola jokatu –edo hobeto esanda ukatu– edota emakumeak jantzi -edo hobeto esanda hitzez erantzi– behar duten azaltzen duten ikus-entzunezkoak eta artikuluak. Nire moda kontzeptua ukatzen eta arropak hitzez eranzten dizkizutenak. Ironia bidelagun hartuta, neuretzat/geuretzat diren momentu horietan txertatu nahian dabiltzan tendentziak – edo hobeto esanda, dekadentziak. Jai daukazue, gora kopak eta gora modak!

Sara Zendoia
Sara Zendoia

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *