Matxismoa, hedabideak eta kirola: gizonak “indartsu”, emakumeak “senargabe”
klitto! 2016-08-25
eldiario.es atarian Marta Borrazek idatzitako artikuluaren itzulpena. Originala hemen.

 

Emakumeen egoera zibila, adina edo itxura. Hedabideek, sare sozialek eta blogek halako datuak azpimarratzen dituzte emakume kirolarien inguruan aritzen direnean. Bistan denez, zer ikusirik ez dute haien kirol errendimenduarekin, ezta gizonezko kirolariei buruz aritzean ematen dituzten datuekin ere.

Hori bera ondorioztatu du Cambridge University Press-ek egindako ikerketa batek. Bertan, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak aipatzerako orduan, emakume eta gizonei erreferentzia egiteko erabilitako 160 miloi hitz baino gehiago aztertu dituzte. Nahiz eta jokoetan parte hartzen duten kirolarien artean emakumeak %45 izan, gizonezkoei egindako erreferentziak hiru bider gehiago dira.

Gizonezkoek baino arreta gutxiago jasotzeaz gain, emakume kirolari hauen inguruan hitz egiterako orduan “heldutasuna”, “adina”, “haurdunaldia”, “ezkondua”, eta “ezkongabea” dira gehien errepikatzen dituzten hitzak. Gizonezkoen berri ematerako orduan, ordea, “azkarra”, “indartsua” eta “handia” bezalako ezaugarriak azpimarratzen dituzte.

Adibidez, Cory Cogdellek brontzezko domina lortu zuen tiroan, -Pekinen egin moduan-; ipar-ameriketako hedabideek haren berri eman zuten titularretan, baina azpimarratu zutena zera izan zen: Chicago Bears futbol amerikarreko jokalari batekin ezkondua dagoen emakumea dela. Lortutako garaipena ez zen arrazoi nahikoa izan, antza, haren izena titularretara eramateko.

Ikertzaile hauek webgunean jarri duten laburpenean diotenez, “gehiago eztabaidatuko dugu Heather Watsonen gonaren luzeraren gainean, 1908an tenisean lortutako urrezko dominaren gainean baino -lehen emakumea izan zen Erresuma Batuan halako bat irabazten-”. Kirol kontuetan emakumeei egiten zaizkien erreferentziak “modu desproportzionatuan ageri dira. Izan ere, enfasi gehiago jartzen zaio estetikari haien kirol gaitasunei baino”.

Horrez gain, ikerketak argi uzten du emakumeei hizkuntza “infantilagoa” eskaintzen zaiela. “Neska” hitzarekin deitzen diete askotan emakumezkoei, “Gizon” hitzarekin, berriz, gizonezkoei.  “Interesgarria litzateke Olinpiar Jokoetan ere halakorik gertatzen den ikertzea”, dio Sarah Grieves Cambridge University Presseko ikertzaileak.

Aditzak ere maiz aldatzen dira hedabideetan kirol probak aipatzen dituztenean. “Errendimenduaz ari direnean, badirudi gizonezkoek abantaila dutela lehian”, diote ikerketaren egileek. Emakumeek “lehiatu” egiten dute, “borrokatu”, eta “parte hartu”, gizonek, ordea, “irabazi” eta “menperatu”. Bestalde, gizonek praktikatzen dutena “kirola” da, besterik adierazi gabe. Futbolaren kasuan, emakumeena “emakumeen futbola” da, gizonezkoena, aldiz, “futbola” hutsean.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *